Jalokivigalleria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Jalokivigalleria
Udalerria Kemi, Lappi
Herrialdea  Finlandia
Garaia 1986ean fundatua
Helbidea Kauppakatu 29, Sauvosaari
Jalokivigalleria hemen kokatua: Kemi Erdigunea
Jalokivigalleria
Jalokivigalleria
Webgune ofiziala (Alemanez) (Finlandieraz) (Ingelesez)

Jalokivigalleria edo Harribitxi galeria Lappiko Kemi hirian dagoen museo ospetsua da. Finlandia osoko harribitxi galeria handiena da eta azken urteotan, gaiarekin bat datozen erakusketa nagusien ezinbesteko geldialdia bihurtu da. Galeria egitasmo pribatu baten eskutik sortu zen, Teuvo Ypyä kemitar gemologoak bidaietan aurkitu eta erositako harribitxiak jaioterrian erakusgai jartzea erabaki zuenean. Aurreneko erakusketa 1986. urtean antolatu zen eta arrakastatsua izan zenez, Udalak iraunkorra izatea erabaki zuen. Horretarako, Walter Thomé arkitektoak XIX. mendean diseinatutako eraikina moldatu eta erakusketa bertan ezarri zuen. Egitasmo hau aurrera eramateko hiriak gobernuen laguntza handia izan zuen eta 90eko hamarkadan herrialdeko harribitxi baliotsuenak iristen hasi ziren; hala nola, Museovirasto erakundeak ordura arte Museo Nazionalean izandako Finlandiar Erresumako koroa utzi zion galeriari. Horrela, lehenbiziko bilduma garrantzitsua antolatu zen 1994. urtean. Urtez urte, harribitxi bilduma hau handituz joan da eta herrialdeko eta Eskandinavia osoko harribitxi galeria nagusienetakoa bihurtu da [1] .

Harribitxi bilduma baliotsu hau osatzen duten piezen artean, frantses bitxigileen hainbat urteko lanen fruitu den eta Marie Antoinette erreginak bere garaian errefusatu zuen diamantezko lepokoa, Elisabet II.aren koroaren erreplika, daniar errege-familiaren harribitxiak, Errusiar Inperioaren aginte-makilan eta XVI. mendeko jainko hindu baten estatuako begi bat izandako Orlov diamantearen erreplika, eta objektu preziatuena den Finlandiako Erregearen koroa daude. Hain zuzen, bilduma honen balio material zehatza kalkulatzea ia ezinezkoa da, alorreko adituak kopuru zehatza ematen askotan saiatu diren arren. Ondorioz, ez da harritzeko Jalokivigalleria Kemiko erakusketa erakargarriena izatea eta urtero ehunka bisitari erakartzea; 2007. urtean, esate baterako, 5.451 lagun izan ziren bertan.

Harribitxi galeria Sauvosaari auzoan dago, Botniako badiaren ertzean eta Elur-gazteluaren parean. Udaran eta Elur-gazteluaren sasoian 9etatik 17etara irekita egon ohi da, bestela, 10etatik 16etara. Sarrera-prezioak 7€ helduentzat, 4,5€ 4-11 urte bitarteko umeentzat eta debaldekoa 0-3 urteko haurrentzat dira, eta gainera, gidatutako ibilbideak ere antolatu ohi dira finlandieraz, ingelesez eta suedieraz [2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kemin Jalokivigalleria Matkailu. 2011.01.17
  2. Jalokivigalerria Hinnat. 2011.03.28

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 65° 43′ 56.11″ N, 24° 33′ 10.17″ E / 65.7322528°N,24.5528250°E / 65.7322528; 24.5528250