Edukira joan

Gazte-Leku (eskubaloi taldea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gazte-Leku (eskubaloi taldea)
Datuak
Motaeskubaloi taldea
Historia
Sorrera1973
Desagerpena1977

Gazte-Lekuko eskubaloi taldea Donostiako Altza auzoan sortu zuen emakumezkoek osatutako kirol taldea izan zen. Ibilbide laburra izan zuen, hiru denboralditan aritu ziren, 1973tik 1977 arte. Neska gehienak Altzakoak ziren, baina baziren inguruko beste herri batzuetakoak ere. Taldea hamabi jokalarik osatzen zuten, eta kapitaina Marisa Villar zen.[1]

1972. urtearen amaiera aldera, Roberto Mendigurenek animatuta, Gazte-Leku elkarteko neska batzuk eskubaloi talde bat osatzeko entrenatzen hasi ziren: «Ez zuten inoiz eskubaloian jokatu. Ez zuten ideiarik ere. Urte haietan, neska batzuk eskubaloian edo beste edozein kiroletan aritzea ez zen batere ohikoa, are gutxiago Altzan».[1]

Taldea martxan jartzeko, Eskubaloi Federazioari laguntza eskatu zioten eta entrenamenduak kaleko arroparekin egiten zituzten, Altzako Santa Barbara eta Arriberri artean dagoen plazatxoan. «Ondo funtzionatzen ez zuela» ikusita, federazioak Mariano Martinez Cascaniri proposatu zion Altzan sortutako emakumezkoen taldea entrenatzea.[1]

1973-1974ko denboraldian hasi ziren jokatzen, eta «gogor» entrenatzen zuten. Antza, «entrenatzen zuenak jokatuko du» leloa jarri zien Martinezek. «Lelo hori praktikara eraman zuen beti, eta gogoratzen du noizbait partida galarazi ziela». Prestaketa ona lortu zuten: «Romualdo de Toledo ikastetxean zehar korrika jaisten ziren Herrerara, eskaileretan gora eta behera korrika. Gehienek zaletasun handia zuten eta oso gutxi huts egiten zuten entrenamenduetara.[1]

1974-1975koan, taldea sendotuta zegoen. Emakumezkoen Lehenengo mailan parte hartu zuten. Gipuzkoako txapeldunorde izan ziren. Donostiako Kopan ere txapeldunordeak izan ziren. Espainiako Federazioaren txapelketan ere parte hartu zuten, baina ez zuten emaitza onik lortu. Denboraldia amaitzean, Gipuzkoako Federazioak kiroltasunaren garaikurra eman zien. Gipuzkoako entrenatzaile onenaren saria eman zioten Martinezi. Denboraldi horretan, Ohorezko Mailara igo zitezkeela baina babeslerik ez zuten lortu.[1]

Garaian emakumezkoen talde oso gutxi zeudenez, federazioko txapelketa ofizialetan parte hartzeaz gain, txapelketak antolatzen ziren denboraldi osoan zehar lehiatzen jarraitzeko. Txapelketa horietako bat Iruñeko Anaitasuna pabiloian jokatu zuten, 1974ko abenduaren 28an, Iruñeko C.R.E.F.F.-ren aurka. Gazte-Lekuko taldeak 8-7 irabazi zuen partida.[1]

1975-1976ko denboraldian ere ezin izan zuten Ohorezko Mailara igo baliabide ekonomikorik ez zutelako, eta, ondorioz, emakumezkoen 1. mailan jarraitu zuten beste bost talderekin: ADEM Akademia, Ayete Gurelesa, Soraluze, La Paz eta Esnatu.[1] Itxura denez, denboraldi horretan taldearen gainbehera hasi zen, aurreko denboraldian lortutako kirol arrakastaren ondoren. Jokalari onenak beste talde batzuek fitxatu zituzten: «Flori Solana Bidebietak fitxatu zuen eta Pasaiak Marisa Villar, hasieratik kapitaina izan zena. Beste batzuek ezkontzean utzi zuten, Jesus Noguerasekin ezkondu zen Cristina Gomez, kasu». Jokalari berriak etorri ziren arren, taldearen maila ez omen zen lehengora itzuli.[1]

Taldea mantentzea, bestetik, oso garestia zen eta federazioak ez zuen laguntza handirik ematen. Horri gehitu zitzaion Gazte-Lekuko batzarrak jokalarien bidaiak ez ordaintzeko erabakia hartu izana. 1976/77 denboraldia izan zen taldearen azkena.[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i Xalba Ramírez: "Altzako emakumeen eskubaloi taldea", Hirutxuloko Hitza, 2024-04-05.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]