Edukira joan

Hagiografia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sulpizio Severoren Vita Sancti Martiniren orrialde bat.

Hagiografia (grezierazko: ἅγιος, «santu», eta γραφή, «idazlan» hitzen lotunea) santuen biografia da.

Lehen dokumentu hagiografikoak kristauen kontrako esetsaldien denborakoak dira. Konstantino enperadorearen bakeaz geroztik (313), martirien, aszeten eta fraideen gurtzak eta bizitzak oso ekoizpen hagiografiko handia eman zuten. Halako kontakizunak irakurketa liturgikoan, komentuetan, herria eskolatzeko edota meditazioan erabili ohi ziren. Erdi Aroan gero eta kontakizun miragarriagoz hornituz joan ziren kontakizun hagiografikoak, eta elezahar ugariren iturri gertatu ziren. Garai hartakoak dira Iacopo da Varazzeren Legenda aurea (Urrezko elezaharra) eta Simeon Metafrasto edo Logotetaren Synaxarion, mundu latino eta grekoko obra hagiografiko ezagunenak, hurrenez hurren. XVII. mendean Héribert Rosweydek, eta bereziki Jean Bollandek, kontakizun haien kritika egin zuten, azterbide historiko berriak erabiliz. Bollanden eta haren jarraitzaileen lanaren ondorioz, 1693. urtetik gure egunotaraino Acta sanctorum (Santuen eginak) izenburuko 70 liburuki argitaratu dira. Hagiografiari dagokion guztia haietan eta haien osagarria den Analecta bollandiana agerkarietan biltzen da.

Zentzu zabalean, hagiografi piktorikoak edo bisualak ere esistitzen dira[1]. Hagiografiak ohikoak izan diren erlijio eta kultura desberdinetan, ez alfabetatuentzako garatu izan dira kristauen ikonografian[2] bezala beste kultura batzuetan[3][1].

Hortaz, santuen bizitzak artelanetan ere ikusten ahal dira, poliptiko eran, eszena desberdinak erakusten dituzten erretaula, portiko eta aldareetan, edo freskoetan, hala nola San Frantziskoren bizitza kontatzen duten Giottoren freskoak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Murray, Julia. (2000). «The Evolution of Pictorial Hagiography in Chinese Art : Common Themes and Forms» Arts Asiatiques 55 (1): 81–97.  doi:10.3406/arasi.2000.1447. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  2. Civil, Pierre. (2021). «Hagiografías y cultura visual: algunos casos de hibridismo en la España del siglo XVII» Hipogrifo: Revista de Literatura y Cultura del Siglo de Oro 9 (1): 47–68. ISSN 2328-1308. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).
  3. Roberts, Allen F.. (2013-09-01). «Icons from the end of days: Visual hagiography among Layennes of Senegal» World Art 3 (2): 235–258.  doi:10.1080/21500894.2012.746896. ISSN 2150-0894. (Noiz kontsultatua: 2022-04-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]