Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Gainbalio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Gainbalioa, teoria ekonomiko marxistaren arabera, langileek haien lan kostuaren gainetik lan eginda soberan ekoizten duten balio berria da. Ekonomia kapitalistan, kapitalistak beretzat hartzen du balio hori eta, modu horretan, kapitalaren metaketarako oinarria da.

Ikuspegi marxista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karl Marx.

Ideia hau Karl Marxek sortu zuen, bere lan ezagunean, "Das Kapital".

David Ricardo ekonomialariaren balioaren teoriatik abiatuta honako hau ondorioztatzen du Marxek: balioa lanetik dator baina langileen soldata lan horren kostu zehatza da eta ekoiztutakoa baino gutxiagoa. Ekoiztutako salgai eta soldataren arteko aldea gainbalioa da. Burgesiak eskuratzen duena eta langileek jasotzen ez duten gainbalioa. Aberastasunaren banaketa injusto honi esplotazioa deitu zion Marxek[1].

Marxek ez du eskaintzaren eta eskariaren legea ukatzen; arazoa da eskaintzaren eta eskariaren legeak espekulazioa baino ez duela azaltzen; ez ordea kapitalismo industriala, enpresaren mundua. Kapitalismo industrialean gertatzen den aberastea gainbalioak erakusten du. Marxek, bestalde, erabilera-balioa eta truke-balioa bereizten ditu. Erabilera-balioa kontsumoa da, zertarako erosten dudan merkantzia: bost euroko bolaluma idazteko, bost euroko zigarreta-paketea erretzeko. Ezin dut zigarretaz idatzi, ezta ere bolaluma pipatu. Aldiz, truke-balioa salneurria da, bost euro[2].

Kapitalismoan langilea salgai dago, zartaginaren pare, eta kapitalistak erosi egiten du, dagokion truke-balioaren arabera, hori bai, langilea ez baita esklaboa. Lan-indarraren truke-balioa kapitalistak langileari ordaintzen dion soldata da.

Marxek merkantziaren fetitxismoa deritzo uste izateari merkantziak berezko balioa duela. Ez ba. Merkantziaren balioa bertan mamituriko batez besteko lan-denbora sozialari dagokio. Gainbalioa denbora da, langileak gaiak nagusiarentzat pekoizten ematen du.

Ikusi egiten du Marxek lan-indarra besteak ez bezalako merkantzia dela, bakarra munduan, bere erabilera-balioa kontsumituz gero truke-balioa emendatzen baita: langilearen lan-indarra kontsumitzea langileari lan eginaraztea da, merkantziak ekoitzaraztea, balioa eta aberastasuna sorraraztea. Eta langileak aberastasun gehiago sortzen du kontsumitzen duena baino. Lan gehiago egiten du beste langileek egin behar dutena baino fabrikatzeko gure langileak bere lan-indarrari eutsi ahal izateko kontsumitu behar dituen merkantziak. Langileak balio gehiago sortzen du, diru gehiago, lan horren truke ordaintzen zaiona baino. Horrela aberasten da kapitalista, aldi berean mundua ondasunez hornituz[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]