Hiru Erregeen Kapa
Hiru Erregeen Kapa | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | 1470 |
Ezaugarriak | |
Dimentsioak | 141 () × 205 () cm |
Deskribapena | |
Honen parte da | A History of Ireland in 100 Objects (en) Copes of Waterford (en) |
Kokapena | |
Lekua | Erdi Aroko Museoa (Waterford) |
Gertaera nabarmenak | 1650 akaparamendu 1774 aurkikuntza |
Hiru Erregeen Kapa (ingelesez Magi Cope) kapa liturgiko baliotsu bat da, 15. mendekoa eta Waterford hirian gordetzen dena Irlandan. Jantzi nabarmen hau Irlandako Historia 100 Objektutan bilketa lan eta liburuan jasoa dago.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]15. mendeko kapa multzo bat Waterfordeko katedral katoliko historikoaren ondasun preziatuenetako bat izan ziren. Jantziak 1481ean aipatzen dira lehen aldiz John Collyn katedraleko dekanoaren testamentuan. Ziur aski, hiriko jaun aberats batek enkargatuko zituen, eta dirutza kostatuko zen.
Irlandako gatazka erlijisioetan, 17. mendean, indar protestanteek Waterford setiatu eta bereganatu zuten, Oliver Cromwellen tropen bidez 1650ean. Bertako agintaritza katolikoaren akabera ekarri zuen horrek, eta aldi berean eliza katolikoen ondasunen suntsipena. Katedrala bera anglikanoen eliza bilakatu zen. Hala ere, lehenxeago kapa hauek gorde egin zituzten; burdinazko kutxa batean egon ziren berriz aurkitu zituzten arte 1774. urtean. Urte horretan katedral zaharra eraitsi zuten, eliza anglikano berria eraikitzeko, eta zoruaren pean aurkitu zuten burdinazko kutxa kapa ederrekin. Buruzagitza anglikanoak hiriko hierarkia katolikoari itzuli zizkion, adiskidetasun keinu gisa; eta harrezkero kapak Waterfordeko apezpikutza katolikoaren esku egon dira. 2013. urtetik, Waterfordeko Erdi Aroko Museoan ikusgai.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kapa liturgikoen multzoan, Errege Magoen kapa honen urre-oihala italiar jatorrizkoa da. Belus gorri edo berdezko brodatuak ditu, Florentzian 1480 inguruan egindako granada-diseinuekin.[2] Txanoan (hau da, bizkarrean, beherantz lepotik luzatzen den partea apezpiku baten jantzian), ikusten dira eszena batzuk zeinetarik izena etorri zaion kapari. Zeta koloredunetan, flandriar brodatuen lantegietan egindako hiru eszena bibliko daude bertan: Hiru Erregeek Jesus jaioberriari egindako bisita erdian, Sabako erregina Salomon erregearen gortera iritsi zenbekoa ezkerrean eta Abrahamek Melkisedeki eginiko bisita eskuinean. Errege Magoen eszena diseinatu zuten artista flandriarrek Alemanian eta Herbehereetan 15. mendean hedatu zen Biblia Pauperum edo "Pobreen Biblian" zeuden deskribapenetan oinarritu ziren.[1]
Panel gehigarri batzuk ere baditu kapak, Jesus eta Mariaren bizitzetako pasarteak erakusten direlarik: Joakim eta Ana Urrezko Atean; Andre Mariaren Aurkenea eta Deikundea; Jesusen jaiotza; Zirkuntzisioa, Jesusen agerpena doktoreen artean [2], eta gurutziltzatzea.[3]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru Erregeen kapa:
-
Kapa erakusgarri Waterfordeko Erdi Aroko Museoan.
-
Brodatuen detailea.
-
Gurutziltaketaren panela.
Bilduma bereko beste kapen irudiak:
-
Kapa dalmatiko baten detailea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Ingelesez) zinc. (2019-01-31). «Waterford Charter Roll» 100 Objects (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ a b «The Magi Cope» www.askaboutireland.ie (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
- ↑ (Ingelesez) Power, Patrick. (1937). Waterford and Lismore: A Compendious History of the United Diocese. Cork University Press, Educational Co. of Ireland Ltd, 279 or. (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- MacLeod, Catriona (1952), "Fifteenth Century Vestments in Waterford" JRSAI Vol LXXXII, Part II, 1952 (Internet Archive).