Dreyfus afera

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Alfred Dreyfus degradatzea, 1895eko urtarrilaren 5ean. Henri Meyer irudigilearen marrazkia, Petit Journal egunkariko azalean 1895eko urtarrilaren 13an argitaratua, «Traidorea» oin oharrarekin.[1]

Dreyfus afera Frantziako Hirugarren Errepublikako gizarte eta politika arloko gatazka bat izan zen, XIX. mendearen bukaeran gertatua, Alfred Dreyfus kapitainari (frantses herritartasunekoa, alsaziar jatorrikoa, judutar erlijiokoa) eginiko traizio akusazioaren inguruan sortua. Dreyfus errugabea zela ondorioztatu zen. Aferak Frantziako gizartea aztoratu zuen hamabi urtez, 1894tik 1906 arte, eta zatiketa sakona eragin zuen gizarte horretan: Dreyfus errugabetzat zutenak, batetik, eta Dreyfus erruduntzat zeukatenak, bestetik. Antisemitismoa eragile garrantzitsua izan zen Dreyfusen aurkakoen artean.

Epaiketak hauts handia harrotu zuen, eta XIX. mendeko Frantzian funtsezko gertakaria izan zen. Errepublikako erakundeak kolokan jarri zituen; izan ere, armadaren batasuna, aberriarekiko atxikimendua, Frantziaren eta haren betiko etsaiaren, Alemaniaren, arteko harremana eta beste zenbait gai astindu zituen.

Askotan, era modernoaren injustiziaren sinbolo unibertsal moduan ikusten da. Aldi berean, Sacco eta Vanzettiren auziko gertaerekin, Amerikako Estatu Batuetan gertatu ziren aferekin konparagarria da, gizartean izan zuten eraginagatik.

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1894. urtean, Alfred Dreyfus kapitainari salaketa egin zioten: Alemaniako armadako espioia omen zen. Hainbat froga aurkeztu zituzten haren kontra eta kondenatu egin zuten. Ez zekiten, artean, froga haiek faltsuak zirenik. Gainera, Dreyfus militarra familia judukoa zenez, joera antisemita bizia piztu zen haren aurka, eskuinak bultzatuta.

Ez zegoen argi errudun zen ala ez, eta Frantziako gizartean talde bi bereizi ziren: batetik, Dreyfus erruduna zela uste zutenak; bestetik, errugabea zela ziotenak. Zorionez Dreyfusentzat, bere familiaren laguntasuna izan zuen hasieratik. Aldi berean, errugabea zela uste zutenen artean baziren zenbait intelektual: Zola, 1898an manifestu intelektual entzutetsuena J'accuse...! (Salatzen dut!) idatzi zuena, esaterako, bai eta politikoak ere, Georges Clémenceau, adibidez.

Bitartean, Georges Picquart koronelak, espioien aurkako buruak, 1896 martxoan benetako traidorea nor zen argitu zuen, Ferdinand Walsin Esterházy militarra, alegia. Dreyfus armadan berriz hartu zuten, 1906an.

Aferari buruzko eztabaida hura erabakigarria izan zen errepublikaren fase erradikala sendotzeko, baina ez Frantziako gizarteko joera antisemitak eta autoritarioak gainditzeko.

Dreyfusen aldeko Zolaren salaketa (J'accuse...!)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Émile Zola idazle naturalista Dreyfusen defendatzaile ausartenetako bat izan zen. J'accuse…! (Salatzen dut...!) eskutitz irekia zela-eta, erbesteratu egin behar izan zen.

« Lehendakari jauna: Onartuko al didazu, egun batez egin zenidan harrera onaren esker onez, ongi merezia duzun ospeaz ardura nadin eta esan diezazudan zure izarra, hain zorionekoa orain artean, dagoen orbainik lotsagaarrienaren eta ezin kenduzkoenaren mehatxupean dagoela? Onik atera zara gezur beltzetatik, bihotzak hartu dituzu. (...) Baina nolako lokatz plapa zure gainean -zure erregetzaren gainean esatera nindoan- Dreyfus afera itsusi hau!

(...) Eta kito, Frantziak aldean du lohia, eta historiak idatziko du zure agintaldian burutu zela krimen sozial hau (...).

Salatzen dut Billot jenerala Dreyfusen errugabetasunaren froga zehatzak esku artean edukita, hauek baztertzeagatik, eta horrela, asmo politikoz eta Agintaritza Gorena Babeste aldera, gizateriaren eta justiziaren kontrako krimenak burutu dituelako. Salatzen ditut Boisdeffre eta Gonse jeneralak, krimen beraren konplize bihurtu direlako, bata sukar elizkoiak berotuta, eta bestea ausaz armakidetasun horrek bultzatuta, gerra bulegoak kutxa santu, erasogaitz bilaka dituztelako. (...)

Salatzen ditut gerra bulegoak, prentsan, eta batez ere L´Eclair eta L´Echo de Paris egunkarietan, iritzi publikoa bideratzeko eta euren errua estaltzeko kanpaina lotsagarria egin dutelako. Eta azkenik, salatzen dut lehenbiziko gerra kontseilua, dokumentu sekretu bat erabilita zigortu duelako akusatua; eta salatzen dut bigarren gerra kontseilua, legez kanpo jarrera hori estaltzeagatik eta jakinaren gainean egonik, errudun bat errugabe jotzean eginiko krimen juridikoa burutu duelako. (...)

(...) Hemen betetzen ari naizena ez da egiaren eta justiziaren leherketa bizkortzeko egindako ekintza iraultzaile bat baino. (...).Nire protesta sutsua ez da nire arimaren oihua besterik. Ausart daitezela epaitegira eramatera eta jendaurrean epaitzera. Zain nago.

 »
Émile Zola, J'accuse…!, 1898ko urtarrilak 13

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ikus egunkari haren ale osoa, Gallica webgunean.