Inaxio Asteasuinzarra Lertxundi
Inaxio Asteasuinzarra Lertxundi | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Usurbil, 1886ko irailaren 5a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Oiartzun, 1954ko maiatzaren 26a (67 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | errotaria eta asmatzailea |
Inaxio Asteasuinzarra Lertxundi (Usurbil, 1886ko irailaren 5a – Oiartzun, 1954ko maiatzaren 26a) Errotaria eta sona handiko errota konpontzaile eta asmatzailea. Gipuzkoa osoan Oyarzun ezizenez ezagutzen zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Usurbilgo Errotaberrin jaio zen. Gregorio eta Mikaela ziren bere gurasoak.1898an familia osoa Oiartzungo Errotaberrira joan zen bizitzera maizter gisa. Inaxio 1910ean ezkondu zen Josefa Antonia Retegi Oriotarrarekin eta zortzi seme-alabak izan zituzten: Domingo, Gregorio, Jose Mari, Joxe Ignazio, Felix, Pio, Kontxita eta Juliana.
Errotaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Asteasuinzarra-Retegi familiak 1898an hartu zuen Altzibarko Errotaberri errota errentan, baina 1920an Karrikako Arraskuko errotara pasa ziren, ondorengo urtean Errotaberri betirako utziz.1929. urtean Bidasoro errotan argi indarra sortzeko ur publikoen aprobetxamenduaren erregistroan inskribatzeko eskaera luzatu zuen.
Erroten gaian ezagutza handiko pertsonaia izan zen. Antxon Agirre Sorondok "Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)" liburuan honela dio:
"Errotarien leinu horretatik merezi du Inaxio Asteasuinzarra Lertxundiren nortasuna nabarmentzea, erroten gaian ezagutza handiko pertsonaia baita.
Asteazuinzarrak mugarri bat ezarri zuen errotaritzaren historian. Errotarriak zorrozten artista zen. Gipuzkoa osoa zeharkatu zuen, azken herriraino, errotaz errota. Probintzia osoan izan zen ezaguna eta inolako akatsik gabe esan daiteke bere garaian errotei buruz gehien jakin zuen gizona izan zela.
Gipuzkoako errota ia guztietan egin zituen konponketak. Errota konpontzen zien, harriak pikatu, edo tresnak konpontzen zizkien. Trebea zen, eta bereziki arto-errotak ezagutzen zituen. Gipuzkoako errotetan zehar ibiltzen zen, erreminta-zakua bizkarrean zuela, eta errotariari galdetzen zion ea konponketarik edo arazorik ba ote zegoen. Ezezkoa jasoz gero, oinez, beti zakua sorbaldan zuela, hurrengo errotaraino joaten zen. Horrela egiten zuen bidea Beraraino edo Oñatiraino. Errotaren batean berarentzat lana zeukatenean, behar adina egun pasatzen zituen bukatu arte.
Jose Mª Beldarrainek, Aiako Iruntxi-errotako errotariak esanda jasoa da, oso merkea zela bere lanean. Lo egiteko leku batekin konformatzen zen, etxeko bazkaria, (ardoa edo quita penas beti eskura) eta hiru egun osorengatik, joan-etorriak barne, 500 pezeta inguru kobratzen zituen (asko jota!).
Bere jakinduria handia zen. Errotariek harriak berdintzeko, klariona eta sokak erabiltzen zituzten alderik desnibelatuenak markatu eta, pixkanaka maila perfektua lortzeko. Inaxiok, aldiz, esku-ahurra harriaren gainean jarri eta ukitze hutsarekin bere nibelazio perfektua egiaztatzen zuen besteek baino askoz denbora gutxiagoan. Errotaren teknologia menperatzen zuen tamaina guztietan. Instalazio txikienetik handieneraino, ezerk ez zuen berarentzat sekreturik. Beharraren arabera, errota egiten zuen eta beharrezko turbina (turtukoya) jartzen zuen. Intuizio mekaniko handia zuen eta konponketa guztietan aditua. Gipuzkoan errotak ongien konpontzen zituenaren fama zuen eta artorako harriez gehien zekiena.
Bere nortasuna nabarmendu behar da batez ere, ikaragarri profesionala eta oso ganorazkoa baizen. Bere akatsik larriena izakera zakarra zen. Beldarrainek kontatua da, Inaxio lanean libre uztea zela onena. Behin Orion eraiki zen errota txiki batean lanean ari zela, errotariak arazoak eta konponbideak zeintzuk ziren azaltzen hasita, Iñaxiok alde egin omen zuen, berak hainbeste egiteko gai izango zela esanda. Harrotasun profesionala zeukan; nahikoa izaten zen zer egin behar zuen esatea. Aldiz, ez zuen onartuko "nola" egin behar zuen inork esatea.
Eraikitako errotak eta zentral elektrikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxienez bi errota instalatu zituen osorik, Inaxio Asteasuinzarrak: bata, Txanka-errota, Oriokoa, Gipuzkoan ezagutzen zen turtuki txikiena zuena, eta ur gutxirekin normaltasunez funtzionatzen zuena; eta bestea, Olaa-errota, Zarauzkoa, Gipuzkoako turtuki handienetakoa, hiru metro baino gehiagoko erradioarekin.
Azaingo zentral elektriko txikia ere instalatu zuen Inaxiok, beste batzuen artean. Etxean erabiltzeko tamaina txikiko zentralak ziren, baina instalatzeko behar ziren ezagutzak eduki behar ziren. Uraren teknika menderatzen zuen, mekanika eta elektrizitatea.
Makina hidraulikoen asmatzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inaxioren gaitasun erakusgarri dira Arrasku Errotako bere etxebizitzan instalatutako 12 makina hidrauliko:
- Baserrirako argi indar sorgailua.
- Irin errota bera.
- Aletzeko makina.
- Ale-garbitzailea.
- Zinta-zerra.
- Disko-zerra.
- Zerra-orriak zorrozteko makina.
- Ote-ebakitzailea.
- Artoa aletzeko makina
- Sagarra jotzeko makina.
- Sagardoa egiteko dolarea
- Umeen sehaska kulunkatzeko sistema.
Bitxia, sehaskaren kulunka sukaldetik nola eragiten zen abiadura handiagoa edo txikiagoa emanez. Haurrak jakitun, sehaskatik bertatik erregulatzen zuten abiadura beraien gustura.
Kontu liburuetako zeinu sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kopuruak markatzeko zeinu sistema propioa ere sortu zuen. Ezagutzen ez ziren zeinu grafiko propioak asmatu zituen kopuruak grafikoki adierazteko. Kopuruak modu honetara markatzen zituen, multiplo guztiak lortzen zirelarik. Kontu-liburuetan erabiltzen zen, eta baliokidetasunak deszifratu ezean, inork ezin zituen jakin errotariaren kontuak.
Ehotze debekua saihesteko sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gosearen urteetan, 1941-42 inguruan, guardia zibilak errota zigilatu zion, garai hartan ia errota guztiekin egin zuten bezala. Horretarako, bi harriak paper zigilatu batekin “itsasten” zituzten; horrela, errota martxan jartzen bazen, zigilua hautsi eta errotariari isuna jartzen zitzaion, arau-haustea egiteagatik. Horren aurrean, Inaxiok errotaren ardatza ganbararaino luzatu zuen, eta ehotzeko harri normalak gerarazi zituen. Horrela, beste harri bat jarri zuen ganbaran zigilua hautsi gabe; arrisku bakarra guardia zibilak zarata entzutea zen, eta, beraz, gauez ehotzen zuten.
Inaxio Asteasuinzarraren beste hainbat lanbide
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marmolari eta hargin gisa ere lan egin zuen. Kamioi-gidaria izan zen, eta, semearen arabera, kamioiak gidatzeko baimena lortu zuen lehena izan zen Oiartzunen. Garai hartan berak konpontzen zuen kamioia. Nahikoa ziren kableak, sokak eta buru-argitasun pixka bat; “nere patenta duk hau” esan ohi zuen, eta hain ezaguna egin zen esaldi hau Oiartzunen, non auzotarren batek horrelako konponketa bat egiten zuenean esaten zitzaion: “Iñaxio molineron patenta ibili duk gero!”
Txirritaren bertsoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hondarribian itsasontzi-gila bat egiteko Oiartzundik eraman zen haritz handi bat (ikus 1983/VI/11ko El Diario Vasco) eta Karrikako errotariak “bere polea eta kateen” bidez emandako laguntzari erreferentzia eginez Txirritak bertso batzuk kantatu zituen:
Siglo berriyan ogeita
amabost bat urte
ez gera iritxi baño
ez dira aparte
….
….
….
….
Puska ezin altxarik
giñadela ari
zeñek lagun egiña
izandu zan guri
kate polearekin
zitzaigun etorri
eskerrak Karrikako
Errotariyari”
Arraskuko errotaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Karrika errekako urekin elikatzen da. Eraikina errekaren eskubi aldean kokaturik dago: UTM 30N ETRS89 X593054, Y4792982.
- Errotarri pare kopurua: 1
- Emaria: 120 litro segundoko
- Ur saltoa: 3,6 m.
- Kanalaren luzera: 100 m.
- 1982ean errotaria: Jose Maria Asteasuinzarra Retegi, Inaxioren semea.
Errotaren egoera 2024ean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Inaxio Asteasuinzarra Irastorza, Jose Mariaren semea da errotaria.
- Artoa etxerako ehotzen du.
- Errotako makineria eta azpiegitura hidraulikoa oso ondo kontserbatzen dira.
- Pieza bakarreko harrizko turtukia gorderik dago errotan. Honako inskripzioa du: “LO ISO JULIAN DE ASTEASUINZARRA EN EL AÑO 1848”.
Erabilitako bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- “Tratado de molinología (los molinos de Guipúzcoa)” 1988. Antxon Agirre Sorondo[1]
- Oiartzun 1982. (76-77) Los molinos de Oiartzun. A. Agirre.
- Oiartzun 1982. (78-81) Los Asteasuinzarras de Oyarzun. Iñaki Arbelaitz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Barandiaran Bilduma 3: Tratado de Molinología: Los molinos en Guipúzcoa. | Argitalpenak | José Miguel de Barandiaran Fundazioa» www.barandiaranfundazioa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-08).