Iraultza (talde armatua)
Iraupena | 1981 - 1991 Iraultza Aske: 1992[1] - 1998 (su-etena) |
---|---|
Ideologia | Sozialista[erreferentzia behar] |
Ekintza eremua | Hego Euskal Herria |
Ekintzen xedeak |
|
Iraultza Hego Euskal Herrian 1980ko hamarkadan aritutako talde armatu iraultzaile ezkertiar bat izan zen. Lehen agerpena 1981ean egin zuen[2].
Politikoki, borroka armatua gizarteko borroketan eragiteko tresna gisa ikusten zuten, gizarte borrokak nazio arazoari lotutakoen gainetik jarriz. Era horretan, ez zuten zerikusirik ETA erakundearekin, zenbaitetan esan den bezala; eta Hego Euskal Herriko ezker-muturreko zenbait sektorerekin harremana zuten.
Ekintzen helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere ekintza armatuak lehergailu bidezkoak izan ziren, batez ere langile gatazkekin zerikusia zuten eraikinak erasotuz (INEMeko bulegoak, aldi baterako lan-enpresak...). Estatuaren eraikinak (Correoseko bulegoak, esaterako) ere erasotu zituzten, eta baita AEBetara loturiko enpresak ere[3]. Horrela, "estatubatuar interesen aurka lehergailu gehien ipini zituen Europako taldea" izan daiteke[4]. Iñaki Egaña historialariaren arabera, Iraultzaren ekintzen %29 lan gatazkak zituzten enpresei loturikoak izan ziren, eta %19 AEBen interesen aurkakoak.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sortu eta ondorengo urtean, 1982an, lehergailu bidezko 23 ekintza egin zituen Iraultzak. Hamarkadan sartzearekin batera, ekintzen kopuruak behera egin zuen, eta 1989an 9 ekintza egin ondoren, lehergailuak jartzeari utzi zion.[1]
Ekintzotan taldeko hainbat kidek bizitza galdu zuten, lehergailuak prestatzen edo jartzen ari zirela:[1] 1983an Ángel Fernández oñatiarra, 1984an Bilbon Jose Mari Prieto Pese eta Jose Mari Orbezua, 1986an Juan Carlos Gallardo, eta 1991eko apirilaren 30ean Sestaon (Bizkaia) Rosa Díez Sainz, Jesús Fernández eta Marisol Mujika[5]. Taldeak ez zuen pertsonen aurka bideraturiko ekintzarik burutu. Iturri batzuen arabera, hala ere, 1986an langile gazte batek bizia galdu zuen Iraultzaren lehergailu batek eztanda egiterakoan[2].
Zatiketa eta Iraultza Askeren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990eko hamarkadaren hasieran zatiketa gauzatu zen taldean. 1991eko martxoan, Iraultzak batzar bat burutu zuen, eta bertan bi jarrera agertu ziren. Batzuen ustez, Iraultzak borroka armatu klasikoaren araberako eskemarekin jarraitu behar zuen; eta besteen arabera, borroka armatua, gizarte mobilizazioen mesedetan, alde batera utzi beharra zegoen. Horrez gain, antolakuntza ereduari buruzko eztabaidak handiak ziren. Azkenean, haustura gauzatu eta 1992an borroka armatuarekin segitzearen aldeko sektoreak Iraultza Aske sortu zuen.[1] Beste sektoreaz (taldeko zuzendaritza alde honetan zegoen) ez zen berri gehiago izan eta, dirudienez, erabakiaren berri eman gabe taldea deuseztu zuten.
Iraultza Aske
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraultza Aske, bada, 1992an atera zen argitara agiri batean izen hori erabiliz[6]. Talde berriak hainbat lehergailu jarri zituen, «ingurumenaren degradazioaren, arrazismoaren, matxismoaren, patronalaren esplotazioaren aurka, langile klasearekiko elkartasunez, langabeziaren, Espainiako Gobernuaren politikoa ekonomikoaren, errepresioaren aurka, eta preso eta erbesteratuekin elkartasunean».[1] Badirudi azken ekintza armatua 1996an egin zuela Iraultza Askek[7][8]. 1998. urtean, ETAk su-etena iragarri eta gutxira, komunikatua bidali zuten Egin egunkarira, su-etenarekin bat eginez. Orduz geroztik ez da haien berririk izan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f Egaña, Iñaki (1996): Diccionario histórico-político de Euskal Herria, Txalaparta argitaletxea, 446. or.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Iraultza asume que puede pasar a cometer asesinatos La Vanguardia, 1988ko apirilaren 1a
- ↑ (Gaztelaniaz) Coca-Colako bulegoaren aurkako ekintzari buruzko albistea ABC, 1983ko azaroaren 20a
- ↑ Schmid, A. P. (1993): Western Responses to Terrorism, Routledge Press.
- ↑ (Gaztelaniaz) Los muertos en la explosión de Sestao eran del grupo Iraultza La Vanguardia, 1991ko maiatzaren 1a
- ↑ (Gaztelaniaz) Beste albiste baten barruan La Vanguardia, 1992ko maiatzaren 21a
- ↑ (Gaztelaniaz) El grupo violento Iraultza reivindica los ataques a las ETT La Vanguardia, 1996ko ekainaren 2a
- ↑ (Gaztelaniaz) Detenido un joven por su presunta relación con un zulo de Iraultza El Mundo, 1999ko abuztuaren 17a
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Zendutako Iraultzako hiru kideri omenaldia, Gara, 2007-5-02