Edukira joan

Eva-Enea etxea

Koordenatuak: 43°18′48″N 1°59′21″W / 43.3134°N 1.98903°W / 43.3134; -1.98903
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eva-Enea etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°18′48″N 1°59′21″W / 43.3134°N 1.98903°W / 43.3134; -1.98903
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXX. mendea -
Arkitektura
EstiloaArkitektura eklektikoa
Ondarea
EJren ondarea1714

Eva-Enea etxea edo Aldama-Enea jauregia Donostiako jauregia da.

2017ko apirilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Eraikinaren forma karratua dela esan daiteke, eta 20 bat metroko luzera dauka. Bolumen prismatikoa da, zeinetan nabarmena baita ipar-mendebaldeko ertzean dagoen dorrea, eraikinak hirian daukan presentzia azpimarratzen baitu.

Iparraldeko fatxadaren osaerari dagokionez, hiru horma-atal ditu; bi horma-atal estu ditu alboetan, eta beste bat erdialdean, zeinak baorik gehienak hartzen baititu. Beheko solairuan, sarrerako logia zirkulu erdiko bost arkuk osatzen dute; pilastrak daude arkuen artean eta zerrenda apaingarri bat daukate inguruan. Alboetan bi leiho hirukoitz ditu, serliana eran. Lehenengo solairuan, erdialdean, hiru leiho oso apaindu ditu, eta alboetan fabrikazko bi balkoi. Bigarren solairuan, erdialdean, arku-multzo bat dago; bost leiho bikoitzetan daude antolatuta arkuak; leihoek maine bat dute, eta pilastra erromatarren artean kokatuta daude. Ezkerrean, arku hirukoitz bat dago, eta eskuinaldean, berriz, bi bao, eta haien artean familiaren armarria. Dorrea ipar-mendebaldean dago, eta zirkulu erdiko hiru bao ditu, alde banatan bi pilastra dituztela, idulki jarrai batean, erlaitz irten dentikulatuaren gainean. Pinakuluak ditu dorreak erremate gisa, eta Salamancako Monterrey jauregikoa gogorarazten du. Idulkiak jarraipena dauka fatxadan, eta eten egiten da ezkerraldean; han ere pinakuluak daude erremate gisa.

Mendebaldeko fatxada iparraldeko fatxada nagusia baino irregularragoa da; izan ere, bolumen irtenak ditu; kaperarena, ezkerraldean, eta bigarren mailako eskailerarena, erdirago. Kaperaren kanpoaldeko bolumena poligonala da, eta gainaldean kareldun balkoi bat osatzen du. Balkoi horretara, fatxada nagusiko balkoietako moduko bao bat irekitzen da, eta bertan hiru leiho daude. Dorreak errematatzen du fatxada alde horretatik. Irtenda dagoen bolumenean, eskaileraren bolumenean, leiho hirukoitz bat dago, eta leihoaren gainean, azken solairuan, zirkulu erdiko bao bat dago, albo banatan pilastrak dituela. Bi pinakulu handik errematatzen dute bolumen hori. Bolumenaren alboetan, beheko solairuan, bi bao sinple daude; lehenengo solairuan, bao apainduak, eta bigarren solairuan, ezkerraldean, fatxada nagusiko arku-saila errepikatzen da, lau baorekin, eta, eskuinaldean, terraza txiki bat dago.

Hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak xumeagoak dira, eta ez daukate beste bien garrantzia. Hegoaldeko fatxadak leiho-bao erregularrak ditu, eta fatxada horietan nabarmentzekoak dira hego-mendebaldeko ertzeko terraza, eskailera nagusiaren bolumena beirateriaren zirkulu erdiko baoarekin eta hegoaldeko sarrera, aurretik balaustredun balkoipean zutabedun portxe txiki bat duela. Ekialdeko fatxada leiho-bao erregularrez osatuta dago; sinpleak dira behealdekoak, eta apainduak lehenengo solairukoak; eta bigarren solairuan, berriz, goialdea apainduta daukaten lau leiho bikoitz daude.

Eraikinak terraza bat dauka iparraldeko fatxadan. Iparraldeko atari edo logiatik hall nagusira sartzen da, eta, hortik, beheko solairuko eta lehenengo solairuko geletarako sarbidea dago. Eskailera nagusiak lotzen ditu bi solairu horiek. Bigarren solairua, hasiera batean, etxe-zerbitzurako zen. Solairu guztiak daude komunikatuta mendebaldean kokatutako zerbitzuko eskaileraren bidez.

Eraikinaren egiturari dagokionez, karga-horma perimetral bat dauka, harlanduz egina, eta horren paraleloan, antzeko beste bat dauka barrualdean, eta horma horiek dira solairuen euskarri. Lehenengo solairuko galeria eta bigarreneko korridorea, berriz, halleko zutabeen eta haien uztai-habeen gainean bermatzen dira.

Kontserbatu diren espaziorik baliotsuenak dira hall nagusia, eskailera nagusia, sarrerako ataria, hegoaldeko sarbidea, kapera, ipar-ekialdeko gela eta beheko solairuko bainugela.

Sarrerako atarian zokalo zeramikoa dago, andaluziar erako azulejuekin. Azulejuek lore-motiboak eta motibo geometrikoak dauzkate elkarlotuta; urdinxkak dira batez ere, eta seguruenik Sevillako Mensaque fabrikakoak. Nabarmentzekoa da atarian zorua ere; baldosa prentsatu gorrizkoa eta olambrilla zurizkoa, zenbait motibo urdinekin. Atariko logiako leihoek beirateak dituzte. Hallera sartzeko atea bi orrikoa da; burdina forjatuzko barrote bertikalak ditu, balaustre estilizatu formarekin. Atondoko bi leihoak, eta iparraldeko fatxadako eskuinaldean dagoen leihoa, burdin sare batez babestuta daude, sareta karratu formakoa, diagonalean jarria, burdina forjatuz egina, eta goialdea erroleo eta floroiz apaindua.

Hall nagusia da etxearen gunea. Altuera bikoitza dauka, oktogonala da eta zortzi zutabe ditu solairuko. Hall nagusiko beheko solairuko zutabeak marmol artifizialez eginak daude, eta kapitelak estilo «korintoar» berezikoak dira, zeintzuetan boluten ordez giza-figura batzuk jarri baitira; banaketa-zapata bat daukate goialdean, modiloi bikoitzarekikoa, lautua, gaztelar erakoa, baina angelua taulamenduaren forma oktogonalera egokituta. Lehenengo solairuko balkoi korrituaren taulamendua erroleo begetal finez apainduta dago, giza irudi kasko errenazentistadunak tartekaturik daudela; zerrenda horren gainean balaustre zuriak daude jarriak, perimetro guztian. Balkoi korrituaren azpiko tauladuraren motiboak erroleo begetal finez apainduak, etab. errepikatu egiten dira lehenengo solairuko barrualdeko banaketa-perimetroan. Lehenengo solairuko zutabeen kapitelak koriontoarrak dira eta taulamendua haien gaineko modiloi batzuetan bermatzen da. Beheko solairuko galeria giza-irudi eta erroleoz apainduta dago. Ateak ageriko egurrezkoak dira beheko solairuan, arku karpanelekin errematatuak (ate nagusiak), eta zirkulu erdiko arkuekin bigarren mailakoak; moldurak eta erliebezko irudiak dauzkate. Lehenengo solairuan, ateburudunak dira ateak, eta zuriz pintatutako egurrez molduratuak. Halleko hormek zokalo zeramikoa daukate, eta barroko toledoarrean oinarritutako motiboak dituzte: zurtoin eta orrizko erroleoak, figura zoomorfoak eta gerrari eta guduen irudiak, kobalto-urdina nagusi dela, baina batzuetan kolore biziagoak dituztela. Lehenengo solairuko zokalo zeramikoak figura geometrikoak dauzka, kasetoidurako erliebeak, diamante puntak, etab. imitatuz. Beirate batek halleko sabai-leihoa estaltzen du. Garrantzitsuena da, haren tamaina eta aberastasun tematikoa aintzat hartuta. Egitura erlaitzaren ertz oktogonaletan bermatzen da. Beiratearen inguruan eskaiolazko dekorazio bat dago. Beirateak Rubensen lanetatik ateratako zenbait motibo mitologiko dauzka. Hallaren mendebaldean, beheko solairuan, tximinia bat dago, goialdean armarri bat daukala.

Beheko solairuan zein lehenengoan eskailera nagusira sartzeko baoak daude, eta haien alboetan mentsula bikoitz altuak, pilastra itxurako molduren gainean. Eskailera nagusia marmol zurizkoa da, eta motibo begetalez zizelkatutako balaustreak ditu. Eskailera nagusiko beiratea tranpalaren parean dago kokatuta, forma bertikala dauka eta zirkulu erdiko arkua dauka goialdean, eta alboetan, berriz, moldurak eta igeltsu-apaingarriak dauzka. Zaldun bat ageri da, XVII. mendeko janzkerarekin, eta forma xumedun marko edo zerrenda apaingarri bat dauka, tonu argi eta beroak dituena.

Eraikinak sarbide bat dauka hegoaldetik. Bertan, burdina forjatuzko saredun ate aberats bat dago, inspirazio errenazentistakoa; goialdean, arku karpanela dauka, panel bat duena (AA) inizialekin (bigarren jabeena), alboetan erroleoz apaindua. Hegoaldeko sarrerako ateko beirateak paisaia-motiboak eta beste era batzuetakoak dauzka. Azpimarratzekoa da sabaia, kasetoidura urre-kolorekoarekin apaindua, apaingarri askorekin, oktogono bat osatuz atondoaren erdian, beirazko lanpara oktogonalaren plafoiaren marko gisa. Hegoaldeko sarbideko hormak dira, seguruenik, dekoratuenak, moldura eta apaingarri begetal, geometriko eta arkitektonikoekin, eskaiolazkoak. Burdinazko ateak bi pilastra korintoar ditu alboetan, atearen altuera osoa hartzen dutenak, eta zezen irtengune eta erlaitz dentikulatuaren arteko friso aberats bati «eusten» diote. Alboetako hormak behe-erliebean egindako kasetoiz apainduta daude, eta bi horma-hobi ere badira, aurrez aurre jarriak eta frontoi batekin errematatuak.

Hego-ekialdeko gelan (langela zen jatorriz), nabarmentzekoa da hormetako igeltsu-lana.

Kapera jangela zen jatorriz, eta, bertan, nabarmentzekoak dira hormetako igeltsu-apaingarriak. Ukitu ponpeiarra dauka, eta ukitu hori ematen diote, batetik, espazioen arteko zutabeek (bata, oinplano karratukoa, eta, bestea, poligonala, exedra gisa hondoan), beren kapitel korintoar urre-koloreko eta guzti, eta, bestetik, hormen estaldurak, zeta-paper berde eta irudi erronbikodunak.

Lehengo bainugeletatik, beheko solairukoa ia oso-osorik mantentzen da; baina hori ere aldatu egin da hasieratik hona. Egungo dekorazioa 1931koa omen da, eta, dauden datuen arabera, seguruenik, Eduardo Lagarde arkitektoak diseinatutakoa da. Gaur egun, onize orri berde eta laranjaz jantzia dago, eta kupula bitxi bat dauka, dibisioz galloiak bailiran, lore-erliebez eta akabera metalikoz dekoratua. Leihoak «art déco» beiratea dauka, kolore grisaxkakoa, eta oso xumea eta atsegina da; loredun pitxer bat irudikatzen du, eta bat dator gainontzeko dekorazioarekin. Lehengo bainugela bateko beste beirate bat estalkira sartzeko atean kokatuta zegoen, eta loro bat irudikatzen du.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa