Karlos Santamariaren pentsamendua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Karlos Santamariaren pentsamendua
Datuak
Idazlea Joxe Azurmendi
Generoa Saiakera
Herrialdea Euskal Herria
ISBN 978-84-95234-46-9

Karlos Santamariaren pentsamendua Joxe Azurmendi gipuzkoarrak idatzitako saiakera liburua da. Karlos Santamariaren lana biziberritzeko Euskal Herriko Unibertsitateak abiatu zuen proiektuaren baitan argitaratu da liburua, Jakin Taldearekin elkarlanean.

Joxe Azurmendik Karlos Santamariaren pentsamendua arakatu eta bi atal nagusitan banatuta aurkeztu digu liburuan. Ideiak izeneko atalak Santamariaren autokontzientzia intelektuala biltzen du. Hau da, garaiko autore eta joera ezberdinen artean Santamariak bere burua pertsonalismoan nola kokatzen duen azalduko du Azurmendik. Pertsonalismoa pertsonari buruzko gogoeta da eta pertsonaren lehentasun absolutua aldarrikatzen du Mendebaldeko kultura guztiaren krisiaren baitan. Azurmendiren hitzetan krisi hori, Euskal Herrian, oposizio hondagarrietan azaleratu da, adibidez: irabazle/galtzaile, abertzale/sozialista, fededun/antiklerikal... Santamariak oposizio horiek gainditu nahiko ditu.

« Santamariaren analisian, krisi modernoa, itxuraz ideologien gatazka bezala zirimolatsu ageri dena, funtsean da teknika espirituari gainditu zaiola, soil-soil: beraz, krisiaren azken erroa ez dago ideologien oposizioan eta borrokan, baizik teknologia berriak gizakiari eskatzen dizkion berrikuntzetan, bere barrura zein kanpora begira [...] Pertsonak ez dauka bere burua berrikasi eta berrirabazi beste abiapuntu posiblerik, gainditu duen mundu teknologiko honetan berriro nagusitzeko, libre izateko: pertsonagandik abiatzen dira bide guztiak historian.[1] »


Ekintza izeneko bigarren atalean Santamariaren ekintzak baino ekintza horiei buruz eta horietan garatu dituen gogoetak biltzen dira: kontzientziako askatasuna eta erantzukizuna, egiteko sozial handiak, gizarte-bizitzan beharrezko tolerantzia, demokrazia, bakea...

Liburuaren egitura hori izanagatik Azurmendik zera ohartarazten du:

« Ideiak eta ekintza, edo pentsamendua eta ekintza, ez bi, baina kapitulu bakarra da Santamariaren baitan, hemen, erraztasunagatik bakarrik, banatu egin ditugun arren parte bitan. Irakurleak uneoro batasuna bilatu beharko dizu, ostera.[2] »



Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Karlos Santamariaren pentsamendua, 16.or.
  2. Karlos Santamariaren pentsamendua, 168.or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Literatura Artikulu hau literaturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.