Gilbordura
Gilbordura elementu lerden konprimituetan gertatzen den ezegonkortasun elastikoa da. Fenomeno honengatik, konpresio-norabide nagusiarekiko zeharkako desplazamendu nabarmenak sortzen dira.
Fenomeno hau, ingeniaritza estrukturalean, batez ere zutabeetan agertzen da. Zutabe edo elementu lerdenak akzio-esfortzu axial handiak jasaten baditu, gilbordurarengatik flexio gehigarri bat izango du.
Sarrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gilborduragatik agertzen den makurdurak zutabe edo edozein elementu lerdenaren konpresiorako erresistentzia izugarri mugatzen du. Batzuetan, konpresiozko karga axial batengatik, gilbordura-karga kritikoa deiturikoagatik, ezegonkortasun elastiko bat gerta daiteke. Orduan, deformazioa handitzen da, ondorioz, tentsio gehigarriak sortzen dira, haustura tentsioa gainditzen da eta elementu estrukturala hondatzen da. Makurdura-gilborduraz gain, tortsio-gilbordura edo tortsio-momentu gehiegizkoagatik sortutako gilbordura dago.
Gilborduragatik egiturak huts egiteko era desberdinak daude. Elementu estruktural batentzat hauetako batzuk egiaztatu behar dira sarritan; honela aplikatutako kargak, karga kritikoetatik urrun daudela ziurtatzen da. Ondorengoak dira gilbordura gertatzeko era arruntenak:
- Makurdura gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua albo baterantz flexionatzen da zeharkako sekzioan aldaketarik eta biraketarik jasan gabe.
- Tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua ebaketa zentroarekiko biratzen da.
- Flexio-tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan konpresioan dagoen elementua aldi berean biratu eta flexionatzen da zeharkako sekzioan aldaketarik jasan gabe.
- Albo-tortsiozko gilbordura: Gilbordura modu honetan flexioan dagoen elementuak flexio-planoarekiko makurdura normala eta aldi berean ebaketa zentroarekiko biraketa jasaten ditu.
Flexio-gilbordura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zutabe eta saretetako barra konprimituek, lerdentasun mekanikoaren arabera, hainbat eratan huts egin dezakete.
- Zutabe oso lerdenek gilbordura elastikoagatik huts egiten dute eta sentikorrak dira zutabearen gilbordura lokala eta egitura osoaren gilbordurarekiko.
- Lerdentasun ertaina duten zutabeetan; eraikuntza-inperfekzioak eta heterogenotasunak oso nabariak izaten dira, eta batzuetan gilbordura ez-elastikoa gerta daiteke.
- Zutabe baxuek, hau da, lerdentasun txikia dutenek, gehiegizko konpresioagatik huts egiten dute, gilborduraren efektuak garrantzitsuak izan aurretik.