Fanzine
Fanzinea fan edo ideologia, azpikultura, gai, talde edo pertsona baten jarraitzaile eta zaletuek autoedizioz eta banaketa alternatibo batez argitaratzen diren argitalpenak, aldizkariak gehienetan, dira. 1940 urtean Estatu Batuetan sortu baziren ere, fanzineen loraldia 1960-1990 urte bitartean izan zen, zientzia fikzio, zinema, rock eta pop musika, kontrakultura, punk eta beste azpikulturen jarraitzaileen artean. Gehienetan, fanzineak fotokopia bidez eta tabernak, lagun artean nahiz kalean bertan banatzen ziren.
Fanzine hitzaren jatorria ingelesezko fan eta magazine hitzen elkarketatik dator. Itzulpen literalena "jarraitzaileentzako aldizkaria" litzateke. Zine bezala ere ager daitezke. 1940an honela izendatu zuen Russ Chauvenetek lehenengoz, beste aldizkari profesional batzuengandik bereizteko ahaleginetan (prozine-ak hauek) [1].
Labur azalduta, fanzineak argitalpen txikiak dira, merkatutik kanpo ekoiztutakoak eta hedapen ez oso zabalekoak. Bakarka zein talde lanean sortuak izan daitezke eta parte-hartzaileak ez dute zertan profesionalak izan behar. Askotan irakurle baino kolaboratzaile gehiago daude.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fanzineak, izenak berak azaltzen duenez, gai baten bueltan bildutako jarraitzaileei zuzendutako argitalpenak dira. Gehienetan jarraitzaileek eurek egina ere. Gai hauek ia-ia genero bihurtu dira honezkero. Hemen zenbait adibide: musika fanzineak, komikia lantzen dutenak, zientzia-fikzioa, literatura, politika, pornografia, artea eta abar luze bat. Haien arteko konbinaketak posible dira eta ia edozer landu da.
Egilearen baliabide, gaitasun tekniko eta gogoen araberakoa da emaitza. Egilearen erritmoaren araberakoa ere argitalpenaren periodikotasuna. Baliabideen kontua garrantzitsua da. Normalean ekimen hauek borondatez egiten direnez eta ez dutenez diru-sarrera bat ziurtatzen, ez dute larregi irauten.
Autoedizio kasu gehienetan bezala, produkzio, erreprodukzio eta banaketaren fase guztiak egilearen eskutan daude. Ez da bitartekaririk behar, ez dago argitaletxe edo editoreek aurrez ezarritako baldintzarik. Agian hau da gainontzeko argitalpen komertzialengandik bereizteko gakoa.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Askok fanzinearen prehistoria bezala ulertzen dituzte XIX. mendeko zenbait argitalpen: ideologia politikoen hedapenerako ateratakoak dira gehienbat.
Hala ere fanzinearen hastapena 60ko hamarkadan kokatu ohi da. Estatu Batuetan underground mugimenduak indarra hartu zuen garai hartan eta finkatuta zegoen oro zalantzan jarri zen. Robert Crumb komikigile estatubatuarra izan zen mugimenduaren bultzatzaile nagusienetariko bat. Testuinguru honetan, nola ez, ekoizpen bideak, zabaltzen zen informazio eta edukia kritikatzeko errazak ziren. Fanzineak behar bat asebete zuen nolabait, sistematik kanpo bizi nahiak eratutako hutsune bat. Edo margenetatik lan egin nahiak bestela.
Euskal Herrian 80ko hamarkada da azpimarragarria. Dena iraultzeko gogoa zegoen eta fanzinea amorru hori islatzeko oso euskarri aproposa zen. Honela, Punk mugimenduak fanzinea komunikazio bide bezala erabili zuen eta ekoizpen oparoa litzateke honen emaitza. Ingelesez DIY deritzona bihurtu zen oinarri: egizu zuk zeuk, beste inork ez du zugatik egingo eta.
Lehen eta gaur
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen, arrazoi ekonomikoengatik fotokopien teknika erabiltzen zen erreprodukziorako. Collageak eta orrien ertzak disimulatzeko aplikatutako Tipexa, zuri-beltz higatua, grapa bakarraz, atzamarrak belzten zituzten argitalpenak ziren fanzineak. Punkaren iruditegian eragin handia izan dute, estetikarekin bat egiten zutelako zeharo. Teknikoki bada gaur egun ere estetika horrekin jarraitzen duen nostalgikorik, fotokopia agian offsetak edo laserrak ordezkatu duen arren. Baina, egia da, formatu aldetik mugak zabaldu direla.
Mugen zabaltze horretan zaila da fanzinearen kartografia bat egitea; hau fanzinea da, hau ez esatea ia ezinezkoa. Aldagai asko sartzen dira jokoan. Bat, erreprodukzio baliabideen demokratizazio bat gertatu dela. Edonork inprimatu dezake koloretan. Fanzine deitutako asko aldizkari komertzialengatik bereizten zailak dira, adibidez.
Beste bat izan daiteke Interneta, papera ordezkatu duelako euskarri bezala. Ez du koste ekonomikorik suposatzen, ez produkzio fasean, ezta banaketan ere. Bi aldaketa nabarmendu daitezke hemen: lehena, lehen kolektiboan lan egiteko joera bazegoen, interneteko Web-zine edo ezine direlakotan bakarkakora joko dela. Bigarrena, kontsumo modua oso ezberdina dela. Egile-hartzaile harremana moldatu egiten da orduan, noski: euskarriarekin batera, kolorea, prozedurak, hiperestekak sartuta kanpo loturak ezartzeko aukera dago.
Euskal Herriko autoedizio festibalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Analogikoaren itzulerarekin badirudi paperezko fanzineak berreskuratzeko asmoa dagoela. Azken urteotan ekimen ugari antolatu dira autoedizioaren bueltan: jardunaldiak, azokak, tailerrak etab. Euskal Herriko adibide batzuk emate aldera, hemen zerrenda bat:
- Guillotina: Donostiako autoedizio topaketak.
- Mazoka: Gasteizko marrazki azoka. Marrazketa, animazioa eta ilustrazioarekin harremana duten ekintzen eskaintza zabala egiten dute: azoka, tailer, dinamika eta interbentzio, ikuskizun eta ekimen parte-hartzaileak, etab.
- Bala: Bilboko arte liburuen azoka. "Ohiko formatuetatik haratago, liburuaren inguruko esperimentazioan eta ikerketa artistikoan sakontzen duten edizio-moduak biltzen dituen azoka da."[2] Egitarau anitza antolatzen dute urtero: azoka bera, hitzaldiak, tailerrak, musika emanaldiak, ikuskizunak, etab.
- Pumpk: Iruñeko autoedizio festibala. " proiektu independientea eta autojestionatua da, Iruñeko eta unibertsoko editore txiki eta egileendako topagune bat sortzea du helburu."[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Seijas, Elena Matías. «Los Fanzines también son cultura | La Huella Digital» www.lahuelladigital.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-28).
- ↑ (Ingelesez) «BALA - Bilboko Arte Liburu Azoka» www.banizunizuke.com (Noiz kontsultatua: 2018-04-28).
- ↑ «PUMPK! autoedizio topaketaren aurkezpena | Katakrak» www.katakrak.net (Noiz kontsultatua: 2018-04-28).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (PDF) Caraballo, L. C. (2010). Historieta argentina: del fanzine al Weblog. II Congreso Iberoamericano de Investigación Artística y Proyectual y V Jornada de Investigación en Disciplinas Artísticas y Proyectuales (La Plata, 2010)-(e)n.
- Gómez, Priscila. "El fanzine: libertad para expresarnos". La Nación-(e)n 2016-05-23.
- Magan, Mom. Grapas dokumentala.