Jacquerie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Presoak atxilotuta, Jean Froissarten eskuizkribu batean.

Jacquerie herri matxinada izan zen, 1358an, Ehun Urteetako Gerran, iparraldeko Frantzian, batik bat Oise ibaiaren arroan, gertatutakoa. Izena sortu zen nobleek nekazariei Jacque edo Jacque Bonhomme -jacque izeneko jupoia zela eta- deitzen zietelako[1]. Arrazoiak anitzak izan ziren, gizartea, armada eta politika krisian baitzeuden; esate baterako, nobleziaren ospe txarra, batez ere Poitiersko porrotaren ostean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesek Frantziako erregea, Joan II.a, atxilotu zuten Poitiersko guduaren ostean. Hori zela eta, Frantziako boterea Estatu Nagusien, Karlos II.a Nafarroakoaren eta Karlos dofinaren artean banandu zen. Nolanahi ere, Estatu Nagusiak oso bereizita zeuden estatua era eraginkorrean gobernatu ahal izateko, eta aipaturiko bi gobernarien arteko borrokek zatiketa ekarri zuten nobleen artean. Horiek horrela, Frantziako klase pribilegiodunek (nobleziak, merkatari nagusiek eta apaizteriak) zerga handiagoak ordainarazi zizkieten nekazariei (taille esaterako), eta ordainsaririk gabe, gerrak hondatutako ondasunak konponarazi zizkieten (corvée). Horrezaz gain, ingelesez, gaskoiez, nafarrez eta alemaniarrez osatutako talde mertzenarioek bere horretan jarraitu zuten Frantzian, desegin gabe, nahi zuten guztietan lurrak arpilatzeko.

1358an, arazo multzo horrek matxinada odoltsuak abian jarri zituen. Parte hartu zuten nekazariek benetako antolamendurik ez omen zuten, tokian tokian altxatzen ziren, ordea. Senlis eta Montdidier, esate baterako, arpilatu zituen nekazarien armadak. Karismadun erregerik ez zegoenez gero, Paris Étienne Marcelen agindupean egon zen, harik eta 1358ko uztailean dofinaren eskura igaro zen arte. Marcelek matxinadarekin bat egin zuen, eta hiria eta bizitza kostatu zitzaion. Hortik aurrera, dofina boterea bereganatzen hasi zen.

Matxinada Nafarroako Karlos II.ak itzali zuen. Bere armadak eta nekazarienak aurrez aurre egin zuten Mellon ekainaren 10ean. Karlosek Guillaume Cale, matxinatuen burua, menia hitzartzera gonbidatu zuen, baina noble frantziarrek, etsaien kanpalekura joanda, atzeman zuten. Izan ere, noblea ez izanda, zalditeriaren arauak ez ziren betetzekoak berarekin[1]. Hurrengo borrokan, zaldizkoek suntsitu zuten burugabetutako nekazari-armada. Horren ostean, soldaduek lurraldea arpilatu eta nekazari andana erahil zuten Beauvais aldean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Barbara Tuchman, A Distant Mirror, Alfred A. Knopf, NY (1978), 155. orrialdea .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • J. B. Bury, The Cambridge Medieval History: Decline of Empire and Papacy, Vol. VII. New York: Macmillan Company, 1932.
  • Samuel K. Cohn, Jr., Popular Protest in Late Medieval Europe. Manchester: Manchester University Press.
  • Jean Froissart. Chronicles. London: Penguin Books, 1978.