Edukira joan

Helasseren aldarea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Helasseren aldarea
Jatorria
Sorrera-urteaII. mendea
Aurkikuntza lekuaMiñao
Ezaugarriak
Materiala(k)kareharria
Dimentsioak39 (altuera) × 25 (zabalera) cm
Hizkuntzaakitaniera eta eusko-akitaniera
Egile-eskubideakjabetza publiko
Kokapena
LekuaArabako Arkeologia Museoa
InbentarioaHEp 1989, 00013
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz

Helasseren aldarea, Miñaon agertu zen Helass edo Helasse jainko edo jainkoari eskainitako erromatar garaiko aldarea da. Euskararen historiarako dokumentu garrantzitsua da, bertan irakurtzen den teonimoa -jainko edo jainkosaren izena - eusko-akitanierazko izena delako.

Aldarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miñaoko estela M. Lourdes Albertosek aurkitu zuen 1970ean, egindako ikerketa bati esker (EAA, 1970). Arabako Arkeologia museoan gordeta dago egun, eta bertan ematen diren datuen arabera, aldareak 39 cm.ko altuera du, eta 25 cm zabalera. II. mendekoa da eta bere kontserbazio maila erdizkakoa da[1].

Idazkuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estela honetan hurrengoa irakur daiteke:

AE(L)LIA

HELLICE

HELASSE

Honela itzuli daiteke: Aelia Hellicek (eskaintzen dio aldare hau) Helasseri (edo Helassi?)

K.o. II. mendean datatu da.

Ae(l)lia Hellice eskaintzailea izango litzateke eta Helasse jainkosa edo jainko indigenaren izena.[2] Aelia latindar nomen (abizen) ohikoa da. Eta Hellice cognomen-a (izena) greziar jatorrikoa da, eta horregatik uste da morroia izango zela, sarritan, izen greziarra ematen baitzitzaien esklaboei erromatar gizartean.

Identifikatzaile epigrafikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

HEp 1989, 13

Akitanierazko hizkuntzaren aztarna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joakin Gorrotxategik dioenez, S bikoitza soinu indigenen egokitze bat izango litzateke, latinera bihurturik. Eta Akitaniako adibideei begiratzen badiegu, litekeena da SS hori fonema txistukari frikatibo[oh 1] bat izatea. Akitaniatik kanpo, SS bikoitza Antestia Oandissenen estelan erabili zen baita ere. Hasperena (H) nabarmendu beharko genuke, hau Akitaniako 34 antroponimo[oh 2] eta 4 teonimoetan[oh 3] baitago (datu hau 1984koa da, gaur egun gehiago ezagutuko direlarik).

Akitaniako teonimo batzuk -e amaiera dute (Lahe, Garre, Erge...), baita ere, baina, dudarik gabe, Barbarin-en (Nafarroa) topatutako Selatse/Selaitse teonimoa da gertukoena.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gaur egungo euskaran hiru dira euskaraz txistukari frikariak edo frikatiboak: s, z eta x idazten ditugunak. Ikus, Fonetika eta Fonologia. Euskara eta Euskal Literatura» Euskara eta Euskal Literatura. Lur Entziklopedia tematikoa.
  2. Antroponimoak pertsona izenak dira.
  3. Teonimoak jainko-jainkosen izenak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Gorrotxategi, Joakin. (1984). «Acerca de "Helasse", teónimo indígena atestiguado en Miñano Mayor (Álava)» Veleia (EHU/UPV) (1): 261-266. (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).
  2. Zaldua, Luis Mari. (2022). Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak. Izenak bil.. Euskaltzaindia, 61-66 or. ISBN 9788412546392..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]