Harlock kapitaina

Wikipedia, Entziklopedia askea
 Harlock kapitaina
Jatorria
Egilea(k)Leiji Matsumoto
Izenburua宇宙海賊キャプテンハーロック
Jatorrizko herrialdeaJaponia
ArgitaletxeaAkita Shoten (en) Itzuli
Ezaugarriak
Genero artistikoazientzia-fikzioa eta abenturazko fikzioa
Hizkuntzajaponiera
Zatiak5 liburuki
Emanaldia
Hasiera-dataAdierazpen errorea: puntuazio karaktere ezezaguna "["
Amaiera-dataAdierazpen errorea: puntuazio karaktere ezezaguna "["
Fikzioa

Harlock kapitaina edo Harlock kapitaina espazioko pirata (japonieraz: 宇宙海賊キャプテンハーロック Uchu Kaizoku Kyaputen Haarokku?) Leiji Matsumotok 1976 eta 1978 artean idatzitako eta ilustratutako manga komikia da[1]. 1978an marrazki bizidunetako telesaila sortu zuen Toei Animation konpainiak. Rintaro zuzendari japoniarrak moldatu zuen. 2013an animaziozko filmea atera zen[2].

ETB1 kateak telesaila euskaraz emititu zuen 1984ko Azaroaren 25tik, 1986ko urtarrilaren 13a arte, guztira 42 atal[3].

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

2977. urtean gizakia espazioan zehar hedatu da[4] baina ennui (asperraldia, apatia, nekea) nagusitzen ari da.

Halako batean esfera beltz erraldoi batek Lurra jo zuen. Daiba irakasleak eta haren seme Tadashik aurkitu zuten Amazonak izan direla objektu hori bidali zutenak[4]. Amazonak emakumezko itxura eta landare jatorria duten izakiak dira, antzina Lurrean izan zirenak eta orain berriz konkistatu nahi dutenak. Lurreko Gobernuak ordea ez zuen Daiba aita-semeen aurkikuntza serio hartzen eta esferaren talkari ere ez zioten garrantziarik eman. Daiba irakaslearen heriotzaren aurrean ere ez zuten aurrerapausorik eman. Horren aurrean Tadashi, Harlock kapitaina eta taldetxo bat Arcadia espaziontzian aireratuko dira amazonen aurka borrokatu eta Daiba irakaslea mendekatzera[5].

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harlock kapitaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako izenez Phamton Franklin Harlock III.a . Heroi erromantikoaren arketipoa da. Istorioko protagonista da, Arcadia espaziontziko eskifaiaren gidaria.

Gizon gazte liraina da baina borroketan begi bat galdu zuen eta gurutze itxurako zauria du aurpegian. Beltzez janzten da eta bularraldean piraten sinboloa du, garezurra eta gurutzatutako bi hezur. Kapa beltz zabal bat du, barnealdean gorria dena[6].

Harlock kapitaina lurtarra da eta Tochirō ingeniari lagunarekin batera espaziora joateko grina zuen. Antzina itsas armada inperialean ontzi baten ardura izan zuen. Lurreko Gobernuaren ustelkeria eta apatia ikusirik lagun biek Death Shadow espaziontzia lapurtu eta espaziora egin zuten alde. Lehenengo bidaian Makinen Inperioaren aurka borrokan ari ziren Emeraldas eta Maetel ahizpak ezagutu zituzten eta Inperioaren aurkako gerra irabazten lagundu zieten[6].

Hainbat urte beranduago Tochirōk Arcadia espaziontzia eraiki zuen. Handik gutxira ordea Tochirō hil egin zen eta haren omenez Arcadia itsasontzian bidaiatzen jarraitu zuen 40 laguneko eskifaiarekin. Geroago ikusiko da Amazonek ontzia eskaneatzerakoan 42 bizidun aurkituko dituztela, 40ko eskifaiaz eta Harlock beraz gain espaziontziaren ordenagailuan gordeta dagoen Tochirōren kontzientzia[6]. 42 zenbakia sinbolikoa da Japonian, "shi ni" ahoskatzen baita, eta zenbakiaz gain "heriotzera" ere esan nahi du[7].

Arcadia ontziko eskifaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

40 kidek osatzen dute guztira. Honako hauek dira protagonista taldea osatzen dutenak:

  • Tadashi Daiba (台羽 正, Daiba Tadashi): Daiba irakaslearen 14 urteko semea. Harlock kapitainak haren babespean hartu du.
  • Kei Yuki (有紀 蛍, Yūki Kei): Arcadia ontziko nabigazio burua eta zientzilaria. Emakumezko ilehoria, telesailaren amaieran Harlock kapitainaz maitemintzen dena.
  • Miime (ミーメ): Emakumezko estralurtarra. Ile morea eta larruazal urdina du. Aurpegian pupilarik gabeko begi horiak ditu eta ez du ahorik, baina hitzegiten du. Harpa jotzen du arrisku egoeratan eskifaia lasaizteko eta Harlock kapitainaren aholkularia da,
  • Yattaran (ヤッタラン): Arcadia ontziko lehen ofiziala eta matematikari bikaina da. Taldeko osagai komikoa da.
  • Zero doktorea (ドクターゼロ): Arcadia ontziko mediku burua da. Mikun izeneko katu bat du.
  • Maji (魔地): Arcadia ontziko ingeniari burua da.
  • Miss Masu (ますさん, Masu-san): Administrazio burua eta sukaldaria. Umore txarreko emakumezkoa, biziki haserretzen da Zero doktorea sake bila sukaldera sarzten denean.
  • Tochirō Ōyama (大山トチロー, Ooyama Tochirou): Arcadia ontzia eraiki zuen ingeniaria da, Harlock kapitainaren laguna. Hil zen arren haren kontzientzia espaziontziaren ordenagailuan dago gordeta.

Amazonak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rafflesia erregina (女王ラフレシア, Jo'ō Rafureshia)[8]: Amazonen erregina da, Harlock kapitainaren antagonista. Haien planeta desegin ondoren Lurra konkistatu nahi du haien arrazaren etxe izateko. Emakumezko ederra baina gaiztoa da.
  • Cleo komandantea (司令クレオ, Shirei Kureo): Amazonen armadako komandantea.
  • Cassandra komandantea: Amazonen armadaren hirugarren koadranteko komandante zitala.
  • Shizuka Namino (波野 静香, Namino Shizuka): Amazonen espia da, Lurreko Lehen Ministroaren idazkari gisa jarduten duena.
  • Lora komandantea: Artizarrean kokaturik dagoen 1 Espazio Estazioko komandantea. Gizakien burmuina kontrola dezake ilusioak sortaraziz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Captain Harlock Series by Leiji Matsumoto» www.goodreads.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  2. (Ingelesez) «Captain Harlock Sci-Fi Anime's Remake to Open This Fall» Anime News Network 2024-03-15 (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  3. Harlock Kapitaina "Bukaerako Kanta" (Euskera). (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  4. a b (Gaztelaniaz) Las aventuras del Capitán Harlock (Pirata Espacial) (Serie de TV) (1978). (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
  5. (Ingelesez) «Arcadia» Toki No Wa Wiki (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  6. a b c (Ingelesez) «Phantom F. Harlock III» Toki No Wa Wiki (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  7. (Ingelesez) Behance. (2015-10). «42-Japanese Number Superstitions - University Project.» Behance (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
  8. (Ingelesez) «Queen Rafflesia» Toki No Wa Wiki (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]