Hiztegi Batua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua 2000ko martxoan lehen aldiz argitaratu zen euskara hiztegi arau-emailea da. 2013ko martxoaren 6an argitaratu zen hiztegiaren bigarren itzulia, Euskaltzaindiaren webgunean, Akademiak arautu dituen 42.942 hitz forma (36.845 hiztegi sarrera eta 6.097 azpisarrera) bilduta.[1]

Euskaltzaindiak sortu zenetik hiztegi alorrean hartu dituen erabaki eta gomendio guztiak hartzen ditu bere mendean; hots, aurreko erabaki edo gomendioren bat ados ez badator hiztegi horretan esaten denarekin, horrixe jarraitu behar zaio eta ez hari. Hortaz, Hiztegi Batua da, Euskaltzaindiaren arabera, euskal hitzen, aldaeren eta horien guztien erabileren zuzentasuna edo egokitasuna erabakitzeko irizpidea.

Hitzen hautua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Forma bat edo beste aukeratzeko orduan, bi irizpide nagusi hauek hartu ditu kontuan Euskaltzaindiak:

  • Tradizio idatziko eta egungo erabilera. Tradizioko erabilera zehazteko, Orotariko Euskal Hiztegia hartu da oinarritzat.
  • Alde bateko eta besteko euskaldunak batzen gaituzten formak hobestea; mailegu berrietan, esaterako, nazioarteko formen alde egin da (adibidez, profil, krokodilo) eta horrelako kasurik ez badago, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunontzat onargarri gertatzen direnei eman zaie lehentasuna. Forma bakarrera iristeko oinarririk edo indarrik ikusi ez denean, forma lehiakideak eskaini dira, kasuan kasuko argibideak emanez, beherago adieraziko den eran.

Hiztegian jasotzen ez diren hitzei buruz esan behar da, bestalde, Euskaltzaindiak ez dituela oraingoz onartzen, baina ezta gaitzesten ere. Euskaltzainek nahiago izan dute alderdiren batetik eragozpenen bat agertzen duten hitzak bigarren ekinaldiko azterketa zehatzagoaren ondoren onartzeko utzi, euskaldunen egungo premia larriek hertsaturik arinkeriaz jokatu baino. Erraza da forma bat proposatzea; ez hain erraza, askotan, alde guztiei begiraturik etorkizunerako egokiena gerta daitekeena eskaintzea. Euskaltzaindiak bigarren era horretan aritu behar du ezinbestean.

Aldaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioko testuetan, euskal hitz askok hainbat aldaera agertzen dituztela jakinekoa da. Horrelakoetan, noski, aldaera bat onartu du Euskaltzaindiak eta besteak baztertu, oro har. Aldaera baztertuekin bitara jokatu du: batetik, gaur egun zalantzaren bat sortzen dutenak berariaz baztertu dira, aldaera baztertuari izartxo bat erantsiz eta e. [ = erabil] ikurraren ondoan forma hobetsia adieraziz: erropa* e. arropa, adibidez; bestetik, batasunak hogeita hamar urteko bidea ibili ondoren gehiengo zabalak euskalkikotzat jotzen dituen aldaerak —barri edo izandu bezalakoak, esaterako— ez dira aintzat hartu hiztegian. Beste batzuetan, hitza bera baztertu da, haren ordezko bat erabili behar dela adieraziz. Dena dela, esan behar da e. ikurra daramaten hitzok adierarik arruntenetan soilik gaitzesten direla: esaterako, kartera e. diru(-)zorro, paper(-)zorro sarrerak adierazten du adiera horretan, eta ez bestetan, gaitzesten dela karteraren erabilera; kartera hitzaren beste adierez ez da lehen idatzaldi horretan ezer esaten.

Nola erabili[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat hitzen formaren ondoan Bizk., Ipar. eta Naf., Gip.... ikurrak ematen dira. Euskalki markaren bat azaltzen duten hitz horiei buruz esan behar da ez dela inondik ere Euskaltzaindiaren asmoa, marka horiek eranstean, horrelako hitzak baztertzea; aitzitik, euskalki hitzok Hiztegi Batuan sartzeak adierazten du Euskaltzaindiak bultzatu egin nahi dituela idazleak hitz horiek erabiltzera —jakinaren gainean eta nori bere senak agintzen dion eran, jakina— horrela euskaldun guztien ondare komuna bihurtuz joan daitezen.

Heg. ikurraren esanahia bestelakoa da, eta bitarikoa. Batzuetan, ikur horren bidez delako hitza berria dela adierazi nahi da eta gaztelaniaz ez dakitenentzat ezin ulertuzkoa —aleazio, esaterako—; horrelako hitz askok bikotea osatzen dute Ipar. marka daramaten hitzekin —Heg. ikurra duen alfonbrak Ipar. duen tapizekin adibidez—. Kasu horietan, Euskaltzaindia ez da gauza izan euskaldun guztiok batu gaitzakeen forma bakar bat eskaintzeko eta, oraingoz, horrelako bikoteekin etsi behar izan du. Beste kasu batzuetan, Heg. ikurrak —asperturen lehen adieran, esaterako— adierazten du delako erabilera Hegoaldekoa soilik dela eta horrelakoetan, noski, ez zaio horiek erabiltzeari inolako oztoporik jarri nahi, inork irakurtzean batzuk eta besteak bereizten arazorik izango ez duelakoan.

Beste hitz mota batek ere argibide berezia behar du: h. [ = hobe] ikurra erantsi zaienak, hain zuzen. Horietan ere bi multzo bereizten dira. Lehen multzoa euskalki marka daramaten hitzek osatzen dute. Horrelakoetan, hobe hori Euskal Herri osoari begira idazten diren testuetako erabilerari soilik dagokio eta hitz edo aldaera horiek egokiak dirateke beste kasu batzuetan, Herria astekarian, Bizkaia gehigarrian edo herri aldizkarietan idazterakoan, adibidez. Bigarren multzoa bestelakoei —hots, zigarro [...] 2 Heg. 'zigarro txikia' h. zigarreta edo partidu Heg. 1 h. partida [...] bezalakoei— dagokie. Horiei buruz, Euskaltzaindiak esan nahi du ohartzen dela ez direla denak idazle guztiek egoera guztietan eta berehala onartzekoak eta agian bide zuhurrena pausokakoa dela, testu jaso eta formalenetatik hasiz eta bigarren urrats baterako utziz ahozko erabilerei lotuenak. Hor ere, senak eta egoerak erakutsiko dio idazle edo esatari bakoitzari nola joka arauok betetzeko erantzukizunean.

Sarrera nagusien ondoan, tradizioan lekukotasun sendoa duten elkarketazko eratorriak eta esapideak jaso dira azpisarrera gisa. Horietan ere, eratorri edo esapide jakin bat ez agertzeak ez du esan nahi hura baztertzen denik —berariaz arbuiatzen ez bada, bederen—, baina ezta zernahi eratorri edo esapide onartzen denik ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren Prentsa Zerbitzua: «Hiztegi Batuaren azken bertsioa sarean jarriko da asteazkenean», Euskaltzaindiaren webgunea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]