Izar-diagrama

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izar diagrama, diseinu ezberdinetako kalitate ezaugarriak adierazten dituena. Ezaugarriaren balioa zenbat eta txikiagoa izan, diseinua orduan eta hobea denez, diseinurik egokiena marra gorriz azaltzen dena izango da, ezaugarri guztiei pisu berdina ematen bazaie.


Izar diagrama, baita ere armiarma diagrama, radar diagrama, diagrama polarra, diagrama erradiala, elur maluten diagrama edo Kiviaten diagrama deitua, datu multzoetako elementuak irudikatzeko datu diagrama da. Beste diagrama batzuk ez bezala (histograma, esaterako, aldagaiak aztertzeko erabiltzen da), izar diagramak elementuen arteko ezberdintasunak azalerazi nahi ditu, aldagaien ezaugarriak alde batera utziz.

Eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaso beharreko aldagai adina ardatz marrazten da puntu batetik abiatuz eta ardatzen arteko angelu distantzia berdinaz. Aldagai kopurua gutxienez 3 izan behar da. Ardatzetan aldagaiei dagozkien eskalak ezarri ondoren, elementu bakoitzak ardatz bakoitzean hartzen duen balioa ezartzen da. Azkenik, elementu bakoitzak ardatz ezberdinetan hartzen dituen balioak lotu egiten dira, kolore jakin batean. Horrela elementu ezberdinetarako sortzen diren poligonoak sare berean edo bakoitzak bere sarean azal daitezke.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elur malutak: Cadillac Deville, Cadillac Dorado eta Buick Electra antzeko autoak dira neurtutako aldagaien arabera.

Elementuen arteko antzekotasunak edo ezberdintasunak azalerazteko diagrama da. Itxuraz poligono antzekoak dituzten elementuak antzekoak izango dira jasotako aldagaien arabera. Erabilera hau interesgarria da marketing arloan, marka ezberdinen kokapena aztertzeko.

Elementu ezberdinen ontasuna edo kalitatea kontrolatzeko tresna ere bada, baina horretarako aldagai guztiek norabide berean erakutsi behar dute ontasuna. Adibidez, bezeroari begira auto batean: salneurria, istripuak izateko probabilitatea, kontsumoa, ... Adibide honetan, aipatutako aldagai guztiak zenbat eta txikiago izan, orduan eta hobe. Beraz, poligono zenbat eta txikiagoa izan, autoa orduan eta hobea izango da. Poligono guztiak batera marraztu badira eta kotxe baten poligonoa beste guztien barnean badago, ez dago zalantzarik: auto hoberena izango da. Jasotako aldagaiek erosotasuna, segurtasuna eta bizitza erabilgarria badira aitzitik, poligono handiena duen autoa izango da hoberena. Erabateko barnekotasunik ez badago, poligonoaren azaleraz erabaki daiteke auto hoberena, betiere aldagai guztiek pisu berdina badute ontasuna neurtzeko orduan.

Kalitaterako erabilera hau koantitatiboki egiteko, nahikoa litzateke, aldagaiak eskala berean neurtuta badaude, elementu bakoitzeko aldagaien batura kalkulatzea. Aldagai ezberdinetarako eskala berdina ez balitz, aldagaiak estandartu egin beharko lirateke aurretik.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]