Edukira joan

Jakintzaren arbola (Pío Baroja)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Jakintzaren arbola» orritik birbideratua)
Artikulu hau Jakintzaren arbola eleberriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Baroja».

Jakintzaren arbola (Pío Baroja)
Datuak
IdazleaPío Baroja
Argitaratze-data1911
Jatorrizko izenburuaEl árbol de la ciencia
HerrialdeaEspainia

Jakintzaren arbola (gaztelaniaz: El árbol de la ciencia) Pío Baroja idazlearen eleberri bat da eta 1911. urtean argitaratu zen. Eleberriak autobiografia ukitu batzuk ditu, eta Espainiako hainbat herritan gertatzen da 1887. eta 1898. urteen artean. Bi zatitan dago banatuta (I-III eta V-VII); bi zati horiek protagonistak osabarekin, Iturrioz medikuarekin, duen elkarrizketa filosofiko luze batek banatzen ditu. Barojak eleberriari buruzko memorietan honako hau esan zuen: "Jakintzaren arbola, izaera filosofikoa duten nobelen artean, nik idatzitako onena da. Segur aski nik idatzitako liburuen artean, amaituena eta osoena da"[1]. Izenburuaren zergatia, liburuaren laugarren zatiko hirugarren kapituluan ageri da. Andrés Hurtadok Iturrioz osabarekin duen elkarrizketa batean, osabak Jaungoikoak sortutako bi zuhaitz oso garrantzitsuri buruz hitz egiten du: Bizitzaren arbola eta Jakintzaren arbola. Jaungoikoak Jakintzaren arbolatik fruitua jatea debekatzen dio Adani.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Eleberriaren lehenengo zatian, Andrés Hurtado izeneko medikuntza ikasle baten bizitza kontatzen da. Barojak Andrésen familia, irakasleak, ikaskideak eta lagun ezberdinak erabiltzen ditu XIX. mende amaierako Madrilen erradiografia gupidagabe bat egiteko. Bigarren zatian, Hurtado Alcolea herrian mediku aritu zen garaia kontatzen da. Idazleak nekazaritzan nagusi ziren jauntxokeria, ezjakintasuna, nagikeria eta etsipena oinarri hartu zituen nekazarien egoera penagarria azaltzeko zati horretan. Horren ondoren, Andrés Madrilera itzuli eta higiene-mediku aritu zen garaia kontatzen da; Barojak Madrilen XIX. mendean zegoen prostituzio-egoera azpimarratzen du zati honetan. Azkenik, Andrés Hurtadok Lulúrekin izan zuen zorigaiztoko ezkontza kontatzen da. Lulú ikasle garaietan ezagutu zuen neska bat da. Bitarte filosofikoan (IV. zatian) Barojak elkarrizketa zuzena erabiltzen du, eta beraz, zati hau guztiz ezberdina da, eleberriaren gainontzeko ataletan hirugarren pertsonan egiten baita kontaketa, narratzaile partzial baten bitartez.

Eleberrian zehar Andrés Hurtadoren arrazionalismoa eta Iturrioz medikuaren bitalismoa kontrajartzen dira.[2]

  1. Aurretik esan bezala, hirugarren pertsonako narratzaile partziala erabiltzen da (Andrésen sentimenduak ezagutzen ditu soilik narratzaileak, eta uneoro protagonista dagoen lekuetan kokatzen da istorioa).
  2. Andrés Hurtadoren bidez zentralizatzen da kontaketa.
  3. Narrazio lineala erabiltzen da.
  4. Bigarren mailako pertsonaien aberastasuna aipatzekoa da. Ia denak modu negatiboan karakterizatuta daude. Pertsonaien artean Lulúrena gailentzen da, ez duelako oinarri autobiografikorik eta Barojak apurka-apurka osatzen duelako; hasieran garrantzi gabeko neskatila bat dela badirudi ere, eleberriaren amaieran ikusten da izaera gogorra duela eta zentzuduna izateaz gain sentikorra ere badela.

98ko belaunaldiaren estiloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «98ko Belaunaldia»

Jakintzaren arbolak 98ko belaunaldiaren ezaugarri nagusiak ditu, izan ere Pío Baroja literatura-mugimendu horretako idazle adierazgarrienetako bat izan zen. Ezaugarri horiek oso argi ageri dira eleberri guztian zehar, eleberriak oinarri duen pesimismoan adibidez. Ezaugarriei dagokienez, gai batzuk deigarriak dira, adibidez eleberrian ageri diren familien artean bat ere ez dagoela bateratuta, edo gizon gehienek emakumeak objektu bezala tratatzen dituztela, ez pertsona bezala.

Eleberrian nagusitzen diren 98ko belaunaldiaren ezaugarriak:

  1. Samin existentziala
  2. Gogaitasuna
  3. Atsekabea
  4. Iraganarekiko melankolia
  5. Etorkizunarekiko ziurtasun eza
  6. Kosmopolitismoa

Carmen Barojak, Píoren arrebak, pertsonaietako batzuk bizitza errealeko pertsonetan oinarrituta zeudela adierazi zuen:

« Jakintzaren Arbolan bere ikasle urteak deskribatzen ditu, eta bertan Montaner (Riudavets), Aracil (Venero), Massó (Ruiz Contreras), Lamela (Linares), Sañudo (Alloza), Iturrioz (nire amaren lehengusua, Justo Goñi) agertzen dira. Protagonistaren aita nire aitaginarrebaren, Eduardo Caroren, eta haren familia bizimoduaren erakusle da. Margaritak, arreba nagusiak, nire amaren antza dauka, eta ni Luisito naiz. Luisitoren gaixotasuna nire neba Daríoren gaixotasuna da. Píok Burjasoteko baratza eta Valentziako Samaniego kaleko etxea ere deskribatzen ditu. (Carmen Baroja, 1998: 198).”[3] »


Pertsonaia nagusiei dagokienez, azpimarragarria da Andrés Hurtadoren, haren emazte Lulúren eta Iturrioz medikuaren artean osatzen den narrazio triangelua.

Bigarren mailako pertsonaiei dagokienez honako hauek dira azpimarragarrienak: Andresen aita, don Pedro; Alejandro, Pedro eta Luisito, Andresen anaiak; Margarita, Andresen arreba; Julio Aracil, Jaime Massó, Montaner, Fermín Ibarra, Rafael Sañudo eta Antonio Lamela, Andresen klasekideak edo lagunak; José de Letamendi, benetan existitu zen medikua zen[4], eta Barojaren testu askotan agertu zen, betiere kutsu kritikoarekin;[5] Andre Leonarda, Lulúren ama, eta Nini, haren ahizpa eta Julio Aracilen neskalaguna; Antonio Casares, Julioren lagun kazetaria eta Andre Virginia, amodio kontuetan bitartekari aritzen den emakumea. Horiez guztiez gain, Rafael Villasús artista; Manolo Chafadína, Vitorioren osaba; Vicente, Juan eta Isabel, Hurtadoren aitaren lehengusuak; Juan Sánchez, Alcoleako medikua; Pepinito eta haren emazte Dorotea, Alcoleako pentsioko ugazaba; don Blas Carreño, Alcoleako kaparea… ere agertzen dira eleberrian.

Euskarazko itzulpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jakintzaren arbola (El árbol de la ciencia), Literatura Unibertsala bilduma, Elkar-Alberdania argitaletxea, 2006. Itzulpena: Josu Zabaleta.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jakintzaren arbola (Pío Baroja)