Iturritxualde
| Iturritxualde | |
|---|---|
| Datu orokorrak | |
| Garaiera | 386 m |
| Mota | mendia |
| Geografia | |
![]() | |
| Koordenatuak | 43°16′11″N 2°53′36″W / 43.26963°N 2.89337°W |
| Honen parte da | Kostaldeko Donejakue bidea |
| Mendikatea | Gangurenganako mendilerroa |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Mendizaletasuna | |
| Ohiko bidea | Galdakaotik |
Iturritxualde mendia (gaztelaniaz: Monte Avril) Ganguren mendilerroan dago eta 386 metroko altuera du. Mendi honek Bilbo eta Txorierri banatzen du, eta Bilboko eta Zamudioko udalerrietan hedatzen da.
Euskaraz ezaguna izan da Biribil izenarekin ere. Gaztelaniazko izena Jean Jacques Avril generalari zor dio. General hori Bilboko gobernadorea izan zen frantsestean.
Mendia oso gune historiko garrantzitsua da Begoña eta Bilborentzat. Mendiko bideetan sartuta, denboran zehar bidaiatzeko aukera dago, trikuharri, Erdi Aroko galtzada eta XIX. eta XX. mendeetako lubakien artean.[1]
Zamudiotarren Galtzada, Done Jakue bidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroko galtzada baten aztarnek diraute Iturritxualde mendian. “Zamudiotarren Galtzada” izenekoa da, eta antzina Gernikatik Bilbora zihoan bidearen parte zen. Gaur egun, Done Jakue Bidea egiten duten erromesek galtzada horretatik`pasatzen dira Kantauriko kostaldeko bidea hartuz gero.[1]
Ibilbideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begoñako basilikatik abiatuta igo daiteke Iturritxualderaino, Donejakue Bidean atzera eginda.[1]
Halaber, Bilbo Inguruan ibilbide zirkularra egiten duen GR 228 bidetik ere joan daiteke Iturritxualdera edo Kurubiolandara. Badira bide horretara igotzeko sarbide batzuk; Zurbaranetik Landeta bidetik, Zabalbide eta Arabellatik Atxeta bidetik, eta Santutxu, Txurdinaga edo Otxarkoagatik Arbolantxa bidetik).[1]
Borrokalekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilboko iparraldean dagoen Artxandako mendilerroko garaierarik garaienetakoa da mendi hau. Bere kokapen estrategikoa denez, itsasadarreko haranaren gainean dago tontor nagusi batean, historiaurretik ibili dira dira gizakiak inguru honetan. Horren lekuko dira dokumentatutako hainbat trikuharri-estazio eta arkeologia-eraikin. Aro garaikidearen etorrerarekin ingurua militarizatu egin zen. XIX. mende hasierako Frantseste garaiko gerran Jean Jacques Avril jeneral frantsesak gotortu zuen, eta hari zor dio erdarazko izena.[2]
Era berean, karlistaldietan bi aldeak ibili ziren borrokan tontor hau kontrolatzeko; talka horren ondorioz, gotorleku poligonal handi bat eraiki zen, oraindik ere irauten duena. Bigarren Karlistaldian Iturritxualdetik hasi zen Bilbo bere setioa apurtzen. Iturritxualdeko ekintza 1874ko maiatzaren 18an gertatu zen, eta hura izan zen setiatuta zegoen Bilboko segurtasun-kordoia zabaldu zuen lehena.[2]
Azkenik, 1936ko Gerra Zibilean berriro gotortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bilbo defendatzeko azken borrokalekuetako bat izan zen Iturritxualde mendiko gailurreria 1937ko ekainean. Borrokaldi haien froga gisa, gaur egun metrailadoreen kokalekuak eta lubakiak ikus daitezke hori gogoratzeko prestatu den oroimen-ibilbidean zehar.[1][3][2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Bilboko Udala. (2015). ITURRITXUALDE Oroimen-ibilbidea - MONTE AVRIL Ruta Memorial. Bilboko Udala.
- ↑ a b c Martín, Gorka. (2024). Bilbao 1874. El asedio carlista a la invicta villa. La esfera de los libros.
- ↑ «Paseillos Txirenes VII; San Roke,Artxanda y Monte Avril o Iturritxualde» Wikiloc | Munduko ibilbideak (kontsulta data: 2025-01-10).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- «Paseillos Txirenes VII; San Roke,Artxanda y Monte Avril o Iturritxualde» Wikiloc | Munduko ibilbideak (kontsulta data: 2025-01-10).
