Errodamendu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Errodamendua biraketan.

Errodamendua pieza baten ardatz batekiko biraketan sortuko litzatekeen marruskadura ekiditeko erabiltzen den elementu mekaniko bat da. Biraketan, errodamenduak dira ardatzaren bermapuntuak.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

 Sven Gustav Wingqvist ingeniari suediarrak asmatu zuen elementu birakor hori. Errodamendu zurrunak, arraboladunak eta orraztunak dira erabilienak. Jasaten dituzten indarren norabidearen arabera ere sailka daitezke errodamenduak (axialak edo erradialak).

Errodamendu erradialak esfortzu erradialak jasaten ditu, hau da, ardatzaren norabidearekiko normalak diren esfortzuak. Errodamendu erradialak gurpil ardatzetan erabiltzen dira. Errodamendu axialek, berriz, esfortzua ardatzaren norabidean jasaten dute; ate edo leiho bisagretan erabiltzen dira, adibidez. Azkenik, bi esfortzuak jasateko gaitasuna duten errodamenduei axial-erradial deritze.

Elementu mekaniko hauen fabrikazioa konplexua da, bolen esferikotasuna lortzeko zailtasunagatik. Errodamenduen fabrikatzaile garrantzitsuenek materialari tratamendu urratzaile bat egiten diote huts kamera batean. Grabitatearen efektu kaltegarriagatik izango ez balitz, produktuaren kalitatea oso ona lortuko litzateke.

Errodamendu motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errodamendu mota desberdinak.

 Errodamendu mota bakoitzak ezaugarri desberdinak erakusten ditu diseinuaren eta egokitzen den aplikazioaren arabera. Adibidez, boladun errodamendu zurrunek esfortzu erradial handiak eta axial txikiak jasan ditzakete. Errodamendu horiek marruskadura txikia dute eta horien fabrikazio prozesua oso zehatza da. Horregatik, asko erabiltzen dira tamaina txikiko eta ertaineko motor elektrikoetan.

Arraboladun errodamendu zilindrikoek karga erradial handiak jasan ditzakete; gainera, oszilakorrak direnez, gai dira bi errodamenduren artean kokatuta dagoen ardatz baten makurdura jasateko. Errodamendu mota hauek asko erabiltzen dira karga eta deformazio handiko aplikazioetan, aurretik komentatuko propietateengatik. Makina handietan, adibidez, errodamenduen bermapuntuen artean desalineazioak gertatzen dira.

Boladun errodamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boladun errodamendu zurrunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boladun errodamendu zurruna

Errodamendu mota horiek aplikazio askotarako erabiltzen dira abantaila ugari dituztelako: modu sinplean diseinatu daitezke, abiadura altuetan edo oso altuetan lan egiteko gai dira, egoera onean lan egiteko mantenu gutxi behar dute eta beraien prezioa baxua da. Errodamendu mota horiek karga erradial handiak eta axial txikiak jasateko gai dira.

Kontaktu angeluarreko bola-lerroko errodamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontaktu angeluarreko bola-lerroko errodamenduetan, bolen kontaktu-puntua zeiharra da, errodamenduaren kanpo eta barne eraztunetan. Konfigurazio horren ondorioz, karga erradial eta axial handiak jasateko gai dira. Baina horretarako, muntaketan, bi errodamendu jarri behar dira kontrako norantzan.

Orraztun errodamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errodamendu horiek osatuta daude luzera handiko eta diametro txikiko (luzerarekin konparatuz) arrabolez. Sekzio txikia izan arren, karga handiak jasateko gai dira; gainera, egokiak dira leku erradial murriztua duten aplikazioetarako. Orraztun errodamenduak bizikleten pedaletan erabiltzen dira.

Arraboladun errodamendu konikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraboladun errodamendu konikoak karga erradial eta axial handiak jasateko gai dira, arrabolen eta errodadura ibilbidearen posizio zeiharrarengatik. Jasan beharreko karga axiala handia den kasuetan, angelu irekiagoa duten errodamenduak erabiltzen dira. Karga axial horiek jasateko, mota berdineko bi errodamendu muntatu behar dira kontrako posizioan, mugimendu axiala blokeatzeko. Gainera, arraboladun errodamendu konikoak desmuntagarriak dira; bakoitza bere aldetik muntatu daitezke, batetik, barne-eraztuna eta arrabolak, eta bestetik, kanpo-eraztunak.

Arraboladun errodamendu axial zilindrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraboladun errodamendu axial zilindrikoak

Karga axial handiak jasateko egokiak dira. Gainera, talken aurrean erresistentzia handia erakusten dute eta ahokaleku txikia behar dute. Norantza batean bakarrik jasan ditzakete karga axialak errodamendu horiek. Errodamendu horiek asko erabiltzen dira karga axialak handiak direnean eta boladun errodamendu axialen erabilpena murriztuta dagoenean.

Errotula arraboladun errodamendu axialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errotula arraboladun errodamendu axialak osatuta daude arrabola lerro batez, eraztun ez-mugikor batean bermatuta. Arrabolek forma esferikoko gainazal batean biratu egiten dute. Horren ondorioz, errodamenduek karga handiak jasateko gaitasuna daukate eta eskuz lerrokatu daitezke. Horretaz gain, errodamenduek abiadura handietan lan egin dezakete, nahiz eta karga handiak jasan behar dituzten. Beste errodamendu erradialekin alderatuta, karga erradialak jasan ditzakete.

Boladun errodamendu errotuladunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era horretako errodamenduak aske uzten du bermapuntuaren biraketa angeluarra; horretarako, errodamendua osatuta dago errodadura esferikodun gainazal batez eta bolez osatutako bi lerroz. Asko erabiltzen dira deslerrokatze handiak gertatzen diren kasuetan, dilatazio efektuarengatik, ardatzak jasaten duen makurdurarengatik edo eraikuntza motarengatik. Horren ondorioz, bi askatasun gradu askatzen dira.

Errodamendu mota horrek marruskadura txikiagoa dauka beste errodamenduekin alderatuta; horregatik, abiadura eta karga handiak jasaten ari direnean, gutxiago berotzen dira. Abiadura handietarako egokiak dira.

Arrabola zilindrikodun errodamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean arrabola zilindrikodun errodamenduek arrabola ilara bat edukitzen dute. Arrabola horiek gidatzen dituzte eraztunetako baten erlaitzek; beste eraztunak, berriz, erlaitza izan dezake edo ez. Erlaitzen antolaketa ezberdina dela-eta, arrabola zilindrikodun errodamendu ezberdinak aurki daitezke.

Errodamendu horiek boladunak baino zurrunagoak direla-eta, karga handiekin eta ardatz lodietan erabiltzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]