Gomagoxo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gomagoxoa

Gomagoxoa, txingoma (Ipar) edo txiklea (Heg) gozoki bigun, elastiko eta itsaskorra da, irentsi gabe mastekatu ohi dena. Goma natural edo sintetikoak, urrintzaileak, koloregaiak eta eztitzaileak ditu osagai nagusiak.[1]

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikle hitza maya “sicté ya” hitzetik dator, ahoarekin murtxikatzea esan nahi duena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikle arrastorik zaharrena Suedian topatu zuten duela urte batzuk. Urki erretxina zati bat da, 9.000 urte ditu eta Harri Aroko gizaki baten hortz-haginen markak dauzka. Ameriketan, maiek eta aztekek Manilkara generoko zenbait zuhaitzen erretxina mastekatzen zuten hortzak garbitzeko. Erretxina horri tzictli esaten zioten. Baina Bernardino de Sahagún historialariak XVI. mendean jaso zuenez, tzictlia jende aurrean mastekatzea ez zegoen ongi ikusia, besteak beste, prostitutek erabiltzen zutelako.[2]

XIX. mendean, Thomas Adams zientzialariak gai horren berri izan zuen, Antonio López de Santa Anna buruzagi mexikarraren idazkaria izan zenean. Hasieran, kautxuaren ordezko gisa erabili zuen, jostailuak, euritako botak eta bizikleta gurpilak egiteko. Baina esperimentu horiek guztiek porrot egin zuten. Ondoren, tzictlia-ri azukrea erantsi eta 1871ko otsailean Adams’ New York Gum delakoa merkaturatu zuen, hau da, lehenbiziko gomagoxoa.[2]

1910 aldeko publizitatea

Adamsen produktuak berehalako arrakasta izan zuen kontsumitzaile estatubatuarren artean eta, ondorioz, lehia ere azkar agertu zen. 1880an William J. Whitek menta zaporea erantsi zion mastekatzeko gomari eta Anna Held aktore ezaguna erabili zuen produktua iragartzeko. Adamsen kontraerasoa New Yorkeko metroan lehenengo txikle makinak jartzea izan zen. Baina 1891n William Wrigley Jr.ek mentazko txikleaz gain fruta zuku zaporea zuena ipini zuen salgai. Harvey Firestone ere saiatu zen negozio berrian sartzen, baina, Adamsen alderantzizko bidea eginez, azkenean gurpilak fabrikatzen lortu zuen arrakasta.[2]

XX. mendeko gerra handiek, bereziki Bigarren Mundu Gerrak, txiklea mundu osoan zabaldu zuten. Txikleak gosea kendu eta estresa murrizten omen zuen eta, horrenbestez, egokia zen fronteko soldaduentzat. Gainera, urte horietan erretxina begetala material sintetikoek ordezkatu zuten eta produktua merkatu egin zen.[2]

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maien munduan, txikozapote-zuhaitzaren erretxina ateratzen zen, txiklearen zuhaitza ere esaten zitzaiona, eta su moteleko eltzeetan irakiten zen lehortzeko. Nahasketa hori etengabe mugitzen zen goma leun baten trinkotasuna hartu arte. Azkenik, egurrezko moldeetan jartzen zuten, «Marketak» izenekoetan.

Txiklearen egungo ekoizpenak bilakaera erabatekoa izan du. Gaur egun, txikle gehienak, petrolio-deribatuez, erretxina natural eta sintetikoz, azukrez, koloratzailez eta aromatizatzailez osatuta daude.

Onurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere onuren artean kontzentrazioa hobetzen laguntzea, hortzak garbitzea eta asetasun sentsazioa areagotzea daude.[erreferentzia behar]

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Urtarrilak 13an Txiklearen Nazioarteko  eguna ospatzen da.
  • Zaporedun lehen txiklea John Colganek sortu zuen, 1860ko hamarkadan.
  • Iletik txiklea kentzeko, oliba-olioa jarri behar da ile-sortan, giro-tenperaturan,  eta orrazia hainbat aldiz pasatu, kendu arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. The Science and Technology Behind Chewing Gum Ingredients, gumassociation.org
  2. a b c d Irazustabarrena, Nagore, Gurpilak mastekatzen, Argia astekaria, 2010-02-28, argia.com, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]