Klak! Gazte Ahotsa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Klak! Gazte Ahotsa
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskara
Argitaratze lekuahttps://klak.eus/
FormatuaDigitala
Gai nagusiaGazteen intereseko gaiak
Banaketa
MaiztasunaAstekaria (asteazkenetan)

Klak! Gazte Ahotsa Gaztesarearen eta Topaturen amaieraren ondoren sortutako hedabidea da. Gazteek osatzen dute eta gazteek jasaten duten zapalkuntza eta isiltasunari aurre egiteko asmoarekin sortu da. Ez da hedabide soil bat, proiektu integral bat baizik eta sarean soilik aurki dezakegu. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako errealitateak eta ikuspegiak integratzen ditu. Hauek Podcast formatuan eta euskara hutsean elaboratutakoak dira eta asteazkenero argitaratzen dira Klak.eus webgunean[1], Ivooxen [2] eta Spotifyen[3].

Beharrizan zaharrei erantzun berriak emateko sortua izan da hedabide hau, elkarbanatzeko espazio bat da eta ikuspegi ezberdinak bilduko dituen erreferentzia berritzat aurkezten du bere burua. Iritziak elkarbanatzeko, hausnarketak bultzatzeko, ikuspegiak eraikitzeko, eta Euskal Herriko panorama komunikatiboan gazteontzat eragiteko gaitasuna sortzea du helburu[1].

Inguruko komunikabideekin ere elkarlanean aritzen da Klak!, berrikuntzarako eta eragiteko gaitasunak biderkatzeko aukera izanik. Horrez gain, gazte mugimenduekin ere egiten du lan. Iritzi eta ikuspuntu ezberdin asko elkarbanatzen eta lantzen ditu hedabideak. Gainera, errealitate heteropatriarkalaren kontzientzia du eta hori gainditzeko lan egiten du.[1].

Proiektu eraldatzailea da, gizarte eredu askatzaileen erakusleihoa eta sistema zapaltzaileekiko kritikoa eta horri aurre egiteko alternatiben bilaketan aktiboa. Azkenik, Klak! parte-hartzailea da, gazteen parte-hartzea bilatzen du. Proiektu autogestionatu bat da, eta horregatik kontsumitzaileen ekarpenen laguntzaz egiten dute aurrera.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehendabizi Gaztesarea hedabidea sortu zen. Gaztesarea Euskal Herrian sortu zen proiektu komunikatibo bat izan zen.  Behar batzuk asetzeko sortua izan zen eta gizarte mugimendu eta errealitate ezberdinak isladatzeko balio izan zuen[1]. Baina hedabide honen ibilbidea betirako markatuko zuen gertakaria eman zen 2009ko uztailaren 29an. Uztaileko egun hartan Guardia Zibila Gaztesarearen egoitzara sartu zen. Jazoera horrek hiru atxilotu eta bederatzi auzipetu izan zituen ondoriotzat. Azkenean 2010eko urtarrilaren 13an Gaztesareak bere jarduna gelditu behar izan zuen[4].

Horren ondoren sortu zen Topatu hedabidea. Topatu garaiko testuinguruan galdera eta beharrei erantzuteko sortua izan zen[1]. Baina Gaztesarearen moduan ere amaiera iritsi zitzaion urte batzuk geroago. 2021eko otsailaren 3an eraiki da bi hedabide horien oinordeko izango den proiektua: Klak! Gazte Ahotsa[5]. Crowdfunding bat egin zuten dirua bildu eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Kontsumitzaileengandik jasotako feedback-a oso ona izan zen eta ezarritako minimora iristea lortu zuten. Gaur egun astero entzuleen kopurua handitzen doa. [6]

Edukien azalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klak! Gazte Ahotsaren webgunean gai ezberdinen inguruko podcast-ak aurki daitezke. Podcast hauek hiru sail ezberdinetan banatzen dira: Eragin (Kakotx artean), Bizi (Lokatzetan) eta Sortuz (Klaketa). Denak doan entzun daitezke. Podcast hauetan gai anitz lantzen dituzte, euren artean oso ezberdinak direnak, eta bakoitzak 30-40 minutuko luzera izaten du.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klak! Gazte Ahotsak iritzi eta ikuspuntu ezberdinak biltzen ditu bere baitan. Klak! gaztea da eta gazteak dira erdigunea. Klak! feminista da eta Euskal Herriko zazpi lurraldeak barne hartzen ditu, hau da, ikuspegi nazionala du[1].

Klak! Gazte Ahotsa feminista da eta iritzi eta ikuspuntu ezberdinak biltzen ditu bere baitan. [1] Euskaraz eta euskaratik egindakoa da eta gainera eraldatzailea, askatzailea eta parte hartzailea da.[7]

Diru iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klak! Gazte Ahotsak bere edukiak webgunean bakarrik argitaratzen ditu podcast modura. Proiektu autogestionatu bat[1] da eta doanekoa izan arren hedabideak aurrera jarraitzeko laguntzak emateko bi aukera eskaintzen dituzte. Alde batetik ekarpenak egin daitezke eta bestetik bazkide izan zaitezke.

Ekarpenak egiteko aukera ezberdinak daude:[8]

  1. 10 euroko ekarpena: Mugikorrerako euskarria eta hilabete bateko harpidetza opari.
  2. 25 euroko ekarpena: Bluetooth bozgoragailua eta bi hilabeteetako harpidetza opari.
  3. 50 euroko ekarpena: Bluetooth entzungailuak eta hiru hilabeteko harpidetza opari.
  4. 60 euroko ekarpena: Proiektuari bultzada bat emateko ekarpen kolektiboa da. Bannerrak edo publizitatea paratu eta asanbladetan parte-hartzeko aukera.
  5. 60 eurotik gorako ekarpena: Proiektuari bultzada bat emateko ekarpen kolektiboa da. Bannerrak edo asanbladetan parte-hartzeko aukera.

Bazkide izateko ere aukera ezberdinak eskaintzen ditu Klak!-ek:[9]

  1. Norbanako bazkidetza (4 euro): Norbanako bazkidetza hileroko ordainketarekin.
  2. Norbanako bazkidetza (50 euro): Norbanako bazkidetza urteko ordainketarekin.
  3. Bazkidetza kolektiboa (100 euro): Bazkidetza kolektiboa.
  4. Bazkidetza kolektiboa plus (150 euro): Bazkidetza kolektiboa plus.

Hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klak! Gazte Ahotsa Euskal Herriko zazpi lurraldeetan murgiltzen da. Podcast hauek sarean zintzilikatuta daude eta beraz munduko edozein lekutan entzun daitezke, hori bai, euskara hutsean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i Gazteon Ahotsa, Klak!. (2021). ZER DA KLAK? :: AURKEZPENA. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  2. (Gaztelaniaz) «KLAK - Gazte Ahotsa» iVoox (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  3. (Ingelesez) «KLAK - Gazte Ahotsa» Spotify (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
  4. Gaztesarea. 2021-02-16 (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  5. Berria, Berria. (2003). «'Klak gazte ahotsa' podcastak gaur hasiko du bidea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  6. ««Euskal Herri osoko gazteon ahotsa indartzea dugu helburu» - Baztan» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  7. Urkizu, Urtzi. «'Topatu'-ren ostean, 'Klak'» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  8. «Itsulapikoa | KLAK Gazte Ahotsa» Itsulapikoa (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).
  9. Bazkidetza – Klak – Gazteon ahotsa. (Noiz kontsultatua: 2021-05-06).