Idarreta baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Idarreta
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Asteasu
Lua errorea:Modulu:Kokapen_mapa:411: "ES-SS

<-- Kokapen mapa -->" ez da baliozko izena kokapen maparen definiziorako.

Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2010eko azaroaren 8a

Idarreta Asteasun (Gipuzkoan) dagoen baserria da, XVI. mendean eraikia[1].

2010eko urriaren 6an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia bakarreko baserria, planta angeluzuzenekoa, honako egitura duena: beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara. Bi isuriko estalkia dauka, naba-teilekin egina, gailurra fatxada nagusiarekiko elkarzut dagoela, eta fatxada hegoalderantz orientatua. Hareharriz egindako harlangaitzezko perimetro-paretak, eta eskantzuak, harlanduzko kareharriz eginak. Mendebaldeko horma-atalak hareharriz egindako harlanduzko murruak ditu.

Fatxada nagusia porlanez errebokatuta dago eta konposizio erregularra dauka. Lehenengo solairuaren parean, lau leiho ditu, karez zuritutako ertzekin, eta horien gainean beste lau leiho txikiago, ganbaran. Beheko solairuan, ikusgai zirkulu erdiko hiru arku, itsututa. Orobat, ekialdeko fatxadak ere beste arku itsutu bat dauka, aurrekoen antzekoa. Eraikineko fatxada nagusian kokatutako ataripe zahar baterako sarbidea ematen zuten arku horiek. Ekialdeko fatxadan, beheko zatian, metalezko portalea dago, ate labainkorra duena. Lehenengo solairuaren parean, habe etzan bat erakusten du, eta haren gainean alde horretan dituen egurrezko bilbadurak bermatzen dira, hutsarteak harlangaitz-lanez mukuru daudela. Beheko estalkia irekita dago, ganbara aireztatzen laguntzeko. Belarra biltzeko silo bat dauka fatxadari atxikita.

Iparraldeko fatxadak, atzealdekoak, erantsitako eraikintxo bat dauka, gainerako eraikinaren antzeko murru-atalekin, eta hantxe lau saietera txiki irekitzen dira. Erantsitako eraikin horren estalkia, hori ere naba-teilez egina, isurialde bakar batekoa da, eta iparraldeko fatxadan dauka euskarri. Mendebaldeko fatxadak, beheko plantan, sarbideko portale bat dauka, harlanduz inguratutako leihoburu handi batekin; eta, lehenengo solairuaren parean, leiho-bao bi, harlanduz inguratuak, bai eta harriz eta lurrez egindako malda baten bitartez ganbararako sarbidea ematen duen portale bat ere.

Atal bateko zortzi zutoik osatzen dute eraikin honen barruko egitura, eta zutoi horiek estalkiraino heltzen diren harrizko oinarrietan edo jarlekuetan dute euskarri. Lehenengo solairuko eta ganbarako forjatuak sendotzen dituzten besoen eta habeen bidez lotzen dira zutoiok. Ganbarak urkilak ditu eta haien gainean baserriko teilatuari eusten dioten uhalak bermatzen dira. Teilatua gapirio luzeek, latorrizko lanek eta teilek osatzen dute. Atal bateko zortzi zutoi horietatik bi bikoitzak dira, eta baserri honek dituen garai gotikoko dolarearen berniei dagokie.

Idarreta oinetxe garrantzitsua da, Aiztondo harana jendeztatu zuena. Gaur egungo eraikina XVI. mendearen erdialdeko Gipuzkoako dolare-baserriaren eredu klasikokoa da. XVII. mendearen erdialdean zabaldu zen, hegoaldean habearte bat jarrita, lau arkuko portikoa duena. Garai berean berregin zuten, eta altuera gehitu zioten, alderantziz jarritako arbolazko urkila naturalak jarrita, gaur egun estalkiaren armadura jasaten dutenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]