Pío Baroja

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Pío Baroja
PioBaroja.JPG
Bizitza
Jaiotza Donostia1872ko abenduaren 28a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Madril1956ko urriaren 30a (83 urte)
Hobiratze lekua Madrilgo hilerri zibila
Heriotza modua : gaixotasun kardiobaskularra
Familia
Aita Serafin Baroja
Anai-arrebak
Hezkuntza
Heziketa Universidad Central
Hizkuntzak gaztelania
Jarduerak
Jarduerak idazlea, physician writerra, eleberrigilea eta antzerkigilea
Kidetza Real Academia Española headquarters
Mugimendua 98ko Belaunaldia
Genero artistikoa eleberria
antzerkia

Pío Ynocencio Baroja Nessi[1] (Donostia, Gipuzkoa, 1872ko abenduaren 28a - Madril, Espainia, 1956ko urriaren 30a) gaztelaniaz idatzi zuen eleberrigile euskalduna izan zen. Aro Garaikidean, euskal herritar idazle ezagunenetarikoa da Euskal Herrian nahiz munduan. 98ko belaunaldiko kidea izan zen eta oso idazle emankorra, ehun liburu baino gehiago argitaratu zituen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barojatarren jatorrizko familiak, Arabako Barojako herrikoa, "Martínez de Baroja" abizen konposatua eduki zuen 400 urtetan[2].

Itzea, Barojatarren etxea (Bera, Nafarroa).

Serafin Baroja Zornoza eta Carmen Nessi Goñi izan zituen gurasoak. Hiru anaia-arreba izan zituen: Dario, 1894an hila; Ricardo, margolaria eta idazlea; eta Carmen, Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. 1879an familia Madrilera joan zen bizitzera, eta 1881ean, Iruñera. Píok medikuntza ikasi zuen Madrilen eta Valentzian. Zestoan jardun zuen mediku urtebete inguru, baina gero Madrilera joan zen, okindegi baten ardura hartzera. Beran (Nafarroa) bizi izan zen hainbat urtez; hango Altzate auzoan dago Itzea, Barojatarren etxea.[3]

Mediku anarkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ainara Azpiazu "Axpik" egindako erretratua

Barojak, aitaren lana eta bere ikasketak zirela eta, gazterik utzi zuen sorterria —Zestoan mediku egindako hamahiru hilabeteetan izan ezik—; familiatik, berriz, inoiz ez zen aldendu, eta hura izan zuen beti helduleku sozial eta pertsonal funtsezkoena. Barojatarrak oso arte eta literatura zaleak ziren: Pioren anaia Ricardo margolaria izan zen eta koinatu Rafael Caro adiskide mina eta argitaratzailea izan zuen. Ikasitako ogibidea —medikuntza— baztertuta, familiaren okindegiaren buru jardun zuen Madrilen. Han hasi zen idazten, ipuinak eta artikuluak, Madrilgo eta Donostiako ezkerreko aldizkarietan. Aldi berean, Madrilgo bohemia literarioan sartu zen, eta orduan egin zituen Azorín, Maeztu eta Valle Inclán adiskide.

Paristik etorrita, 1899an, ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Lur ilunak eta La casa de Aitzgorri eleberria, zibilizazioaren eta aurrerabidearen arteko gatazkari buruzkoa. Ondoren kaleratu zituen Aventuras de Silvestre Paradox (1901), Camino de perfección (1902). Barojaren obra bere historia pertsonalaz dago hornitua.


Iberiar penintsula osorik ibili zuen, eta aski ongi ezagutzen zuen Europa. Bidaia horietatik atera zituen gertalekuak, apaingarriak, gaiak. Baina Nafarroako Beran etxe bat erosi, eta lanaren erritmoa aldatu zuen: ordutik aurrera, negua Madrilen eta uda Beran ematen zuen. Espainiako gerra zibilak Berako etxean harrapatu zuen; 1936ko uztailaren 22an Almandozera zihoalarik, Donezteben karlistek atxilotu zuten eta justu-justu libratu zen karlisten eskuetan hiltzetik.[4] 1940an Madrilen hartu egoitza, eta hil zen arte idazten jarraitu zuen. Gerran ikusitakoak ikusita, bi alderdietako basakeriak gogoan, etsipenak hartu zuen gaztetan anarkia zalea izan zena, eta gizonarenganako itxaropen oro galdurik hil zen.

Barojaren eleberrigintza: euskal gaiak, Madrilgo bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pio Barojaren argazkia Mundo Gráfico aldizkarian (1912).

Barojaren lehen liburuetan bere mundua ageri da; eleberrietako gaiak errealitatetik oso hurbilekoak dira. Zalakain abenturazalea (1909) da ezagunenetariko bat, Euskal Herriko giroa leialtasun handiz agertzen duena.[5]

Orobat ageri da euskal mundua, itsasokoa, marinelena, Xanti Andiaren kezkak (1911), El laberinto de las sirenas (1923), Los pilotos de altura (1929), eta La estrella del capitán Tximista (1930) liburuetan: lehenaren protagonista Barojaren pertsonaia handienetako bat da.

La lucha por la vida trilogian, zuzen eta gogor agertu zuen Madrilgo auzo pobreetako langile xeheen bizimodua.

Azpimarratzekoa da Aviraneta pertsonaiari buruzko sail luzea, Memorias de un hombre de acción, 22 liburu (1913-1935).

Egilea eta bere garaia ezagutzeko guztiz interesgarriak dira Barojaren oroitzapen liburuak: Juventud, egolatría (1917), eta bere oroitzapenez osatutako zortzi liburukiak, Memorias (Desde la última vuelta del camino) 1941 eta 1948 artean idatziak, Barojaren lana sortu zen giroa bizi-bizirik adierazten dutenak. Barojaren lan mardula, hainbat artikulu, biografia, bidaia liburu, saiakera, antzerki eta poesiak osatzen dute.

Baroja XIX. mendeko eleberrigile europar handien irakurlea izan zen; haiengan oinarrituta sortu zuen bere estilo guztiz berezia, arina eta zorrotza, latza eta fina.

Estilo biluzi hori, kontaketarako zuen dohain handia eta sormena, oso erakargarria gertatu zitzaien hurrengo idazle belaunaldiei. XX. mendeko eleberrigile espainiar askok aitortu dute Barojaren eragina.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle emankorra izan zen Baroja, eta orobat, sailkatzen zaila: Barojaren erregistroa errealista da, baina baita erromantikoa ere, historikoa, eta psikologikoa. Estiloa, betiere, bakuna da: Barojak ez zion aparteko garrantzirik ematen. Estilo ironiko eta sarkastikoaz, Barojak arretaz aztertu zuen bere inguruko gizartea —gogor gaitzesten zuena—, haren miseriaren eta handitasunen berri emateko.

Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pio Barojak bere nobela gehienak trilogia edo tetralogietan sailkatu zituen.[6]

Tierra vasca

La lucha por la vida

  • La busca (1904)
  • Mala hierba (1904)
  • Aurora roja (1905)

La raza

El pasado

  • La feria de los discretos (1905)
  • Los últimos románticos (1906)
  • Las tragedias grotescas (1907)

La vida fantástica

  • Aventuras, inventos y mixtificaciones de Silvestre Paradox (1901)
  • Camino de perfección (pasión mística) (1901)
  • Paradox rey (1906)

Las ciudades

  • Cesar o nada (1910)
  • El mundo es ansí (1912)
  • La sensualidad pervertida: ensayos amorosos de un hombre ingenuo en una epoca de decadencia (1920)

El mar

Los amores tardíos

  • El gran torbellino del mundo (1926)
  • Las veleidades de la fortuna (1927)
  • Los amores tardíos (1942)

La selva oscura

  • La familia de Errotacho (1932)
  • El cabo de las tormentas (1932)
  • Los visionarios (1932)

La juventud perdida

  • Las noches del buen retiro (1934)
  • El cura de Monleon (1936)
  • Ihauterietako erokeriak (Locuras de carnaval, 1937)

Las saturnales

  • El cantor vagabundo (1950)
  • Miserias de la guerra (2006)
  • Los caprichos de la suerte (2015)

Nobela solteak

  • Susana y los cazadores de moscas (1939)
  • Laura o la soledad sin remedio (1939)
  • El caballero de Erlaiz (1943)
  • El hotel del cisne (1946)

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pío Barojak bere lan guztiak gaztelaniaz idatzi zituen arren, hainbat liburutan islatzen du euskararen presentzia, elkarrizketetan, esamoldeetan edo zeharkako aipamenetan. Eleberriez gain hainbat ipuin ere itzuli dira euskarara.[7]

Zinema egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pío Barojaren hainbat eleberri zinemara eramanak izan dira.[8][9]

  • Inquietudes de Santi-Andia (1946, Arturo Ruiz Castillo)
  • Zalacaín el aventurero (1955, Juan de Orduña)
  • La busca (1966, Angelino Fons)

Kaleak eta plazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pío Barojaren bataio agiria, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoaren webgunean.
  2. Baroja, P. (1953): El País Vasco, Destino, Bartzelona.
  3.   «Pío Barojaren biografia», piobaroja.gipuzkoakultura.net, http://piobaroja.gipuzkoakultura.net/pio_baroja_biografia_eu.php. Noiz kontsultatua: 2018-10-29  .
  4. (Gaztelaniaz)  «Los liberadores inmediatos de Baroja el 22 de julio de 1936. Noticias de Navarra», Noticias de Navarra, http://www.noticiasdenavarra.com/2018/07/30/ocio-y-cultura/cultura/los-liberadores-inmediatos-de-baroja-el-22-de-julio-de-1936. Noiz kontsultatua: 2018-07-31  .
  5. (Gaztelaniaz)  «Pío Baroja - La novela de Pio Baroja», piobaroja.gipuzkoakultura.net, http://piobaroja.gipuzkoakultura.net/pio_baroja_paradox_eu.php. Noiz kontsultatua: 2018-10-29  .
  6. (Gaztelaniaz)  «Pío Baroja - La novela de Pio Baroja», piobaroja.gipuzkoakultura.net, http://piobaroja.gipuzkoakultura.net/pio_baroja_paradox_eu_trilogias.php. Noiz kontsultatua: 2018-10-29  .
  7.   «euskarari ekarriak», ekarriak.armiarma.eus, https://ekarriak.armiarma.eus/?i=135. Noiz kontsultatua: 2018-10-29  .
  8.   (PDF) Pío Baroja: pasión por el cine, http://www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/16824/pag38.pdf?sequence=1. Noiz kontsultatua: 2018-11-09 .
  9. (Gaztelaniaz)  [http://www.cervantesvirtual.com/portal/alece/pcuartonivel.jsp?conten=ficha&ficha=autor&nomportal=alece&id=595 «Adaptaciones de la literatura española en el cine español. Referencias y bibliografía. - Catálogo - Ficha del autor literario»], www.cervantesvirtual.com, http://www.cervantesvirtual.com/portal/alece/pcuartonivel.jsp?conten=ficha&ficha=autor&nomportal=alece&id=595. Noiz kontsultatua: 2018-11-09  .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pío Baroja Aldatu lotura Wikidatan