Keiko Fujimori
Keiko Sofía Fujimori Higuchi (Lima, 1975eko maiatzaren 25a), Peruko enpresa administratzaile eta politikaria da. Fuerza Popular alderdiko burua da eta lau aldiz izan da presidentegai: 2011, 2016, 2021 eta 2026an. Alberto Fujimoriren alaba da eta japoniar jatorria dauka.[1]
1994tik 2000ra Peruko lehen dama izan zen, bere aita agintean zela. Izan ere, bere ama (Susana Higuchi) kargutik kendu zuten. Lima metropolitarreko kongresista izan zen 2006tik 2011ra.[2]
Bere aitaren ideologiaren (fujimorismoaren) jarraitzailea da eta neoliberalismoa eta delinkuentziaren kontrako jarrera gogorra defendatzen ditu.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1975eko maiatzaren 25ean jaio zen Liman. Gurasoak Alberto Fujimori eta Susana Higuchi ziren, japoniarren ondorengoak. HIru anaia ditu: Hiro Alberto, Sachi Marcela eta Kenji Gerardo. Guztiek eskola katoliko pribatu batean ikasi zuten.
Ikasketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Hezkuntza Perun egin ondoren, 1993an Estatu Batuetara joan zen eta enpresen zuzendaritza ikasten hasi zen Stony Brook Unibertsitatean. Gurasoak banandu zirenean Perura itzuli zen eta Lehen Dama izendatu zuten. Stony Brooken ikasketak bertan behera utzi bazituen ere, beranduago Bostongo Unibertsitatean ikasten hasi zen.
Salaketa batzuen arabera, ikasketa hauek gobernuaren diruarekin ordaindu zituzten.
Peruko Lehen Dama (1994-2000)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994an Susana Higuchik bere senar Alberto Fujimori salatu zuen. Haren esanetan, gobernuan ustelkeria zegoen eta hau ez salatzeko, isilarazi eta torturatu egin omen zuten. Fujimorik salaketak ukatu zituen eta emazteak desorekak zituela esan zuen. Urte hartan bertan banandu ziren eta Keiko Lehen Dama izendatu zuten.[3][4]
2000 urtera arte egon zen karguan, aitak ustelkeriagatik Japoniara ihes egin zuen arte.[5]
Ezkontza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2002an New Yorkera joan zen, Columbia Unibertsitatean ikasteko. Hiri hartan Mark Vito Villanella enpresaria ezagutu zuen eta ezkondu egin ziren 2004an. Bikotea Perura itzuli zen eta bi alaba eduki zituzten: Kyara Sofia eta Kaori Marcela. Bikotea 2022an banandu zen.
Kongresuko kide (2006-2011)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2006an Keiko Perura itzuli zen, haren aitak bere ordez hauteskundeetara aurkeztea nahi zuelako. Alianza por el Futuro alderdia sortu zuen eta zerrendaburu aurkeztu zen urte hartako hauteskundeetan. Keiko kongresuko kide aukeratu zuten.
Keiko oposizioan bazegoen ere, Alan Garcíaren gobernuaren hainbat neurri babestu zituen. Besteak beste, heriotza zigorra berrezartzea.
2007an bere aitaren aldeko mobilizazioak antolatu zituen, hau epaitu egin behar baitzuten. Aitak lehen kondena jaso zuenean, Keikok esan zuen erabaki injustua izan zela. Presidente hautatzen bazuten, aitaren indultua sinatuko zuela ere esan zuen.
2009an aitaren aldeko mobilizazio gehiago antolatu zituen. Honek bigarren zigor bat jaso zuen: 25 urteko espetxealdia, hilketengatik.
Prentsak salatu zuenez, kongresuko kide zen bitartean Keikok atzerrian pasatu zituen denboraldi luzeak, batez ere Estatu Batuetan, ikasketak amaitzen.
2011ko hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2011an Keiko presidente izateko aurkeztu zen hauteskundeetara. Merkataritza librea defendatu zuen, eta bortxatzaileei heriotza zigorra ezartzea ere bai. Bere aitaren gobernua ere defendatu zuen, terrorismoarekin amaitu zuelako eta ekonomia orekatu zuelako. Honen gobernuak egindako gehiegikeriak ere onartu zituen, eta aitari indulturik ez ziola emango esan zuen.[6][7]
Bigarren itzulira pasatu zen baina Ollanta Humalak irabazi zituen hauteskundeak.
2012an Keikok eta bere anaiek aitarentzako indultua eskatu zuten, hau gaixorik zegoelako, baina Humalak ez zuen onartu.
2016ko hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2016an berriro aurkeztu zen hauteskundeetara, herrialdeko presidentea izateko. Merkatu librea eta zergak jaistea defendatu zituen.[8]
Keikoren kontrako manifestazio jendetsuak egin ziren, "Keikori Ez" lemapean. Keikok berriro esan zuen ez zuela aita indultatuko, eta justiziaren bidez ahaleginduko zela hau askatzen. Aitaren irudi txarrarengandik aldentzeko, haren gobernuan antzututako emakumeak laguntzea babestu zuen, eta Egiaren eta Adiskidetzearen Komisioak egindako lana goraipatu zuen (honek Sendero Luminosok eta gobernuak egindako krimenak azaleratu baitzituen).
Lehen itzulian botoen %39,8 lortu zituen eta lehen indarra izan zen. Bere alderdiak gehiengo absolutua lortu zuen kongresuan.[9][10][11]
Bigarren itzulian Keikoren kontrako salaketak agertu ziren, honek narkotrafikoaren dirua jasotzen zuelakoan. Politikariaren kontrako protesta jendetsu bat egin zuten Liman.
Azkenean, Keikok bigarren itzulia galdu zuen, botoen %49,88 lortuta. Pedro Pablo Kuczynski aukeratu zuten presidente.[12]
Atxiloketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2018ko urriaren 10ean Keiko atxilotu egin zuten, 2011ko hauteskundeetan diru ilegala jasotzeagatik. Urriaren 18an libre utzi zuten, baina 31an berriro atxilotu zuten. 2019ko apirilaren 30ean utzi zuten libre.
2021eko hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2021ko hauteskundeetara ere aurkeztu zen.[13][14] Hiritarren segurtasuna hobetzea eta krimenaren kontra gogor egitea proposatu zituen. Baita Humalak sortutako pentsioen programa zabaltzea ere. Izatezko bikoteak defendatu zituen, baina ez sexu berekoen ezkontzak. Oraingoan aita indultatu egingo zuela aitortu zuen. Era berean, esan zuen bere aitaren gobernua ez zela diktadura izan, nahiz eta batzuetan autoritarioa izan.
Lehen itzulian bigarren geratu zen, botoen %13,4 lortuta.[15] Bigarren itzulian Keiko eta Pedro Castillo lehiatu ziren. Keikoren ustez, lehia hau merkatuaren eta marxismoaren arteko aurrez aurrekoa izango zen. Mario Vargas LLosak ere babesa eman zion Keikori, nahiz eta betidanik Fujimoriren kontrakoa izan. Honen esanetan, demokrazia salbatzeko aukera gehiago zeuden Keikorekin Castillorekin baino.[16] Dena dela, hauteskundeak Castillok irabazi zituen. Keikok iruzurra salatu zuen.[17][18][19]
2026ko hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Infogob | Observatorio para la Gobernabilidad» Infogob (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Noticias, Redacción América. (2016-01-31). «Keiko Fujimori: perfil, trayectoria y cuestionamientos a la candidata» América TV (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) EFE. (1994-08-15). «La mujer de Fujimori denuncia que está atrapada en el palacio de Gobierno en Lima» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Puertas, Laura. (1994-08-25). «Fujimori separa a su mujer de las funciones lo de 'primera dama'» El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Alberto Fujimori Peruko presidente ohia hil da, 86 urte zituela» orain.eus (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Keiko Fujimorik ez dio aitari barkamenik emango» Berria 2011-04-26 (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Romero, Simon. (2011-05-27). «A Second Fujimori Contends for Peru’s Presidency» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) RedacciónRPP. (2016-04-11). «¿Quién es Keiko Fujimori y cómo llega a segunda vuelta?» rpp.pe (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Keiko Fujimori erraz gailendu da Perun, botoen erdiak zenbatu dituztela» Berria 2016-04-11 (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Bideoa: Keiko Fujimorik botoen %39,4 eskuratu ditu» orain.eus (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Hauteskundeak Perun: Fujimorik irabazi du, baina bigarren itzulia» orain.eus (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Pedro Pablo Kuczynski, Peruko hauteskundeetako garaile birtuala» orain.eus (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Auzitegiek erabaki dute Keiko Fujimori presidentegaia ez espetxeratzea» Berria 2021-06-23 (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ Valdez, Cecilia. (2021-06-05). «Bi muturren arteko lehia» Berria (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ «Presidentetzarako hauteskundeak Perun: Keiko Fujimori bigarren itzulira igaro da» orain.eus (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Gilbert, Abel. (2021-04-25). «La derecha peruana arropa a Keiko Fujimori como 'mal menor' para evitar el triunfo de la izquierda» El Periódico (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ (Ingelesez) Collyns, Dan. (2021-06-08). «Peru elections: Fujimori’s fraud claims criticised as rival’s narrow lead widens» The Guardian ISSN 0261-3077. (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ Ostolaza, Paulo. (2021-07-20). «Pedro Castillo izendatu dute Peruko presidente» Berria (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ Lartzanguren, Edu. (2021-06-09). «Castillok garaipena aldarrikatu du, Fujimoriri 113.000 boto aterata» Berria (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ Telleria, Beñat Mujika. (2026-04-13). «Lehen emaitzen arabera, Fujimori bigarren itzulira igaroko da Peruko bozetan» Berria (kontsulta data: 2026-04-20).
- ↑ Valdez, Cecilia. (2026-04-10). «Eskuina faborito Perun» Berria (kontsulta data: 2026-04-20).