Hizkuntza lankidetza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntza lankidetzak edo hizkuntza kooperazioak garapen sozioekonomiko bidezkoa eta jasangarria lortzeko helburuarekin herri eta komunitateen hizkuntza, kultura eta identitateak babestea eta sustatzea aldarrikatzen du, horretarako hizkuntza, kultura eta identitate biziberritze prozesuak lagunduz.

Hizkuntza lankidetzak herrien arteko elkartrukea eta elkarlana hartzen ditu oinarritzat; asistentzialismoa gaindituz esperientzien elkartrukearen bidez, eta giza eskubideak, ekitatea, jasangarritasuna eta parte hartze hatsarretatik abiatzen da (Uranga, 2013).[1]

Hizkuntza lankidetzaren eragileak gizarte mugimendukoak edo erakunde publikokoak izan daitezke. Halere, prozesu arrakastatsuak lortzeko asmoz guztion elkarlana koordinatu beharra galdatzen du.

Zergatik hizkuntza lankidetzaren beharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizateriak milaka eta milaka urteetan eraikitako hizkuntza eta kultura aniztasuna arrisku bizian da (Crystal 2000[2], Hagège 2000). Azkeneko urteetan ehunka hizkuntza desagertu da eta XXI mendean zehar milaka galdu daitezke (Marti eta abar 2005). Galera horrek gizateriaren pobretzea ekarriko luke; mundua ikusteko, ulertzeko eta eraikitzeko moduen murrizketa, alegia.

Hizkuntza galerak ez du soilik giza ondare inmateriala hondatzen. Frogatu da hizkuntza aniztasuna, bioaniztasuna eta pobrezia munduko leku jakin batzuetan proportzio handiagoarekin biltzen direla (Romaine, 2013) eta galtzeko arriskuan dauden hizkuntza gehien pilatzen diren eremuak direla, aldi berean, txiroenak. Alegia,  hizkuntzen eta kulturen desagerpena zuzenean dago lotuta egiturazko pobreziarekin. Azken batez, hizkuntza diskriminazioa desberdintasunen eragilea da egun herrialde txiro askotan eta egiturazko pobrezia desagerrarazteko desberdintasunak eragiten dituzten kausetan eragin beharra dago. Lekuan lekuko bio, kultur eta giza egoera kontuan hartu gabe, eta bertako gizon eta emakumeen parte hartze zuzenik gabe, ezinezkoa da lankidetza eraginkorra izatea.

Helburu horrekin, esperientzien elkartrukean eta herri eta komunitateen arteko elkarlanean oinarritutako lankidetza proposatzen du hizkuntza lankidetzak; laguntzaile/lagundu dikotomia gainditu eta harreman parekideagoak lortzeko.

Hizkuntza dibertsitatearen galeraren eta azpigarapen eta pobrezia estrukturalaren problematika bikoitz horri erantzun nahi dio, beraz hizkuntza lankidetzak, helburua inolako bazterketarik izango duen mundu berri bat eraikitzea izanik.

Hizkuntza lankidetzaren ekarpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazterturik eta gizarteko hainbat esparrutatik kanporaturik diren hizkuntza gutxituak biziberritze prozesuen bidez garatuz gero, herri edo komunitate horiek ekarpen handia eta garrantzitsua egin ahal izango liokete gizateriari. Izan ere, euren jakituria, esperientzia eta ibilbidea partekatuz, hizkuntzen galera eta berreskurapen prozesua askotariko ikuspuntuz jantziko lukete. Ez hori bakarrik, hizkuntza eta identitatearen biziberritzea mendeetan zehar baztertuak eta gutxietsiak izan diren herriak ahaldundu eta komunitate gisa autoestima berreskuratzeko  bide bat da.

Badira azkeneko mendeetan euren hizkuntzaren biziberritzea jorratu duten herriak, edo zeregin horretan dihardutenak, eta zalantzarik gabe, euren ekarpena egungo gizarteari ukaezina da. Hizkuntza baztertuta izatetik prestigiozko izatera jaso dute finlandiarrek, txekiarrek, galestarrek, juduek, katalanek edo euskaldunek.

Hizkuntza lankidetza eta Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaldunok lan handia egiten ari gara gure hizkuntza eta kultura biziberritzeko, eta makina bat estrategia eta teknika garatu ditugu arlo honetan. Herritik herrira baldintzak desberdinak diren arren, eta jakinik herri bakoitzak bere ibilbidea eraiki behar duela, euskararen berreskurapen esperientzia erreferente bat izan daiteke antzerako prozesuetan lanean dabiltzan herrientzat.

Euskaldunok ekarpen handia egin dezakegu herri legez, hiru arrazoiengatik:

Lehenik eta behin, gizarte mugimenduek, estatua aurka izanda ere, eginiko lana kontuan izanik eta, azken hamarraldietan, gizarte mugimenduaren eta erakunde publikoen artean garatutako estrategiak eta landutako teknikak euskararen biziberritze ibilbidean egokiak izan direlako. Horregatik, bildutako ezagutza eta esperientzia munduan biziberritzen jardun nahi duten hizkuntzei lagungarriak izan dakizkieke, erreferente bezala.

Bigarrenik, euskaldunon hiztun komunitatearen tamainak, euskararen egoera soziolinguistikoak eta inguruko hizkuntza nagusietatik dugun diferentzia linguistikoak hainbat eta hainbat jatorrizko herriren ezaugarrietara hurreratzen gaituztelako.

Hirugarrenik, baditugulako erakunde publikoak eta gizarte erakundeak hizkuntza kooperazio hori kalitatez egiteko gaitasuna dutenak, eta etorkizunean ildo hau taxuz garatuz gero, inon aurrekaririk ez duen mailako hizkuntza lankidetza sortu daitekeelako.

Baina hori lortzeko, hizkuntza lankidetzaren ildoa ganoraz abiarazi behar da, hainbat gauza lortzeko asmoz: hizkuntzen biziberritzean inpaktu eraldatzaile handiko lana egitea, munduko kooperazioaren mapan Euskal Herriak funtzio esanguratsua betetzea, eta euskal komunitatean motibazio gehigarri bat piztea, maila unibertsalean izan dezakegun funtzioak eta mundu mailako harremanek elikatuta. Garabide Kultur Elkartea da lan horretan diharduen agenteetako bat.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Uranga, Belen (2013) Garapenerako lankidetza-proiektuetan hizkuntza-irizpidea txertatzeko proposamena – Propuesta para la integración del criterio lingüístico en proyectos de cooperación para el desarrollo. Bilbo: UNESCO etxea – Soziolinguistika klusterra.
  2. AIKHENVALD, ALEXANDRA Y.. (2002-07). «David Crystal, Language death. Cambridge: Cambridge University Press, 2000. Pp. x+198.» Journal of Linguistics 38 (02)  doi:10.1017/s0022226702221635. ISSN 0022-2267..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]