Killirikupe Emakumeak Ahalduntzeko Oiartzungo Eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Killirikupe Emakumeak Ahalduntzeko Oiartzungo Eskola
Datuak
Motairabazi asmorik gabeko elkartea
Jarduera sektoreaEtengabeko ikaskuntza eta feminismoa
HerrialdeaOiartzun
Historia
Sorrera1990

Killirikupe Emakumeak Ahalduntzeko Oiartzungo Eskola. 1990. urtean sortua, emakumeak prestakuntza jasotzeko, hausnarketak egiteko eta elkarrekin aritzeko helburua duen emakume taldea da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euren burua formatzeko beharra sentitzen zuten emakumeei erantzuteko sortu zen taldea Oiartzunen. Herrian antolatu ziren jardunaldi batzuetan kokatu behar da hasiera. Iñaxi Lazkano, Arritxu Tolosa eta Iñaki Ibargaraik psikologoen taldeak emandako ikastaroaren ondorioz erabaki zuten taldeari jarraipena eman eta formazio iraunkor modura eustea egitasmoari.[1][2](164)

Hasieran emakume eta gizonak hasi baziren ere, gero emakume eskola bihurtu zen. Euskarazko talde bakarra izan zen hasiera eman ziona eta, errealitateari erantzuna emateko, euskarazko taldearekin batera gaztelerazko taldea ere jarri zuten martxan.

Ikastaro saioa

Ikastaroak ikasturte ikuspuntuarekin antolatzen dira. Kurtsoak sei hilabetetakoak izan ohi dira irailetik martxora. Hasieran zortzi hilabeteko iraupena izaten zuten baina aurrekontuak behartuta sei hilabetera murriztu behar izan dute ikasturtea (iraila-martxoa). Klase aktiboak izaten dituzte. Artikuluak, ensaioak, testu mota desberdinen irakurketa eta pelikulak erabiltzen dituzte gaiak lantzeko. Guztiak  erreferente eta ikuspuntu feministatik[3](172-173).

Mintegiaren amaiera
2013ko taldea

Astean behin elkartzen dira eta saioetara asistentzia eta gaiak lantzeko konpromisoa eskatzen dira, bereziki. Eta lan pertsonala egiteko ardura ere bai, etxerako lanak, alegia.  Bataz-beste 30 partaideen bueltan ibiltzen dira, bi taldetan banatuta. Edozein adin tarteko emakumeei irekita dago. Talde-lana eta elkarren babesa garrantzitsuak dira. Euren arteko harremanak sendotzeari garrantzia ematen diote klaseetatik kanpo ere, sozializatzeko modu ez formalei garrantzia ematen diotelarik biltzen diren aldiro. Udalak kaleratzen duen urtekarian azaltzen dituzte egindako lanak eta posta elektronikoa badute: killirikupe2016@gmail.com.

“ Emakume eskola honek formatu egiten gaitu eta emakume gixa haziarazi, nahiz bakarka nahiz taldeka, ahalduntze eta berdintasunerantz pausoak ematen lagunduz.”

Killirikupe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2023ko taldea

Oiartzungo herriko plazan, bada/ bazen emakumeak elkartzen ziren leku bat, Killirikupe izeneko arkupea. Emakumeen topagune naturala izan den lekuak eman dio izena taldeari.[4](224-225).

Gizonak kontsejupeko frontoian bezala, emakumeak izaten ziren Killirikupen biltzen zirenak, solasean eta haurrekin aritzeko. Hortik izenaren nondik norakoa.

Juridikoki elkartea da. Estatutuak tarteko, 1992an lortu zuten elkarte izaera. Partaideek eusten diote proiektuari. Hilean behin elkartzen den batzordeak darama funtzionamendua eta koordinazioaren ardura eta urtero egiten dute partaideen asanblada orokorra.[5](188-189)

Ikastaroak Udalak utzitako lokaletan ematen dira. Behin urteko programa osatuta, finantziazioa erakunde desberdinetatik lortzen dute: Oiartzungo Udala,[6]

Gipuzkoako Aldundia[7] eta Emakundetik.[8]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako logoa

Izenak izan duen bilakaerak ongi adierazten du taldearen izaerak ere izan duena. Killirikupe emakume taldea izenarekin jaio zen.[2](164) Handik urte batzuetara Killirikupe, berdintasunaren aldeko emakumeen elkartea[9](162-163) deiturarekin legalizatu zen eta, azkenik, Killirikupe Emakumeak Ahalduntzeko Oiartzungo Eskola Elkartea[10] da hartu duen deitura ofiziala. Urteetako hausnarketa dinamikoak garatu du taldea, bere izaera eraldatuz.

Jarduerak [aldatu | aldatu iturburu kodea]

25. urteurrena

Urtez-urte asko dira egiten diren jarduerak. Batzuk barrura begira baina baita herri osoari eskainitakoak ere. Ekitaldi ugari antolatzen dituzte, izan museora bisitak, antzerki emanaldiak, emakume-topaketak, etab. Beti ere emakumearen formakuntza eta ahalduntzeari begira.[11](208-209). Adibidez, 2021an Bizitzaren aldeko Bira Zapatista ekimena[12](192-193) ekitaldi gogoengarrienetakoen artean daukate.

Herritarrei begira urtean 6-8 ekitaldi burutzen dituzte: tailerrak, hitzaldiak, pelikulak, antzerkiak... Horien artean Aingeru Oiartzabal psikologaren urteroko hitzaldia dago.[13]

Cadizeko bilkura 2019an

Neus Albertos Meri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015erako hasiak ziren Neus Albertos-ek zuzentzen dituen tailerretan parte hartzen. Hilean behin egiten dute hiru orduko tailerra emakume guztiei irekita. Feminismoaren ikuspuntutik egunerokotasuna duten gaiak jorratzen dira, pelikulak eta irakurketekin osatuz. Neus Albertos Meri[14] genero berdintasuneko teknikaria da eta bere formazio programa beste herri gehiagorekin saretuta eramaten du aurrera.[15](186-187).

REDAGI bilkura 2019an

2020an, adibidez, Castellonen egon ziren. Granadan eta Jimena de la Fronteran egindako Lurraldeen Arteko Topaketetan ere izan ziren.[4](224-225) Neus Albertosen bitartez mantentzen dituzte beste herrietako emakume taldeekin harremanak, elkarrekin topaketak eta gisako ekintzak antolatuta.

Herriko dinamikaren partaide[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Killirikupen jarduerak badu proiekzioa herrian sortzen diren beste hainbat dinamiketan. Talde eta ekintza ugarietan kolaboratzen dute, hauen artean:

  • Agenda 21
  • Korrika, tartean Kilometroak hartzeko konpromisoarekin.
  • AEK taldearekin euskara bultzatzeko konpromisoa hartuta.
  • Feministen Asanbladarekin martxoaren 8 eta azaroaren 25ko ekitaldietan, euren ekintza propioekin.
  • Xanistebanetako programa egituraketan.

Herriko aitortza 2015. urtean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txupina udaletxeko balkoitik
Herriko agintariekin soka-dantzan


Herriko eragile modura eta 25. urteurrena bete zituen urtean, Oiartzungo Udalaren omenaldia jaso zuen Killirikupek. Xanistebanetan txupina botatzeko ohorea izan zuten, herriaren aurrean dantzatzen den soka-dantzan parte hartzearekin batera.[16]

[3](172-173)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Erik, Gartzia(e)ko. (2020-10-09). «Killirikupe, 30 urte ikasten» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  2. a b «Xanistebanak 95» Xanistebanak 95 (Oiartzun: Oiartzungo udala) 25: 164..
  3. a b (Ingelesez) «2016 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  4. a b (Ingelesez) «Oiartzun 2020 urtekaria» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  5. «Xanistebanak 2004» Oiartzun 2004 Xanistebanak (Oiartzun: Oiartzungo udala) 34: 188-189. ISSN 531/77 SS 531/77..
  6. «Oiartzungo Udala» www.oiartzun.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  7. Txantiloi:Euskara-Gaztelera «Gipuzkoako aldizkari ofiziala» Gipuzkoako aldizkari ofiziala (Gipuzkoako Foru Aldundia) 123.
  8. Txantiloi:Gaztelera Resolución de 27 de julio de 2022,. Gasteiz: Emakunde, 10. or..
  9. «Xanistebanak 2010» Xanistebanak 2010 (Oiartzun: Oiartzungo udala) 40: 162-163. ISSN 531-1977 SS 531-1977..
  10. (Gaztelaniaz) r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b8b16eead1a456352e. (2012-10-22). «KILLIRIKUPE EMAKUMEAK AHALDUNTZEKO OIARTZUNGO ESKOLA ELKARTEA» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  11. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019» issuu (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  12. (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2022 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  13. Erik, Gartzia(e)ko. (2022-10-11). «Aingeru Oiartzabal psikologoak hitzaldia emango du ostiralean» Oarsoaldeko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  14. (Gaztelaniaz) «Neus Albertos» Feministas Valencianas 2020-03-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  15. (Ingelesez) «Oiartzun 2018 urtekaria by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).
  16. (Gaztelaniaz) «Oiartzuarrak, xanisteban festetan murgilduta» El Diario Vasco 2015-08-03 (Noiz kontsultatua: 2023-04-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]