Karlos Aizpurua
|
|
Artikulu edo atal hau ez dator bat formatu hitzarmenekin. |
| Karlos Aizpurua | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Oiartzun, 1971ko uztailaren 20a (54 urte) |
| Herrialdea | |
| Hezkuntza | |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | bertsolaria eta irakaslea |
Karlos Aizpurua Etxarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1971) bertsolaria eta bertsolaritzako irakaslea da.[1] Oiartzunen (Gipuzkoa) jaioa, Saran (Lapurdi) bizi da. Enpresa eta Filologia ikasketak egin zituen, bai eta Idazle Eskolako eta Euskal Kulturaren Transmisioa masterrak ere.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sortzez oiartzuarra den arren, aspalditik bizi da Saran. Oiartzungo Haurtzaro ikastolako bertso eskola sortu zenean hasi zen bertan 11 urterekin. 1989an, Haurtzaroko bertso eskolako irakasle hasi zen, eta handik gutxira eskualdeko bertso eskola gehiagotan.
1993an Antton Kazabonekin batera sortu zuen Oiartzungo Udal Bertso Eskola, eta han aritu zen 2001a arte, besteak beste Jon Martinen, Ander Lizarralderen eta Arkaitz Goikoetxearen irakasle gisa. 1995/1996 ikasturtetik, Miren Artetxe (1998a arte) eta Amets Arzallus (1999a arte) hendaiarrak ere izan zituen ikasle Oiartzungo Bertso eskolan. Horren haritik, 1998ko udan, lehendabiziko bertso udalekuan (Hazparne) aritu zen arduradun eta begirale, Ttitto Aguerrerekin batera. Hala aritu zen hurrengo bost udetan ere.
1998-99 ikasturtean Lapurdiko kostako 4 ikastoletan hasi zen ikastorduetan bertsolaritza irakasten, eta orduan Iparraldean zeuden bi bertso eskola bakarretan ere bai; Hendaian berpiztutako gazteen bertso eskolan (Amets Arzallus, Sustrai Colina, Miren Artetxe eta Xumai Murua) eta helduekin Baionan (Aitor Sarasua, Xanti Iparragirre, Eneritz Zabaleta, Aitor Renteria, Ellande Alfaro, Ortzi Idoate...). Lehen ikasturtean egindako lanak bertso eskola berriak sortarazi zituen ikastoletan, eta horietan ere aritu zen irakasle.
Hurrengo ikasturteetan, Lapurdiko barnealdera, Nafarroa Beherera eta Zuberoara hedatu zuen bertsolaritza irakasteko metodo berria, eta horrek Iparraldean zehar bertso eskola berri gehiago sortarazi zituen, laster bertsolari gazte berriak ekarriko zituztenak: Baiona (haurrena), Ziburu, Hendaiako (haurrena) Kanbo (2 talde), Uztaritze, Hazparne, Donibane Garazi, Donaixti, Sohüta... Horietan guztietan aritu zen bertsolaritza irakasten eta.
Bertso eskoletako lanaren eraginez iritsi ziren ikasleen Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelak (Sustrai Colina, Maddalen Arzallus, Txomin Elosegi, Mattin Luku eta Maiana Irigoienenak), Xaltokoak (Amets Arzallus, 1998an; Xumai Murua, 2001ean), zein Nafarroako Bertsolari Txapelketakoak (Amets Arzallus; 2000 eta 2001ean).
Eskolak emateaz gain hainbat ekimen kudeatu eta berri sortarazi zituen Ipar Euskal Herrian Aizpuruak: Bertso eskolen topaketak, Bertsolariak ikastolarat saioak, Iparraldeko Eskolarteko txapelketa (1998ko aurreko urteetan egin ez zena aski parte hartzailerik ez zelako), Bertsolari Ttiki eguna, bertso udalekuak, Iparraldeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketarenaren liburua...
2010an utzi zion Ipar Euskal Herriko bertsolaritza irakaskuntzako ardura eta lanari. Dena den, 2013an Sarako haurren bertso eskola sortu zuen eta bertan aritu zen irakasle 2018. urtea arte, Bertsularien Lagunak elkarteak bertso eskolaren ardura hartu zuen arte. 2018tik aurrera, Haira eta Unax Aizpurua Ibargarai seme-alabei etxean ematen die bertso eskola.
2010. urteaz geroztik, Ikerkuntza eragilea da Euskal Herriko Bertsozale Elkartean.
1993/1994 eta 1994/1995 denboraldietan Hitzetik Hortzera saioko erredaktore aritu zen.
1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzen aritu zen, Bertsozale Elkarteko langiletzat.
2008an Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisioko plan estrategikoa diseinatu zuen.
2008ko Iparraldeko Bertsolari Txapelketan finalista izan zen.
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1998: Amazkar saria
- 2004: Oiartzungo Txapelketa
- 2006: Oiartzungo Txapelketa
- 2008: Oiartzungo Txapelketa
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Karlos Aizpurua» BDB bertsolaritzaren datu-basea (Xenpelar Dokumentazio Zentroa - Bertsozale Elkartea) (kontsulta data: 2025-06-18).