Buztanzuri arrunt
Ipurzuri arrunta / buztanzuri arrunta | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Muscicapidae |
Generoa | Oenanthe |
Espeziea | Oenanthe oenanthe Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,28 m |
Kumaldiaren tamaina | 5,3 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Buztanzuri arrunta edo ipurzuri arrunta (Oenanthe oenanthe) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasia osoan bizi dena[1].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buztanzuri arruntak sei azpiespezie ditu:
- Oenanthe oenanthe oenanthe
- Oenanthe oenanthe leucorhoa
- Oenanthe oenanthe seebohmi
- Oenanthe oenanthe libanotica
- Oenanthe oenanthe virago
- Oenanthe oenanthe rostrata
Buztanzuri arruntaren ezaugarri nabariena hegan egitean erakusten duen ipurtxuntxur zuria da. Gainerakoan, bizkarraldea eta burua grisak, sabelaldea eta bularra zurixkak edo arrosak eta hegoak eta isatsa beltzak ditu. Begien gainean orban beltz bana ditu. Landaredi gutxiko lekuetan bizi da eta migratzailea da. Euskal Herrian arrunta.[2]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txolarre bat bezain handia da, 14 eta 15 cm bitarteko neurriarekin eta bere hegal zabalduen punten artean neurtzen dituen 24 cm-kin. Mozorro beltz bat du, mokoaren oinarrian hasi eta aurpegiaren atzealderaino luzatzen dena; bere gainean, bekain zuri garbi bat, buruaren gainerakoa eta atzealdea gris-urdinxka eta hegal beltzak. Sabel aldea zurixka, okre zurbil batez arinki tindatuta, bizitasun gehiago hartuaz bularrean okre-gorrixka izan arte. Mokoa eta hankak beltz-beltzak.
Baina benetan deigarria dena orban zuri handi bat da, oso zuri garbikoa, ipurtxuntxurrean eta isatsaren zati handi batean. Azken hau, erdiko bi lumetatik gorputzerantz luzatzen den marra beltz zabal batean amaitzen da, alderantzizko T bat bezalakoa.
Emea ez da hain deigarria, hala ere isatsaren eta ipurtxuntxurraren diseinua mantentzen da. Kolore arre-grisaxka gainetik, mozorroa eta bekainak ia markatu gabe, eta, oro har, kolore motelagoak ditu. Arraren neguko lumajea emearenaren antzekoa da.
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere taldeko espezie guztiek bezala, pitxartxar, buztangorri eta buztanzuri, ez daki geldirik egoten. Hara-ona dabil, harkaitz bat igotzen du, han gelditzen da une batez, buztana ireki eta ixten duela, bere hanken gainean uzkurtu eta altxatzen da, eta, handik gutxira "tek, tek" lehor bat botatzen du, hegan doa lurra urratuz, gertuko harri pilaren bateraino.
Beti aktibo, beti urduri, bizitza gehiena lurrean egiten du; han ehizatzen du eta han egiten du habia. Intsektu, barraskilotxo, zizare eta har asko harrapatzen ditu, era guztietako ornogabe txikiak. Dirudienez, ez du inolako landarerik kontsumitzen.
Migratzaile handia da. Talde batzuek distantzia izugarriak egin behar izaten dituzte bidaia bakoitzean, izan ere buztanzuri arruntak Afrika tropikalera joaten dira negua pasatzera eta Groenlandiako bezalako latitude altuetan hazten da.
Ez da batere lagunkoia, eta bai, oso lurraldekoia. Beste bat bere lurrera hurbiltzen denean, borroka segurua da, sarkinak ihes egin ohi du, lurraren jabea atzetik duela.
Hona iristean, normalean apiril aldera, arren arteko liskarrak etengabeak izaten dira, harik eta bakoitzak bere lurraldea mugatu arte. Emeen etorrerarekin, beranduxeago, bikoteak osatzean, berriz ere, borrokak izaten dira sarritan.
Harkaitzen edo harri handien azpiko barrunbeetan egiten dute habia, hormetako zulo edo arrakaletan eta harri piletan, batzuetan untxien edo ugaztun txikien zuloetan, ahal dela, beti zulo sakonetan. Bertan, belar eta sustraitxo multzo bat biltzen du, erdian sakonune txiki bat egiten du kardu biloez, artilez, lumaz, belar finez eta bestelako material leunekin estalita.
Oro har, maiatzean hasten da 5 edo 6 arrautza urdin zurbilen inkubazioa eta 13 edo 14 egun irauten du. Habia 15 egun geroago uzten dute, baina gurasoek elikatuta jarraitzen dute, gutxienez beste aste bat gehiago. Gero familia taldeak denbora dezente ematen dute elkarrekin.
Bigarren erruteak normalak dira leku batzuetan, arraroak beste batzuetan. Seguruenik, mendian eta latitude altuetan, non kumeak beranduago hazten diren, bakarra egingo dute.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buztanzuri arruntak oso banaketa zabala du Europa osoan, Asiaren zati handi batean, eta Afrikako iparraldean. Asiako ipar-ekialdetik Alaska kolonizatu du eta mendebaldetik Islandia eta Groenlandia eta Kanadako ekialdeko kostaldea Europatik. Balio ekologiko handia du, Europako eta Asiako estepa lehor eta beroetan hazten du, baina baita tundra Artikokoan ere. Ohikoa Iberian, Mediterraneoan normalean mendietan hazten du.
Gure lurraldean banaketa orokorra du. Bi habitat motatan dago. Harriz zipriztindutako goiko larreetan, Aralar, Entzia, Gorbeia eta abarretan, oro har, 800 metrotik gora. Hemen lortzen dituzte dentsitaterik onenak. Kantauriko isurialdean espeziea habitat honetan baino ez dago, behar dituen lur zabal, arraseko landaretza eta harridun bakarra delako.
Araban, gainera, lautadako eremu irekiak, alfer-lur harritsuak eta zereal laboreen arteko muino idorrak eta abar hartzen ditu, beti leku soiletan.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Svensson, Lars; Peter J. Grant (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins
- ↑ Jon Larrañaga Elhuyar, K.E.. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 169 or. ISBN 84-87114-09-1..
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989,). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 244 or. ISBN 84-7542-639-5,..