Gourdongo altxorra
Gourdongo altxorra | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | VI. mendea |
Aurkikuntza lekua | Gourdon |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | urrea eta Granatea |
Gourdongo altxorra 1845ean Gourdonen, Saône-et-Loiren, aurkitutako urregintza eta txanpon multzo bat da. Gaur egun Frantziako Liburutegi Nazionaleko Cabinet des Médailles museoan gordetzen da. Hauek dira altxorraren objektuak: kaliza bat, esmalte eta granatedun urrezko patenak eta ehun txanpon inguru. Metal nagusia urrea da. Txanponei esker objektuak Merovingiar leinuaren garaian kokatua izan dira, V. mendearen amaieran edo VI.aren hasieran.[1]
Aurkikuntzaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gourdon herriak monasterio bat zuen VI. mendean, eta, agian, bertatik etor zitezkeen objektu hauek. Objektuekin aurkitutako urrezko txanponei esker 524. urte inguruan datatu ahal izan da ehorzketa. Uste da Burgundiarren Erresumaren aurkako eraso franko baten aukeran, monje batek objetuak ezkutatu zituela, horrela abadia arpilatzen bazuten altxorra salbatuko zen. Mende asko ondoren, 1845ean, Louise Forest artzain neska gazte batek altxorra kasualitatez aurkitu zuen, gurutze batekin grabatutako teila erromatar baten azpian ezkutatuta. Bere nagusia zen Darras nekazariak lurretik atera eta altxor osoa bereganatu zuen. Baina Gabriel Tainturier zen lurren jabea zen eta, halaber, Louise Foresten aita ez zegoen konforme. Guztien arteko altxorraren jabetzaren inguruko auzia 1845ean arbitratu zen Chalon-sur-Saônen, lehen, eta gero Dijongo gorteen aurrean. Erabakia txanponak lurren jabearen eta altxorraren aurkitzaile zen Louise gaztearen artean banatzea izan zen. Partekatu ezin ziren kaliza eta patena saltzeko erregistroan sartu ziren. Tainturierrek Dijongo udalari urrezko lau txanpon oparitu zizkion, hiriko Liburutegian gordeak.[2]
Altxorra 1846ko uztailaren 20an enkantean saldu zen Parisen, eta kaliza zein patena Charles Lenormantek, Cabinet des Médaillesko arduradunak, eskuratu zituen; 104 urrezko txanpon sorta, aldiz, hark arbuiatu zituen eta sakabanatuta izan ziren. Erosle batzuek eskuratutakoak urtu zituzten. Aipatutako Charles Lenormantek geroago neurri batean bere arduragabekeria konpondu zuen 1851n erosleetako bati 44 txanpon lote bat erosiz; horietatik gutxienez hogeita hamahiru trien Gourdon altxorretik zetozen ziurrenik.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Claus-Peter Haverkamp: «Un vrai trésor mal connu: le trésor de Gourdon», Images de Saône-et-Loire aldizkaria, 171 zk., 2012ko iraila, 9-11 or.
- ↑ Jean Lafaurie, «Sur le trésor de Gourdon (Saône-et-Loire) (pl. VI)», Bulletin de la Société Nationale des Antiquaires de France, 1959, 61-76 or.
- ↑ Ibidem.