Erdarakada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Erdarakada euskaraz mintzatzean beste hizkuntza bateko esaldiak hitzez hitz itzultzean egiten den akatsa da. Euskarazko barbarismoa da erdarakada. Erdaraz jakin gabe ezin uler daitezkeen esaldiak dira erdarakada garbienak eta, sintaxiaren aldetik, erdarazko egiturak jarraitzen dituztenak garrantzi handiagokotzat jo ohi dira, hitz mailan geratzen direnak baino. Edozein hizkuntza jatorria izan daitekeen arren, euskarak gertuen dauzkan hizkuntzetatik datozenak ohikoenak dira: gaztelaniatik Hego Euskal Herrian eta frantsesetik, Ipar Euskal Herrian.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen gaztelaniatiko erdarakada batzuen adibideak:

  • Mikel le ha tomado el pelo a Ane.
    • *Mikelek ilea hartu dio Aneri (erdarakada).
    • Mikelek Aneri adarra jo dio / Mikelek Aneri ziria sartu dio (ongi).
  • Te echo en falta.
    • *Faltan botatzen zaitut (erdarakada).
    • Zure falta sumatzen dut / Zure falta nabari dut / Zure hutsunea nabaritzen dut / Zure mina dut (ongi).
  • ¿Está Jone por aquí?
    • *Dago Jone hemendik? (bi erdarakada).
    • Jone hemen (al) da? / Jone hemen (al) dago? (ongi).
  • En Bizkaia se dio un gran desarrollo industrial.
    • *Bizkaian garapen industrial handi bat eman zen (bi erdarakada).
    • Bizkaian garapen industrial handia izan zen / gertatu zen (ongi).

Frantsesetiko batzuk:

  • Je pense à toi.
    • *Zuri pentsatzen dut (erdarakada).
    • Zutaz pentsatzen dut / Zuregan pentsatzen dut / Gogoan zaitut / Gogoan zauzkat (ongi).
  • Le gouvernement te paye.
    • *Gobernuak pagatzen zaitu (erdarakada).
    • Gobernuak ordaintzen dizu / Gobernuak pagatzen dizu (ongi).
  • Nous sommes arrivés hier.
    • *Atzo arribatu gara (erdarakada).
    • Atzo arribatu ginen / Atzo iritsi ginen / Atzo heldu ginen / Atzo ailegatu ginen (ongi).
  • Un grand merci à tous.
    • *Milesker handi bat denei (erdarakada).
    • Esker mila den-denei / Eskerrik asko guzti-guztiei (ongi).
  • Tu aimes le vin ?
    • *Ardoa maite duzu? (erdarakada).
    • Ardoa gustatzen (al) zaizu? / Ardoa atsegin (al) duzu? / Ardoa atsegin (al) zaizu? / Ardoa laket duzu? (ongi).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]