Edukira joan

Henri Martin afera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Henri Martin afera
Motaeskandalu politiko
Honen izena daramaHenri Martin (en) Itzuli
Data1950(e)ko hamarkada
HerrialdeaFrantzia

Henri Martin afera Frantziako Laugarren Errepublikako eskandalu politiko-militarra izan zen, Indotxinako Gerraren garaian gertatutakoa. Polizia militarrak ustez sabotajeak egiteagatik Henri Martin aktibista komunista frantziarra (PCFren kidea) 1950eko martxotik 1953ko abuztura arte atxilotu zuen.

Itsas Armadak 1945ean bidali zuen Martin Frantziar Indotxinara marinel gisa, japoniarren okupazioaren aurka borrokatzeko esperantzan, nahiz eta Martin iritsi zenerako japoniarrak jada desarmaturik zeuden. 1946ko azaroaren 23an, Haiphong bonbardaketaren lekukoa izan zen, gaur egungo Vietnamen. Bere dimisioa aurkeztu arren, atzera bota zuten eta azkenean Toulonera itzuli zen.

Toulonen, Varreko komunistekin koordinatuta, armategian propaganda lanak egiten hasi zen, marinelak Indotxinan borroka berehala gelditzea eskatzera bultzatzen zituzten liburuxkak banatuz.[1]

Polizia militarrak 1950eko martxoaren 13an atxilotu zuen, sabotaje batean gaizkide izatea egotzita. Azkenean errugabe aurkitu zuten arren, urriaren 20an Bresteko Itsas Auzitegiak Indotxinako Gerraren aurkako propaganda banatzeagatik bost urteko konfinamendua ezarri zion.[2]

Martin mugimendu komunistako kide izatea publikoki ezaguna ez zen arren, ikertzaileek ez zuten horri buruzko zalantzarik. Denbora horretan aktibista asko atxilotu zituzten Indotxinako Gerraren aurka egindako legez kanpoko ekintzengatik. Baina Henri Martinen kasua araudi militarraren aurkako jarduera politiko soil batengatik bost urteko espetxe zigorreko epai neurrigabearen ondorioz nabarmendu zen.

Martin «frantziar herriak Indotxinako gerra zikinaren aurka egindako borrokaren» ikur bihurtu zen. Frantziako Alderdi Komunistaren eta elite intelektual eta politikoaren ekimenez, defentsarako batzorde bat eratu zen. Martinen aldeko figura nabarmenen artean Jean-Marie Domenach eta Esprit bere aldizkaria, Jean Cocteau eta Jean-Paul Sartre- zeinek 1953ko amaieran L'Affaire Henri Martin izeneko liburua argitaratu zuen- zeuden.

Martinen epaiaren aurkako kanpainak goia jo zuen, haren aldeko bilera, manifestazio eta liburuxkekin. 1951ko maiatzaren 19an, epaia baliogabetu egin zuten, eta uztailaren 19an formalki ezeztatu. Hala eta guztiz ere, 1953ko abuztuaren 2ra arte ez zuten Martin askatu.

Philippe Robrieuxek Martinen aferak Dreyfus aferarenak gogorarazten zituzten proportzioak hartu zituela idatzi zuen.[3][1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Frantsesez) Ruscio, Alain. (2003-8-2). «Guerre d'Indochine: Libérez Henri Martin» l'Humanité.
  2. (Frantsesez) Ruscio, Alain. (2005). L'affaire Henri Martin et la lutte contre la guerre d'Indochine. Paris: Le Temps des cerises ISBN 2-84109-500-2..
  3. (Frantsesez) Robrieux, Philippe. (1984). Histoire intérieure du Parti communiste. IV Fayard, 414-415 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]