Kenpo kai

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Kenpo Kai edo kenpo usadiozko arte martzial japoniarra da. Literalki KEN = ukabila, PO = bidea eta KAI = batura. Jatorria Txinako Shaolin tenpluan izan arren, Japoniako Ishizaka familian garatutako artea da. Shaolin monje batek, bere familiak jasandako etengabeko lapurketei aurre egiteko, "Shaolin Quan Fa" izenarekin ezagutzen den Shaolin templuko artea irakasten die bere familiako kideei, hau da, Chian familiako kideei. Arte hau, Chian familiaren barnean belaunaldiz belaunaldi trasmititu eta garatzen da, Chian Quan (Chiandarren boxeoa) izenarekin ezagutzen delarik.

Tokugawa aroan Chian familiak Tawada Ishizaka izeneko bidaiari japoniar bat onartzen du zerbitzari gisa. Hau, Kashima Shinto Ryu (Samuraiaren borroka arteak biltzen dituen eskola) izeneko artean aditua da. Chiandarrek Ishizaka jauna senide bezala onartzen dute eta familiako artean trebatzen dute. 20 urte inguru Chiandarrekin bizitzen eman ondoren Tawada Japoniara bueltatzen da. Orduan, bere ezagutza guztiak kodifikatu, garatu eta Ishizaka familian belaunaldiz belaunaldi trasmitituko den artea sortzen du, "Ishizaka Ha Kenpo"-a (Ishizakatarren boxeoa japonieraz) alegia.

1967. urtean Ishizaka familiako bi kide Shangaira egiten dute bidaia eta Chiandarrekin harremanetan jarrita denborarekin galdutako teknika eta forma zaharrak berreskuratzen dituzte. Orduan, artea Kenpo Kai deitzea erabakitzen dute. 1970. urtean Kazuo Ishizaka eta Chiaki Ohashi-k arte martzial txinatar eta japoniarren azterketa sakona egin ondoren bi kulturen ondarea bateratzen dute samuraien Bushido espiritua oinarritzat hartuta.

Ondorengo urteetan Kenpo Kai-a arte ezezaguna eta isilpekoa izango da 2000. urterarte, non Kenpo Kai-aren kirol adar bat sortzen da artea birrantolatuz eta mundu mailan bateratuz. Helburua, artea zabaltzea eta mundu mailan onespena lortzea. 2004. urteko abuztuan, Japoniako Hamamatsu hirian lehenengo Kenpo Kai Mundu Txapelketa ofiziala ospatzen da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kenpo kai Aldatu lotura Wikidatan