Jurramendi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jurramendi
Montejurra-Jurramendi.JPG
Datu orokorrak
Garaiera1.042 m
Geografia
Koordenatuak42°37′52″N 2°02′41″W / 42.6311°N 2.0447°W / 42.6311; -2.0447Koordenatuak: 42°37′52″N 2°02′41″W / 42.6311°N 2.0447°W / 42.6311; -2.0447
MendikateaJurramendiko mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaLizarra
Mendizaletasuna
Ohiko bideaAiegitik
LuberriLuberri

Jurramendi Nafarroa Garaiko mendebaldeko mendi bat da, 1.042 metro garai. Lizarrerrian dago, Aiegi herritik hurbil. Gaztelaniaz Montejurra izena du. Mendi bakartzat jo ohi den arren, hiru tontor ditu, antzeko altueradunak. Jurramendi sinbolismoz jantzitako lekua da Euskal Herrian eta bereziki Nafarroan, hainbat gerra gertaera izan zirelako bertan XIX. mendeko karlistaldietan. Ondorioz, XX. mendean karlistek erromeria jendetsua egiten zuten urtean behin.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jurramendi du izena euskaraz, eta Montejurra gaztelaniaz. Hala ere, euskarazko egungo formaren lekukotzarik ez da gorde, ez ahoz eta ez idatziz. Aipaturik daude agiri zaharretan hala "Monte Surra" nola "Monte Xurra", lehen hitza gaztelaniazko izen arrunt bat eta bigarrena izen ezezagun bat, itxuraz euskarazkoa izan daitekeena. Mendiaren erdiko tontorrak Mendixurri du izena.

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jurramendi mendigunea hiru gailurretan amaitzen da. Haietako mendebaldekoenak antena estazio bat du gainean, baita mugarri geodesiko bat ere. Erdiko gailurra, ia altuera berekoa (1.048 metro), Mendixurri deitzen da, eta ekialdean du gailur ezagunena, erromerien helmuga, San Zipriano (1.043 metro), magalean izen bereko ermita duela, baita harrian zulatutako kapera ireki bat ere.

Jurramendiko guduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jurramendiko guduak»
Jurramendiren itzulia oinez egiteko ibilaldia

Bi gudu gertatu ziren, bi Karlistaldietan, Jurramendi eta Lizarraren inguruan, 1835. urteko azaroaren 16an lehena eta 1873ko azaroaren 7, 8 eta 9an, bigarrena.

1835. urtekoan Egia jeneral karlistaren gizonek Fernández de Córdoba jeneralaren mende zegoen Lizarra eskuratu zuten. Ozta-ozta egin zuten ihes liberalek.

1873. urteko gudua, berriz, askoz ere latzagoa izan zen, 25.000 bat gizon armatu bildu baitziren Lizarra aldera, 17.000 liberal eta 8.000 karlista. Hiru borroka egunen buruan Moriones jeneral liberalak bere gizonei atzera egiteko agindua eman ziela jakin zuten karlista garaitzaileek. Karlos VII.a erregegaia han izan zen bere osteen mugimenduei behatzen. Gertaera hura gogoratuz, Karlismoaren jarraitzaileek egun hori eta mendi hau bilgune bihurtu dute.

1976ko gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jurramendiko hilketak»

1976ko maiatzaren 9an, Karlos Hugo Borboikoak Una cita para el pueblo esapidean gonbidatu zituen hainbat alderdi (PCE, PSUC, PTE, ORT, MCE, PSP, PSOE), urteroko festa egun karlista ospatzeko, baina eskuin muturreko Francoren jarraitzaileek, Sixto Henrike Borboikoa buru zela, atentatua burutu zuten eta 2 pertsona erail zituzten, Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hain zuzen ere, hainbat zauriturekin batera.

Espainiatik kanporatzeko agindua jaso zuen Sixto Borboikoak haren ondoren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa