Irarrazabalgo hormarteratua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Irarrazabalgo hormarteratua Deban (Gipuzkoa) kokatzen den kondaira bat da, XV. mendekoa.

Kondaira honen lehen argitalpena Juan Benanzio Arakistainen Tradiciones vasco-cántabras liburuan azaldu zen, (1866). Bilduma horretan Euskal Herrian belaunaldiz belaunaldi ahoz kontatutako kondairak biltzen zituen, tradiziozko kontakizun hauek ez galtzeko helburua duelarik.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debako Bustiñaga dorretxeko lehen semea, Iban izena zuena, Iturtzatarren sarraskiaren ondorioz bizirik irten zen bakarra izan zen, baina maitasuna etsaitasuna baino handiagoa denez, Iturtzatarren alaba zen Domenxarekin ezkondu zen. Egun batean, herri bereko Peru Olano gaztea etxera etorri zitzaien Ibani mairuen kontrako gerrarako jende bila joateko eskatzera, eta beraz, zaldunak Peru eta Domenxa bere etxean utzi zituen nahiz eta haien arteko laguntasunagatik jeloskor egon. Bilaketan zortzi egun eta zortzi gau eman ostean, Irarrazabalera itzultzen zegoela, azti batekin egin zuen topo eta aztiak bere etxeko hormen artean ekaitza eta hodei beltzak zeudela iragarri zion. Hala ere, dorretxera iritsi bezain pronto gerrara joan beharra zeukan, eta Domenxaz agurtu ere egin gabe abiatu zen[1].

Bitartean, dorretxean Iturtzatarren sarraskian Ibanekin batera bizirik atera zen neskameak, Teresak, familia honen kontrako mendekua prestatu zuen. Dorretxeko morroiei pare bat gezur kontatu eta Iban gorrotoz beterik Peruren bila joatea eragin zuen. Debara iristean, Ibanek Peru Domenxaren gelan ikusi eta labankadaz hil zuen emaztea harekin desleial izan zela uste zuelako eta emaztearentzat zigor gogorragoa ezartzea erabaki zuen: dorretxearen gela batean horma bat eraikitzea eta emakumea bertan sartzea, jateko soilik zulo bat utziz. Horrela bizi izan zen Domenxa hil artean, egun hartan bertan dorretxeari su eman zioten arte.

Azkenean, dorretxeko morroia zena Teresak egin zuenaz ohartu eta neskamea harrapatzen saiatu zen, bera ere dorretxeko sugarretara botatzeko. Baina ezustean ihes egin zuen Teresak, hain zorigaiztoko, non ihesean zebilen bitartean irrist egin eta Deba ibaira erori baitzen, bertan itoz.

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian zehar, jatorriz ahozkoa izan zen kondaira hau idatzizko formatura pasatzeko hainbat saiakera egin dira, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Benanzio Arakistainen Tradiciones vasco-cántabras liburua, 1866an argitaratua (ikus 54-138 orrialdeak)[2].

Fernando Márquez de la Plata Echeniquek eta Ricardo Irarrazabal Rojasek diruztatutako Una Tradición Vasca: La emparedada de Irarrazabal liburua, 1918an Madrilen argitaratua[3].

Goizane Aizpuruaren hitzak eta J. Ignacio Trekuren ilustrazioak dituen haurrentzako bertsioa Irarrazabalgo Hormarteratua, Debako Udalaren argitalpena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]