Mañeru

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mañeru
 Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Mañeru, Navarra3.jpg
Mañeruko bandera
Bandera

Mañeruko armarria
Armarria


Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Nafarroa Garaia
MerindadeaLizarrako merindadea
Administrazioa
Estatua Espainia
Erkidegoa Nafarroa
Izen ofizialaEscudo de Mañeru.svg Mañeru
AlkateaNuria Irisarri Arbeloa
(FIM, indep.)
Posta kodea31130
INE kodea31161
Herritarramañeruar
Geografia
Koordenatuak42°40′10″N 1°51′44″W / 42.6695°N 1.8621°W / 42.6695; -1.862142°40′10″N 1°51′44″W / 42.6695°N 1.8621°W / 42.6695; -1.8621
Azalera13,15 km²
Garaiera450 metro
Distantzia28 km (Iruñetik)
Demografia
Biztanleria426 (2020: Red Arrow Down.svg −8)
Dentsitatea33,16 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 30,3
Ugalkortasuna[1]‰ 76,92
Ekonomia
Jarduera[1]% 75,44 (2011)
Desberdintasuna[1]% 0 (2011)
Langabezia[1]% 10,81 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 5,35 (2010)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.maneru.es


Mañeru[2] ([maɲeɾu]) Nafarroa Garaiko erdialdeko udalerri bat da, Nafarroako hiriburu Iruñetik 28 kilometro hego-mendebaldera dagoena, Lizarrako merindadean. Udalerriak 436 biztanle zituen 2014. urtean.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Garaiko erdialdean dago; Iruñetik joanez gero, NA-111 errepidea Gares-Lizarra norabidean jarraitu ostean, Lizarrako merindadearen ekialdeko muturrean. Arga eta Salado ibaiek bat egiten dute Mañerun.

Mañeruk Artazurekin eta Girgillaorekin egiten du muga iparraldean, Garesekin ekialdean, Ziraukirekin mendebaldean, eta Mendigorriarekin hegoaldean. Azken hau Erriberriko merindadean kokatua.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mañeruko klima, mediterraneo kontinentala da. Altueraren arabera aldakorrak dira, batez besteko tenperatura 12º eta 14º bitartekoa eta prezipitazioak 500 eta 800mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 60 eta 100 inguru izaten dira.

Landaredia landaturiko pinudiak eta ibaien ertzetan dagoen landaredia baino ez da han. Udalerrian zeuden jatorrizko basoak ia erabat galdu dira gizakiaren eragina dela eta.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herriari buruzko lehen aipamena erromatarren garaikoa da, eta garai horretakoa da udalerrian aurkitutako Merkurioren brontzezko irudia, kristo ondorengo bigarren mendekoa. Udalerria erregearen jaurerri izan zen eta Antso VI.a Jakituna erregeak jaurerriaren petxa 700 soldatera murriztu zuen 1193an, herriari forua eman eta berehala. Irantzuko eta Jerusalengo San Joan Ospitalekoaren ordena erlijiosoek jabetza ugari izan zituzten Mañerun. Azken ordena honek herriko parrokiaren jabetza zeukan.

1630ean Mañeru haranetik banandu zen eta 1665ean Nafarroako gorteetan jarlekua lortu zuen, horretarako dirua ordaindu eta gero. Dena den, jarlekua hamaika urte geroago galdu zuen. XVIII. mendearen amaieran, berriz, Mañerun, tabakoa, olioa eta batez ere ardoa ekoizten zuten enpresak zeuden. Ordurako, herriko oihalgintza tailerrak gainbeheran zeuden, ordea. 1848an herrian nesken eta mutilen eskolak zeuden. Mutilen eskolan 94 haur zeuden, eta maisuak 4.000 errealeko soldata jasotzen zuen. Nesken eskolan, berriz, 72 haur zeuden eta bertako maistrak 2.000 errealeko soldata jasotzen zuen. Soldata horiek, umeen gurasoek emandako diruarekin batetik, eta udalerriko ondasun komunetik ateratako diruarekin, bestetik, ordaintzen ziren.

XIX. mendearen erdialdean, Mañeruko eliza herritarrek aurkezturiko bikario batek zuzentzen zuen. Elizak aldi berean bost onuradun zituen, erregeak eta Garesko San Joan komentuak izendatzen zituenak. 1820an herrian errota eta bestelako aletegi txikiak zeuden bertan, baina jarduera ekonomiko nagusia ardogintza zen. Lehen Karlistaldian1833. eta 1840. urteen artean— Fernandez kordobar jeneralak mañeruarrak herritik kanporatu zituen, karlistak Larragako gotorlekuaren jabe egiten saiatzean.

XX. mendean zehar, herriaren gainbehera etorri zen, Iruñerriko eta Lizarrako industrializazioak mañeruar asko erakarri baitzuen. Herriko biztanle kopurua erdira murriztu zen.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jarduera ekonomiko nagusia industria da, biztanleriaren %65ek egiten du lan horretan. Igeltsua ekoizten duen lantegia eta nekazaritzarekin zerikusia duten industria txikiak nagusi dira: ardogintza kooperatiba, barazkien kontserba lantegia, olio enpresa eta okela industria txikia. Biztanleriaren gainontzekoa nekazaritzan aritzen da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mañeruko biztanleria

2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 27 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %7,26 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udal bulegoak Foruen plazan XIX. mendearen amaieran altxatutako eraikuntza batean daude. Udaletxeak bi zati dauzka eta lau fatxada, bakoitza plazaren alde batera begira. Zati nagusia zarpeatuta dago eta inguruko eraikuntzen estilo bera dauka. Udaletxean, udal bulegoez gain, anbulatorioa, kultura etxea eta banketxe baten bulegoa daude.Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Mañeruko udaleko idazkaria Girgillao,Artazu eta Ziraukiko idazkari ere bada.

  • HELBIDEA: Foru plaza, 1

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko ekainean ez zen udal hauteskunderik izan Mañerun, ez zelako inongo talderik aurkeztu[3]. Aldiz, urte bereko azaroko deialdian Formación Independiente de Mañeru (FIM) zerrenda aurkeztu zen eta Nuria Irisarri izendatu zuten alkate[4].

2011ko udal hauteskundeetan ere FIM izan zen talde bakarra, eta, Irisarri alkate atera zela, haren sei taldekide ere zinegotzi bihurtu ziren[5].

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan dira Mañeruko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia
Jose Antonio Arbeloa Santesteban[6] 1979 1983 Independenteak
Jose Antonio Arbeloa Santesteban[6] 1983 1987 Agrupacion Democratica Independiente de Mañeru
1987 1991
1991 1995
1995 1999
1999 2003
Jose Ignacio Martinez 2003 2007
Nuria Irisarri Arbeloa[7] 2007 2011 Formacion Independiente de Mañeru
Nuria Irisarri Arbeloa[7] 2011 2015 Formacion Independiente de Mañeru
Javier Maria Zugaldia Aldaba[8] 2015 2019 Agrupacion Electoral Mañeru
Nuria Garcia Arostegui[8] 2019 Jardunean Mañeruko Aukera[9]

Hirigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mañeruko herriguneak Erdi Aroko hiribilduen ezaugarriak ditu, kale estu eta okerrekin. Herria, plaza zabalen inguruan antolaturik dago, San Pedro plaza esaterako, betiere, elizaren inguruan. Mañeruko udala Foruen Plazan dago eta XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Udalean, anbulategia, eskola-publikoa eta udal liburutegia daude. Foruen plaza, maila baxuagoan dago, eta bertan hiru gorputzetako etxeak altxatzen dira, errenkada horizontalean eta harlanduz egindakoak.

Azpiegiturak eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Estellesa autobus konpainiak Aguilar Kodes eta Iruñea bitarteko autobus linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka Aguilar Kodesko norantzan eta lau zerbitzu kontrako norabidean. Linearen ibilbidea honakoa da:

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Mañeru eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %5,38k zekien euskaraz hitz egiten.

2008an Nafarroako Ezker Batuak eta Nafarroa Baik Euskararen Foru Legea aldatu eta gune mistoan udalerri gehiago sartzeko (horien artean Mañeru) proposamena aurkeztu zuten Nafarroako legebiltzarrean. UPN ez beste talde guztien baiezko botoarekin proposamena aurrera aterako zela zirudienean, PSN alderdiaren ustegabeko jarrera aldaketak, atzera bota zuen gune mistoaren hedapena[10].

Guraso gehienek D eredua eskatu eta Nafarroako Gobernuak eredu hori herrian zabaltzeari uko egin zionez, A eredua baino eskaintzen ez zuen eskola ikaslerik gabe geratu eta gobernuak itxi egin zuen, guraso eta herritar ugariren protesten artean[11].

2017an Mañeruko herritar talde batek 157 sinadura aurkeztu zituen Udalak zonalde mistora ez sartzeko hartutako erabakia berrazter zezan. Sinadura guztiak Mañerun erroldatutako 18 urtetik gorako pertsonenak ziren. 2016ko azken hauteskundeetan, Mañerun 345 lagun erroldatuta zeuden[12] Udalak ez zuen kontutan hartu eskaera hau eta honen ondorioz herriak tira birak egon ziren[13].

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela gutxi udalak jaien data aldatzea erabaki du, lehen iraileko lehen astean ospatzen ziren; orain, berriz, abuztuko azken astean ospatzen dira.

Iraileko lehen igandean jai handiak izaten dira, astebetez. Ekainaren 29an San Pedro Mañeruko patroiaren omenezko jaiak izaten dira. Herriko "jai txikiak" dira.

Abenduaren 4an Santa Barbararen eguna ospatzen da.Herritarrak maiatzaren 1ean izen bereko baselizara joaten dira erromerian.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pedro Apostuluaren eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Pedro Apostuluaren eliza, XVIII. mende amaierako eraikin neoklasikoa da, eta XVI. mendean Juanes maisuak eta haren seme Pedro Urbietak egindako tenplu zaharra ordezkatzeko eraiki zen. Eraikinaren zati bat XVI. mendeko egitura aprobetxatuz eraiki zen. Santos Angel Otxandategi arkitekto neoklasikoaren obra nagusitzat jotzen da.

Parrokiak gurutze latindarraren oinarria dauka, eta linternadun laranja erdiko gangez estalitako gurutzeria zabala. Tenpluaren oinetan, barruko egituran ezarritako koru altua dago, XVI. mendeko dorrearen egitura aprobetxatuz. Elizaren kanpoaldean, harlanduzko hormak eta ezaugarri neoklasikoak nabarmentzen dira. Sarrerak, dinteldun atea dauka, eta horren gainean, San Pedroren XVI. mendeko irudi bat dago.

Eliza barruko erretaula nagusia Victor Eusak diseinatu zuen eta Arrietak gauzatu zuen 1930. urtearen inguruan eredu neoklasikoak erabilita. Erretaularen erdian San Pedro, San Fermin eta Frantzisko Xabierren egurrezko irudiak daude.

Santa Barbara baseliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Barbara baseliza herritik ordu erdira dago, mendialdean. XX. mendean berreraikia, baselizaren barruan, XVII. mendearen bigarren erdiko erretaula barrokoa dago.

Mañeruar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa