Edukira joan

Itziar Eguren

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itziar Eguren

Bizitza
JaiotzaElorrio1953ko apirilaren 17a (71 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakerizaina eta txistularia
Enplegatzailea(k)Osakidetza
KidetzaJaizale Durangaldeko txistulariak

Itziar Eguren Gallastegi (Elorrio, Bizkaia, 1953ko apirilaren 17a) bizkaitar erizaina eta txistularia da.[1]

Aita Doroteo Eguren Amiano elorriarra zen eta ama Gotzone Gallastegi Eguren. Elorrioko mojen eskolan denbora labur batean ikasten egon ondoren, Funcor ikastetxe aitzindarian - diktadura frankistaren garaian, euskarazko irakaskuntzaren sorrera - jarraitu zuen hasierako batxillergoa egin arte.[2] Gero Durangoko institutuan jarraitu zuen. Erizaintza ikasi nahi zuen, baina sasoi hartan ez zen erraza. Horregatik Puerikultura egin zuen Bilbon. Kasualitate bati esker lortu zuen erizaintza ikastea. Sasoi hartan ez zegoen gaur beste erraztasun bidaiatzeko eta lehengusu batek moja bat eraman zuen berekin kotxean Madrilera. Bidean kontu kontari zihoazela, mojak Valentzian erizaintza egiteko aukera zuela esan zion. Zalantzarik ez zuen izan Egurenek; Valentziara joan eta erizain titulua izatea lortu zuen.

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurutzetako ospitalean hasi zen erizain lanean. Arrasaten urte batzuk eman ondoren, jaioterriko anbulategian jarraitu zuen.

Elorrioko pediatria taldea: Itziar Eguren erizaina eta Sara Egidazu pediatra, 2018.02.18

30 urte inguru Elorrioko pediatrian aritu zen, erretiroa hartu arte. Elorrioko pediatria taldea osatu zuen, Sara Egidazu pediatrarekin batera. Hasieran, jendeak 'Abade jauna' edo 'Mediku jauna' esaten zietenean, anbulategiko emakume bakarrak ziren eta ez zen erraza izan, biak andreak eta bertakoak, herrikoak gainera. Sasoi horretan hasi ziren aldaketa egiten, katarrorako antibiotikorik ez ematen edo behar ez bazen erradiografiarik ez egiten. Historia klinikoekin ere hasi ziren, mediku-gai hutsak ez zirenak apuntatzen, umeari zuzentzen. Lehen gurasoak gehiago fidatzen ziren pediatra eta erizainez. Urteak aurrera joan ahala, aiten presentzia ere asko handituz joan zen kontsultetan eta erantzukizun handiagoa dute, zaintzan gehiago jarduten dute eta bihozberagoak dira umeekin.[1]

Gurasoen kezka nagusiak prebentzioa eta elikadura izaten ziren eta denboraz galdera psikosomatikokoak (jarrera arazoak, eskolako arazoak...) gehitzen nabaritu zuen. Egurenen ustez, umeekin lan egitea erraza da, baina beti onean.

Eskolan hasi zen txistua jotzen, 10 urterekin. Putz egin ahal duen bitartean, jarraitzeko asmoa du.[1] Jaia non Egurenen txistua han, auzoko jaiak zein Durangalde osoko edozein ospakizun. Uxue Altube alaba eta biak aritzen dira sarritan. Irakasle ere aritu da Mila Arruabarrena elorriararekin batera. Arantza Berriozabalgoitia izan zen ikasleetako bat.[3] Jaizale Durangaldeko txistulariak taldeko kidea ere bada.

Betsaide dantza taldean aritu zen, hasieran dantzan eta gero txistulari.[4][5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «“Aiten presentzia asko handitu da kontsultetan; lehen futbolera eramateko orduan ohartzen ziren umea zutela” - Elorrio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).
  2. «Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia» ZUZEU 2022-05-27 (Noiz kontsultatua: 2023-10-05).
  3. «"Txistuak bizitasun handia ematen dit; hau uztea, azkena" - Atxondo» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).
  4. «Besaide dantza taldearen 50. urteurrena ospatu zuten zapatuan - Elorrio» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).
  5. (Gaztelaniaz) DÍAZ, MANUELA. (2018-05-05). «Besaide pone a Elorrio en danza todo este mes por su 50 aniversario» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-09-19).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]