Feudalismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Errolan gudaria, Karlomagnori leialtasun zina egiten.
Basailu batek (belauniko) gorazarre egiten dio bere jaunari (eserita).

Feudalismoa Erdi Aroko Europako sistema politiko, ekonomiko eta soziala izan zen, IX-XV. mendeen artean iraun zuena. Erreinuak konderri eta jaurerri txikiagoetan banatuta zeuden, non jauntxoek beraien basailuei babesa ematen zieten. Basailuek, trukean, zergak eta tributuak ordaindu behar izaten zituzten, jaunaren lurrak erabiltzeagatik. Jauntxo feudal haiek nobleak edota Elizako kide ziren, eta erregearekin menpekotasun erlazio bat zuten, handiagoa edo txikiagoa izan zitekeena.

Feudalismoaren jatorria Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondoko herri barbaro inbasioetan, nekazaritzaren nagusitasunean, garaiko teozentrismoan eta gizartearen kontzeptu piramidalean datza.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan Karlomagnoren inperioa amaitu ondoren sortu zen feudalismoa (hau da, frankoen erreinuan, IX. mendean), feudoak eratu eta aitoren semeen eta mendekoen arteko harremanak finkatu zirenean. Frantziatik Italiako iparraldera, Espainiara, Alemaniara eta eslaviar lurraldeetara zabaldu zen; 1066an Ingalaterrara, Italiako hegoaldera eta Siziliara iritsi zen. Erregeak lur guztien jabeak ziren, eta zaldunei ematen zizkieten haien mendekoek erabil eta lan zitzaten. Beren lurrak eta elizarenak banatu zituzten era horretan.

Feudalismoa batez ere IX. mendean zabaldu zen ekonomia sistema eta lurraren jabetza izateko modu berezia izan zen. Sortu zenean, lurraren jabetza bizitza osorako izaten zen, baina geroago lurra herentziaz hartzen zuten aitoren semeek. Era horretan erregearen ahalmenak behera egin zuen, eta nobleen familiak aberastu ziren. Eliza ere modu berean zegoen eratua: zaldunek aukeratzen zituzten apezpikuak eta abadeak, eta haiek, ordainetan, zerbitzuak eskaintzen zizkieten nobleei. Legearen alorrean, feudalismoak bertako agintarien gorteen ordez, jaun baten mendekoez osatutako gorteak ezarri zituen.

Estatu zentralistak sendotzeak, hirien indar ekonomikoak, burgesiak eta merkataritzaren gorakadak feudalismoaren amaiera ekarri zuten; XIII. mendean hasi zen desegiten, baina artean zenbait mendez egin zuen aurrera, erabat desagertu arte. Munduko beste lurraldeetan ere izan ziren antzeko ezaugarriak zituzten sistemak, Japonian adibidez. XIV. mendearen bukaerarako feudalismoak Europako gizartean indarrik ez bazuen ere, gizarte guztietan utzi zituen arrastoak (zergak biltzea, jaunen eta zerbitzarien arteko betebehar eta eskubideak...) erakunde sortu berrietan.


Historia Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Feudalismo Aldatu lotura Wikidatan