Hilerri itxia
Hilerri itxia | |
---|---|
Xabier Mendiguren (idazlea) | |
Datuak | |
Idazlea | (1994) |
Argitaratze-data | 1995 |
Generoa | Antzerkia |
Herrialdea | Euskal Herria |
Bilduma | Toribio Altzaga Saria. Bilbao Bizkaia Kutxa literatura sariak |
Orrialdeak | 60 |
Hilerri itxia ekitaldi bakarreko antzerki lan honekin Xabier Mendiguren Elizegik 1994. urtean Toribio Altzaga Saria irabazi zuen. Lanaren oinarria bi pertsonai arteko elkarrizketa gainean sortzen da. Pertsonaiak sinbolikoak dira eta, ondorioz, haien benetako izenak ez ditugu ezagutuko; obra osoan "Desehorzle Gazteena" eta "Desehorzle Zaharrena" bezala ezagutuko ditugu. Argumento osoa aipatzen ez den euskal herri bateko hilerrian kokatzen da. Herrian hilerri berria egin dute eta urteak dira zaharra erabiltzen ez dela. Antzerki lanak zaharra ustutzen ari den momentua azaltzen digu: bi langile hilobietatik hezurrak eta gorpuzkinak ateratzen ari dira, laster toki horretan beste motatako eraikinak egingo direlako.
Pertsonaien sinbolismoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Desehorzle Zaharrena: gerraondorengo pentsamenduaren isla erakusten du. Euskalduna, moskorti eta garai gogorrak ezagutu dituen langilea da. Errealitatea ironiaz ikusten du eta etorkizunean gauza handirik ez du espero. Obraren haria bere hitzaldietan oinarrituko da. Lan finkoa du eta, ondorioz, ez da horretaz gehiegi kezkatzen.
- Desehorzle Gazteena: urduria, lanean ez dago finko. Hasieran berak barrez egiten du barrez kontura baina poliki-poliki bere irudia dramatismoz zamatuko da. Ideologiki ezker abertzalearen ingurukoa dela pentsa daiteke. Bere ikuspuntua zaharrenarenaren kontrapuntua izango da.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aipatutako bi langileak hilerri zaharrean ari dira lanean, hilobiak hustutzen. Gaztea kezkatuta dago ezen langileburua etortzeko delako eta lana aurreratu nahi duelako. Zaharra, aldiz, oso lasai dago; hark badaki kapataza ez dela etorriko. Obran zehar ziurtasun horren zergatia ezagutuko dugu: aspaldian langile portugaldar bat hil egin zen langileburuak eramaten zuen obra batean, gehiegizko lan egin ondorioz. Langile zaharrena gertatutakoaren testigu izan zen eta, geroztik, kapatazak postu lasaiak bilatzen dizkio. Hari horretatik langileak beste oroimen lotzen ditu: juxtu hustutzen ari diren hilobian lurperatuta dagoen emakumea hark ezagututako emakume eder bat zen, bere lehenengo sexu-harremanen laguna. Kate batean historia eta gertaera desberdinak lotzen doaz, hamaiketakoa jaten duten bitartean. Ia obraren bukaeran, biak ala biak mozkortuta, gertaera garaikideetara helduko dira eta langile gazteenak ETAko militantea zen bere lagunaren heriotza azalduko du.
Estilo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi pertsonaien hizkuntza erraza eta zuzena da. Langileak izanik haien mintzatzeko modua ezin da oso dotorea izan. Euskara batuaz idatzia izan arren, anzerki obra honek hizkuntza herritarra eta Gipuzkoa aldeko euskalkien eragina ondo asko azaltzen du. Lanak hasieran elementu komikoak aurkezten baditu, argumentua aurrera joan ahala, dramatismoa gora joango da bereziki bi pertsonaiek talka egiten dutenean.
Eskaintza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Liburua Joxean Lasa eta Joxi Zabalari eskainita dago.