Euskaldun zahar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskaldun zaharra, euskaraz haurtzaroan familia transmisio bidez edota eskolan lehen hizkuntza bezala ikasi duen euskalduna da. Euskaraz gain, haurtzaroan beste hizkuntza batzuk ikasi eta mintzatu ditzazke. Euskaldun zaharra izatearen gakoa haurtzaroan ikasi izana da.

Gaur egun jada eta XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, ez da euskaldun zahar elebakar helduren kasurik ezagutzen, Hego Euskal Herrian euskaldunak euskaraz gain gutxienez gaztelaniaz eta Ipar Euskal Herrian frantses edo gaskoieraz ongi ala gaizki mintzatzeko gai baitira.

Badaude, eremu oso euskaldunetan haurtzaroan euskaraz ikasi eta urte batzuz hizkuntza horretan bakarrik mintzatzeko gai diren haur euskaldun elebakarrak, edota euskara hutsezko haurtzaindegietara joan diren haurrak, Galesen galesera lehen hizkuntza bezala ikasi eta haurtzaroko urte batzuz galeseraz bakarrik mintzatzen dakiten haur galestarren antzera, baina urte gutxiren barruan gutxienez bigarren hizkuntza bat ikasi eta mintzatzeko gai dira, bai eskolan irakasten dietelako, bai kalean nahiz hedabideetan entzuten dutelako.

Aldiz, haurtzarotik aurrera euskaraz ikasitako euskaldunek euskaldun berri izendapena jasotzen dute. Euskararen irakaspenaren indartzearekin batera erdaldun nahiz euskaldun berrien seme-alabak diren euskaldun zaharren fenomeno soziologikoa ere jazo da, iraganean hain ugari ziren guraso euskaldun zaharren seme-alaba erdaldunen fenomenoa jasotzen zen bezala, bai gurasoak euskaraz irakatsi ez zietelako, bai eskolan erdaraz bakarrik irakatsi zietelako.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]