Herpes birus soila (HSV) Simplexvirus generoko eta Herpesviridae familiako birusa da, 1 eta 2 tipokoa izan daitekeena. Gaixotasun infekziosoak eragiten ditu gizakiengan, herpes izenekoa, larruazalean hantura eta babak sortzen dituena eta gorputzeko atal desberdinak jo ditzakeena. Bi gaizotasun mota nagusiak ahoko herpesa (ezpain herpesa) eta herpes genitala dira, baina badira beste modu batzuk ere. Herpes birus soilak iraun egiten du organismoan (gongoil sentsiboetan), lozorroan balego bezala, eta baldintza jakin batzuetan berraktibatu egiten da.
Garai batean bi birus-tipoen tropismoa desberdina bazen ere (1 tipoko birusak begi, aho nahiz azaleko infekzioak eta infekzio neurologikoak soilik eragiten zituen; 2 tipoko herpes birusak, aldiz, genitaletako eta beheko gorputz-adarretako infekzio kutaneomukosoak sortzen zituen) gaur egun 1 tipoko birusak eragindako gero eta infekzio genital gehiago ikusten dira. 2 tipoko herpes birusa hilgarria gerta daiteke jaiotza-unean ama infektatu batek kutsatu duen jaioberriarentzat.[1]
Hasierako infekzioaren ondoren, infektatutako pertsona batzuek birusa berraktibatzeko noizbehinkako agerraldiak izaten dituzte. Agerraldi batean, nerbio-zelula bateko birusa aktibatu egiten da eta axoi neuronaren bidez garraiatzen da larruazalera, non birusaren erreplikazioa gerta daitekeen eta lesio berriak eragin.[2]