Garestik Lizarrara (Donejakue bidea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erromesa

Donejakueren Frantses Bideko bosgarren etapa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etapa erraza, batez ere lurrezko bideetatik doalako. Mañerurako igoera labur baina indartsua besterik ez da aipatu behar, non 135 metro igotzen dira 1,1 km-an. Ibilbideko herri guztiek dituzte jatetxe eta aterpetxe zerbitzuak.[1]

Garestik Lizarrara: 21,6 km.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garesetik irtetzeko, Kale Nagusiaren amaieran dagoen zubi ospetsura iritsiko gara Arga ibaia azken aldiz gurutzatzeko. Ezkerretara egingo dugu, eta NA-1110 errepidearen ondoan, eskuineko lur-pista bateko kale bat hartuz, haran zabal baten barrenean aurrera egingo dugu, hiru km-ra igoera gogor bati ekiteko. A-12 autobiaren parera ailegatuko gara, ondoren Mañerura iristeko, jaitsiera apal batean.

Ziraukiko erromatar zubia eta galtzada.

4,8. Mañeru. Hilerriko kaletik atera, eta Ziraukirantz abiatuko gara mahastien arteko pistetatik.[2]

7,5. Zirauki. Irteeran, erromatar zubi txiki eta hondatu bat zeharkatzeko pribilegioa dugu, eta benetako galtzada erromatarreko zati batean ibiltzeko. Handik gutxira, A-12 autobia zeharkatuko dugu zubi batetik, mendi-hegalaren erdian aurrera egiteko, desnibel leunekin. Ondoren, autobia hainbat aldiz gurutzatuz, eta baita Salado ibaiaren Erdi Aroko zubi bate ere, lurrezko pistetatik Lorkara igoko gara.

13,2. Lorka. Lorka osoa zuzen zeharkatuko dugu, nekazaritzako pista erosoetan aurrera eginez, errepide nazionalaren eta autobiaren eskuinetik. Bilatortara iritsi baino lehentxeago, A-12 autobia azpitik gurutzatuko dugu.[3]

17,8. Bilatorta. Irantzu ibaiaren gaineko zubi erromanikoa zeharkatu, eta Jasokundearen elizaren ondotik pasatuko gara. Herritik ateratzean, lurrezko pista batetik jarraituko dugu. Ezkerretara desbideratze bat dago, elizaren parean, Jurramendiko saihesbidea deritzon antzinako bide bat hasten baita, Lizarratik pasa gabe, 1,8 km laburtuz. Bide ofizialetik jarraituz, San Migel ermitaren ondotik pasatuko gara, eta ondoren N-132 errepidearen azpitik eta Ega ibaia oinezkoentzako pasabide batetik. Horrela iristen gara Lizarrara, ibai ondotik, fabrika eta baratzen artean.[4]

21,6. Lizarra.

Lizarrako Nafarroako Erregeen jauregia, Nafarroako erromaniko zibilaren adibide bakarra.

Lizarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromesen Orientazio Zerbitzu bat dago erdialdean, bidearen oinean. Kulturari dagokionez, bere monumentu-ondare zabala nabarmendu behar da, “Iparraldeko Toledo” izenez ere ezaguna izanik. Monumentu ezagunenak honakoak dira: Puyko Andre Mariaren basilika, Lizarrako gaztelua, eta Nafarroako errege-erreginen jauregia.[5]

Aterpetxeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagunena udalarena den “Lizarrako erromesen aterpetxea” da, herriaren sarreran. Bertan 96 lagun sartzen dira bost logela partekatutan. San Migel Parrokiako aterpetxea ere estiman dago, eta 32 pertona hartzen ditu bi gela partekatutan. Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Rokamador kaputxinoen aterpetxea, ANFAS Fundazioaren aterpetxea, Larruginen hosteria aterpetxea, Onzineda gazten aterpetxea, Agora hotela, eta Alda Estella hotela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Done Jakue bidea. Bi ibilbide Euskadin zehar. Eusko Jaurlaritza ISBN 978-84-457-2423-1..
  2. (Gaztelaniaz) Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN 9788491580997..
  3. (Gaztelaniaz) Baz Uriarte, Edurne. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN 9788408194538..
  4. (Gaztelaniaz) Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN 9788418015571..
  5. (Gaztelaniaz) Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN 9788416918393..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]