Iruñeko harresiaren mosaikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harresiaren bi mosaiko zatiak elkarren ondoan jarrita, Nafarroako Museoan.

Iruñeko harresiaren mosaikoa erromatarren garaiko bi mosaiko zati dira, Iruñean aurkituak, II. edo III. mendekoak, eta garai hartan Pompaelok zituen harresi, ate eta dorreak beharbada irudikatzen dituztenak; hori da, bederen, herritarren artean hedatuen dagoen interpretazioa. Harresien bi mosaiko zatiak tesela zuri eta beltzekin eginak dira, eta tesela horietako bakoitza, batez bertze, 1,5 cm. luze da[1]. Mosaikoak Nafarroako Museoan daude ikusgai.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi mosaiko zati hauek 1856. urtean aurkitu zituzten Iruñeko Alde Zaharrean, Curia karrikako 16 eta 18 zenbakidun etxeen ondoan[2]. Nafarroako Museoan gordetzen eta erakusten duten kartel zahar batek ematen digu horren berri. Gainera, Iruñeko Udalaren 1856ko urriaren 28ko akta batek zehatz-mehatz azaltzen du aurkikuntza hura. Hala, horri esker badakigu harresiaren mosaiko zatien ondoan aurkitu zutela hipokanpo bat (greziar mitologiako itsas zaldi bat) irudikatzen duen mosaikoa, eta historialariek uste dute konposizio bereko zatiak direla denak: hipokanpoa erdian egonen zen, eta harresiak inguruetan. Eta irudi zentralaren gaia dela-eta, historialariek pentsatzen dute konposizio hori terma batzuetan egonen zela[1].

Interpretazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako mosaiko erromatarretan aditua zen Jose Maria Blazquez Martinez historialariak harresien bi mosaiko zati hauek aztertu eta mundu erromatarreko bertze batzuekin erkatu zituen, eta 1986an ondorioztatu zuen Iruñeko marrazki hori "konbentzionala" zela, "ohikoa", eta geografikoki "oso urruti" zeuden toki ezberdinetan "errepikatzen" dela[3]. Alegia, Iruñeko bi mosaiko horiek ez dituztela berez Iruñeko harresiak irudikatzen, edozein hiritako edozein harresi baizik.

Geroago, ordea, Nafarroako Museoko zuzendari Mercedes Joverrek bertze teoria bat eman eta esplikatu izan du harresien mosaiko hau Iruñean aurkituriko bertze mosaiko batekin lotzen dutela orain, Teseo eta Minotauroarenarekin, eta beraz harresi horiek Kretakoak izanen liratekeela[4], bertan omen baitzegoen mito horren labirinto famatua. Harresiena ez bezala, Teseoren mosaikoa polikromoa da.

Interpretazio horri jarraituz, Euskal Herriko historia ilustratua bildumako lehen liburuan, Joseba Asironek eta Martin Altzuetak bi mosaiko horiek ilustrazio bakarrean irudikatu zituzten[5]. Liburuko Honela egin dugu atalean, esplikatu zuten "lehen aldia" zela "termetako jatorrizko zoladura berreraiki dena". Berreraikipen horrek, ordea, baditu bi arazo nagusi: batetik, harresien mosaikoa zuri-beltzezkoa da eta Teseorena, polikromatua; eta, bertzetik, jakin badakigu harresien mosaikoa Curia karrikan aurkitu zutela, baina Teseorena ez dago argi ‒"Altadilek eta Fitak erran digute Navarreria kalean aurkitu zutela, itsas zaldia aurkitu eta urte batzuetara"[1]‒.

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) Mezquíriz, María Ángeles. (1954). «Notas sobre la antigua Pompaelo» Príncipe de Viana (Iruñea: Vianako Printzea erakundea) 56-57: 231-247. ISSN 0032-8472..
  2. «Rutas arqueológicas por Navarra: POMPELO - La Pamplona romana en el Museo de Navarra - Pamplona» Rutas arqueológicas por Navarra 2015-05-27 (Noiz kontsultatua: 2023-04-15).
  3. (Gaztelaniaz) Blázquez Martínez, José María. (1987). «Arte y sociedad de los mosaicos de Navarra» Príncipa de Viana. Anejo (Iruñea: Vianako Printzea erakundea) 7: 307-338. ISSN 1137-7054..
  4. (Gaztelaniaz) Sánchez, Sara. (2011). «Museo de Navarra. Una mirada diferente» Conocer Navarra (Iruñea: EGN Editorial) 25: 37..
  5. Asiron, Joseba. (2014). Euskal herriko historia ilustratua I. Historiaurretik erromanizaziora. Tafalla: Txalaparta, 90 or. ISBN 978-84-16350-00-1..