Lan-kontratu

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Lan kontratu» orritik birbideratua)

Lan kontratua. Langabezia tasa altua dagoenean lan kontratuak ez dira parekoen artean egiten diren kontratuak izaten.

Lan kontratua enpresaburuaren eta langilearen arteko kontratu bat da. Kontratua sinatuz, langileak zerbitzu zehatz bat egiteko betebeharra hartuko du. Trukean, enpresaburuak lansari bat eman beharko dio langileari.

Lan kontratua eta beraren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zer da lan kontratua?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langile baten eta enpresaburu baten arteko akordioa da lan kontratua. Langileak enpresaburuarentzat lan egiten du soldata baten truke. Bestalde, langileak zer-nolako lan baldintzak izango dituen zehaztuko da kontratuan.

Lan-kontratuaren forma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratuak idatziz edo ahoz (bakarrik modalitate batzuetan) egin daitezke.

Lan-kontratuaren iraupena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratuaren iraupena mugagabea izan daiteke, baita mugatua ere. Iraupena lan kontratu motaren araberakoa izango da.

Probaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hautazkoa da eta akordio baten bitartez finkatzen da. Lan kontratuan, langileak lana hasterakoan probaldia egingo duela adierazi behar da.

Probaldiaren iraupena hitzarmen kolektiboetan zehazten da. Gehieneko epea sei hilabetekoa da teknikari tituludunentzat eta bi hilabetekoa gainerako langileentzat. Baina enpresak 25 langile baino gutxiago izanez gero, ez da hiru hilabetez pasatuko.

Langile bat probaldian egon bada enpresa batean, ez da berriro egongo egoera horretan enpresa berean. Probaldian dagoen bitartean beste langileen eskubide eta betebehar berberak izango ditu langileak.

Soldata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soldata langileak bere lanaren truke jasotzen duen ordainsaria da. Kontratuan adieraziko da urtean zenbat diru irabaziko duen eta zenbat ordainsari (paga) emango zaizkion.

Langilearen soldata, enpresaren hitzarmen kolektiboak zehaztutakoaren araberakoa izango da. Enpresak hitzarmen kolektiborik ez badu, probintziakoa edo nazionala aplikatuko da.

Dena dela, ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago izango.

Lanaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak egunean, astean, hilean edo urtean lan egingo dituen orduak dira lanaldia. Astean, ezin dira 40 ordu baino gehiago lan egin, ezta 9 ordu baino gehiago egunean.

Lanaldiaren ordu kopurua hitzarmen kolektiboan agertuko da, edo, bestela, probintziakoa edo nazionala aplikatuko da.

Zer da lan harremana?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan harreman bat egongo da langile batek borondatez bere zerbitzuak enpresa bati ematen dizkionean. Eremu horren barruan, langile horri Langile Estatutua aplikatuko zaio.

Enpresaburua fisikoa edo juridikoa izan daiteke, eta langileak enpresarenak edo ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresa) baten bidez lagatakoak izango dira.

Egoera hauei ez zaie Langileen Estatutua aplikatuko:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Funtzionario publikoak diren langileak.
  • Bete behar diren prestazio pertsonalak.
  • Erakundeetan administratzaile lanak egiten dituzten langileak.
  • Lagunen arteko lanak.
  • Familien arteko lanak, salbu lan harreman bat dagoela frogatzen bada.
  • Ekintza merkantilistak egiten dituzten langileak, enpresaburu baten edo zenbaiten izenean.

Nortzuek lan egin dezakete?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baldintza hauek betetzen dituztenek lan egin ahal izango dute:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lan egiteko gaitasuna dutenek.
  • 18 urtetik gorakoek, eta 16 urteko gazteek baldin eta gurasoen edo tutore legalaren baimena izanez gero.
  • Atzerritarrei buruzko Legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten atzerritarrek.

Lan kontratu motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratuak sailkatzeko hiru irizpide orokor hauetaz baliatuko gara:

  1. Kontratu bereziak
  2. Iraupenaren araberako kontratuak
  3. Enplegu sustapenerako kontratuak

Lan kontratu bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau ikusita, lehenengo irizpideari dagokionez, Kontratu bereziei dagokienez, lau azpimultzotan sailkatuko ditugu modalitate honetako lan kontratuak.

Bitarteko harremanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratu arrunta dugu, baterako lana arautzen duena. Lana batera egiten denean lana antolatzeko teknika bat da. Bi kontratu mota bereiziko ditugu:

Talde kontratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratu honek langile talde baten eta enpresaburuaren arteko harremana arautzen du. Administrazio lana arintzea da helburua: hau da, lan kontratu bakarra egingo da talde osoarentzat. Taldearen eta enpresaburuaren artean harreman zuzena dago; bada, era berean, taldekide bakoitzaren eta enpresaburuaren artean zeharkako harremana sortzen da. Bestalde, taldearen ordezkari bat egon beharko da, horrek dakarren erantzukizunarekin.

Laguntzaile erantsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak laguntzaile bat aukeratzeko eskubidea izango du. Hala, laguntzailearen eta enpresaburuaren artean ere harremana sortzen da.

Telelana (urrutiko lana)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratu honen bidez langileak etxean edo berak libreki hautatutako leku batean lan egiten du, enpresaburuaren zaintzarik gabe. Enpresaburuak eta langileak baldintzak itundu behar dituzte.

Lan kontratua existitzeko bete behar diren aurrebaldintzak bermatu behar dira, nahiz eta menpekotasuna ahulduta dagoen (ez baitago zaintzarik). Kontratu mota hau obra kontratutik bereizten duen elementua hau da: telelanean langileak ez du enkarguak onartzeko edo ukatzeko askatasunik.

Lan kontratu honek erregulazio berezia du. Izan ere, formari dagokionez, idatziz egin behar da. Bestalde, kontratu arruntean ez bezala, ez da aplikagarria gehieneko lanaldia. Ez dago mugikortasun geografikorik eta enpresaburuak bermatu behar du tokia egokia eta segurua dela. Gainera, ordezkaritzako eskubideak ere aplikagarriak dira.

Lan kontratu honetan lanaldia partziala edo osoa izan daiteke; eta iraunaldia, mugagabea edo aldi baterakoa. Heziketa kontratuak ezin dira egin telelanaren bidez.

Heziketako kontratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntzarako kontratua (Ez tituluduna)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratu honen helburua lanpostu bat egoki betetzeko beharrezkoa den heziketa teoriko eta praktikoa lortzea da. Beraz, lan kontratu bat denez, soldata bat ematen da lanaren truke. Kontratu mota honek hainbat berezitasun ditu, besteak beste:

  • Kontratuaren jasotzaileak 16 eta 25 urte bitartean izan beharko ditu. Dena den, langabezia tasa % 15 baino altuagoa bada, 30 urtera arte manten daiteke. Hala ere, langile talde batzuentzat ez dago adin maximorik; hala da, esaterako, eskola tailerrean edo lanbide etxean barneratzen diren langabetuentzat edota pertsona ezgaituentzat.
  • Jasotzaileak ezin du titulaziorik izan. Era berean, langilea aurretik enpresan 12 hilabetez lanean egon bada, pertsona hori ezin da izan lan kontratu honen objektua.
  • Lan harremana ezin da lanaldi partzialekoa izan, ezta ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresa) bateko langileari edo urrutiko lanari dagokiena.
  • Hitzarmen kolektiboaren bitartez mugak ipin daitezke langile kopuruari dagokionez.

Lan kontratu honen ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Formari dagokionez idatziz egin behar da eta ondo zehaztu behar da prestakuntza, hau da, heziketa teorikoari eta praktikoari dagozkien orduak zehaztuko dira, baita tutorea eta prestakuntza ere.
  • Ezin izango da lanaldi partzialeko lan kontratua izan.
  • Kontratua amaitzean, langileak lortutako heziketa maila eta prestakuntza aldia adierazten dituen ziurtagiria eman beharko du enpresaburuak.
  • Enpresaburuak zenbait betebehar izango ditu: besteak beste, kontratuaren helbururako egokiak diren lana eta heziketa eskaintzea, heziketa teorikoa ematea eta prestakuntzaren garapena zaintzea tutore baten ardurapean (tutoreak ezin izango ditu hiru ikasle baino gehiago izan).
  • Lan kontratua amaitu eta gero bertan lan egiten jarraitzekotan, antzinatasuna hasieratik kontuan hartuko da.
  • Gizarte Segurantzari dagokionez, babes guztiak izango ditu langileak.
  • Iraupena dela eta, gutxienez sei hilabetekoa izango da, eta, gehienez, hiru urtekoa. Baldintza horiek errespetatuz gero, iraupena alda daiteke.
  • Lan kontratu honetan probaldia egitea aukera bat da.
  • Kontratuak nahitaez heziketa teorikorako tarte bat utzi behar du, gutxienez lanaldiaren % 15. Era berean, prestakuntza teorikoan eginiko hutsegiteak lanera ez joatearekin parekatuko dira. Heziketa hori betetzen ez bada, enpresak kalte-ordainak ordaintzeko betebeharra du. Heziketa praktikoari dagokionez, lan egokia eman beharko zaio langileari eta prestakuntzako obligazioak ez baditu betetzen, lan kontratu arrunta bilakatuko da.
  • Soldata hitzarmen kolektiboaren arabera erabakiko da, eta gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldata kobratuko du, benetako lanari dagokion portzentajean.
Praktiketako kontratua (Tituluduna)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratu honen helburua da tituludun batek arlo batean trebetasuna lortzea. Unibertsitate tituluak, lanbide heziketakoak edo baliokidetzat jotzen diren bestelako titulu ofizialak baliagarriak izango dira. Hala, ikasketaren barneko praktikak ezin dira kontratu honetan barneratu. Bestalde, lege iruzurtzat hartuko da lanpostuarekin zerikusirik ez duen lana eskaintzen bada, eta, beraz, deuseztzat joko da. Lan kontratu hau baliagarria da ikasketak bukatu direnetik bost urteko epean, eta ezgaituen kasuan zazpi urteko epean.

Lan kontratu mota honen ezaugarriak:

  • Forma idatzizkoa izan beharko da eta zehaztu beharra dago titulua eta dagozkion praktikak.
  • Probaldia hilabete batekoa da titulu ertaina dutenentzat eta bi hilabetekoa goi-titulua dutenentzat.
  • Iraupen minimoa, sei hilabetekoa da; eta maximoa, bi urtekoa.
  • Soldata hitzarmen kolektiboak ezartzen duenaren araberakoa izango da. Dena den, lehenengo urtean soldataren % 60 izango da gutxienez; eta % 75, bigarren urtean.
  • Posiblea izango da lanaldi partziala.
  • Ziurtagiria beharrezkoa izango da.

Lanaldi mugatuko kontratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan kontratu hauen helburua ohiko lanaldian baino ordu gutxiago lan egitea da; eta ez dago ez minimorik ez maximorik. Ezaugarri hauek ditu:

  • Formari dagokionez idatzizkoa izango da, eta ordutegia eta lan orduak zehaztu beharra dago. Hori betetzen ez bada, lege-haustetzat hartuko da eta iraunaldi mugagabeko lan kontratua sortuko da.
  • Iraupena dela eta, mugagabeak edo mugatuak izan daitezke.
  • Soldata egindako lan orduen araberakoa izango da, proportzionaltasunean.
  • Gizarte Segurantzan kotizatzeko orduak kontuan izan beharrean, egunak zenbatuko dira; bestela, diskriminaziotzat har daiteke.
  • Aparteko orduak debekatuak daude. Dena den , ordu osagarriak onartzen dira. Ordu osagarriok ezin dute gainditu lanaldi arrunta.
  • Aurre abisua zazpi egunekoa da.
  • Soldata arrunta bezalakoa izango da soldata.
  • Adostasunez, lan kontratua berritzean lanaldi osotik partzialera pasatzea eta alderantziz onartzen da; baina ezin da langilea zigortu, hori bete nahi ez badu.

Lanaldi mugatuko bi lan kontratu mota bereizten dira:

Sasoiko lan finkoak eta aldizkako lan finkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaldia urte tarte batean beteko da, data ziurrarekin edo ziurrik gabe eta lan beharrak asetzeko erabiliko da. Iraupenari dagokionez, mugagabea izango da eta haien izaera arrunta eta orokorra da enpresaren jardueran.

Forma idatzizkoa izango da, eta lan ordutegia eta lanaldia zehaztu beharra dago. Bestalde, lan kontratu hau kita daiteke baina ez amaitu. Amaitzeko modua zurekin berriz harremanetan ez jartzea izango da.

Erretiro partziala eta errelebo kontratua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanaldi mugatuko bi lan kontratu dira, elkarrekin lotuta daudenak. Erretiratuko den langileak bost urte lehenago gehienez adosten du enpresarekin erretiro partziala hartzearren, lanaldiaren gainerako orduak erreleboko langileak betetzea. Kontratu osagarriak dira.

Erretiro partziala betetzeko, betekizun bereziak eskatzen dira, hala nola partzialki jubilatu nahi den langileak lanaldi osoa eta irmoa izatea, erretiroa hartzeko baldintzak betetzea, akordio batera heltzea enpresarekin eta abar.

Hala, erretiro partzialean dagoen pertsonaren lanaldia gutxienez % 25 eta gehienez % 85 izango da, eta horren arabera kalkulatuko da soldata.

Errelebo kontratuaren helburua, beraz, erretiro partziala osatzea da. Idatziz egin behar da, eredu ofizialean eta lanaldia zehaztuz, eta langilearen datuak zehaztu behar dira. Langileak egingo duen lana erretiro partzialarena edo beste bat izan daiteke. Iraunaldiari dagokionez, lan kontratu mugagabea edo aldi baterakoa izan daiteke (azken kasu horretan, bestea osoki jubilatzean amaituko da kontratua). Jubilatutakoarekiko harremana bukatuz gero, enpresaburuak langabe bat kontratatu beharko du; bestela, enpresaburuak erretiro partzialaren pentsioa ordaindu beharko dio Gizarte Segurantzari.

Iraupenaren araberako lan kontratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratuaren iraupena kontutan hartuz, bi multzotan sailkatuko ditugu kontratuak: kontratu mugagabeak eta iraupen jakineko kontratuak.

Kontratu mugagabea:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak enpresaburuari denbora mugagabean zerbitzuak emateko egiten den kontratu mota da. Kontratuaren formak idatzizkoa izan beharko du; eta kontratuaren lanaldia osokoa eta partziala, edo sasoiko lan finkoak egiteko erabil daiteke.

Iraupen jakineko kontratuak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi baterako kontratuetan lau kontratu mota bereizten dira: obra edo zerbitzu jakin baterako lan kontratua, behin-behineko lan kontratua, bitarteko kontratuak eta Administrazioa Publikoak langabetua lan merkatuan txertatzeko kontratua.

Lau kontratu hauek guztiok arau batzuk betetzen dituzte:

  • Berdintasun printzipioa: aldi baterako langileei tratu txarragoa ematea debekatzen da.
  • Informatzeko beharra: enpresaburuak langile hauei lanpostuen berri eman behar die. Hala, langile guztiek irmoak izateko aukera izango dutela bermatu nahi da.
  • Lege-hauste berezia: salaketarik ez badago eta langileak lanean jarraitzen badu, langilea iraupen mugagabekoa dela ulertuko da.
  • Aurre-abisua: urtebete baino denbora luzeagoko iraupena duen kontratua bada, enpresaburuak kontratuaren amaiera, gutxienez, 15 eguneko aurre-abisuarekin abisatu beharko dio langileari.
  • Kontratuaren etendura: kontratua eteteak ez dakar kontratuaren iraunaldia luzatzea.
  • Kontratu ez-mugatuen aldeko lege-hausteak:
    1. “Iuris tantum” lege-haustea: kontrako frogak onartzen dituen lege-haustea da. A) kontratua idazten ez bada edo kasu bakoitzean eskatzen diren betekizun formalak ez badira betetzen. B) Langileei Gizarte Segurantzan altan ematen ez badiete eta probaldiaren epea igaro bada. C) Jarduera edo kontrataturiko zerbitzuen izaera aldi baterakoa ez dela ikusten denean.
    2. “Iuris et de iure” lege-haustea: kontrako frogak onartzen ez dituen egoera da. Lege iruzurrean egindako lan kontratuak mugagabetzat jotzen dira.
  • 30 hilabeteko epean aldi baterako kontratu bi baino gehiagoren bidez 24 hilabetean lanean egondako langilea, irmoa eta finkoa izango da.
-Aurreko egoera hori bi kontratu mota hauetan bakarrik gertatzen da: behin-behineko kontratua duten langileen kasuan eta obra edo zerbitzu jakin baterako kontratatutako langileen kasuan.
Obra edo zerbitzu jakin baterako kontratua: (LEren 15 art. eta 2720/1998 ED)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra edo zerbitzu zehatz eta jakin bat egitea du helburu kontratu honek. Obra edo zerbitzua enpresaren jardueratik bereizten dena, eta autonomia izan behar du. Denboraren aldetik, lan beharra mugatua bada ere, aldez aurretik ezin da zehaztu iraupena. Beraz, enpresaren berariazko beharrei aurre egiteko kontratua da.

Kontratuaren formak idatzizkoa izan behar du. Beharrezkoa izango da kontratuan objektua, obra edo zerbitzu jakina zehaztea eta identifikatzea. Bestela, kontratuaren amaiera ezin da justifikatu eta kontratua mugagabea dela ondorioztatuko da. Kontratua burutu eta hurrengo 10 egunen bitartean Enplegu-bulegoan (Lanbide / SEPE) erregistratu beharra izango du enpresaburuak.

Iraupena, obra edo zerbitzua egiteko beharrezkoa den denbora izango da, kontratua bukatzeko data ziurra ez delako ezagutzen. Gehienez 3 urte arteko iraupena izango du, eta hitzarmen kolektiboaren arabera 12 hilabetez luza daiteke.

Kontratua amaitutzat emateko, obra bukatzea beharrezkoa da; baina aurretik 15 eguneko aurre-jakinarazpena jaso beharko du langileak. Langileak kontratuan itundutako obra edo zerbitzuak egiten ez baldin baditu eta horien ordez beste zerbitzu batzuk egiten baditu, lan kontratua mugagabetzat joko da.

Behin-behineko lan kontratua: (LE 15art. eta 2720 ED)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkatuaren eskakizunen gorabeherak direla eta, lan pilaketa edo gehiegizko eskaerei aurre egiteko egiten den kontratua da, nahiz eta enpresaren ohiko jarduera izan. Behar iraunkorrei erantzuteko egiten dira horrelako kontratuak.

Kontratuaren forma: 4 aste baino gehiagoko kontratuak idatziz egingo dira eta, gainera, amaiera data jakina zehaztu beharko da.

Iraupena aurretik zehaztutakoa izango da eta gehienez 6 hilabetekoa izango da 12 hilabeteko epealdian. Iraupenak gehienezko muga gainditzen badu eta langileak lanean jarraitzen badu, mugagabe bihurtuko da kontratua.

Kontratuan jarritako datan amaituko da kontratua eta ez du aurre-abisuaren beharrik izango.

Bitarteko kontratuak: (LEren 15. art. eta 2720/1998 ED)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratu honek bi helburu ditu:

a) Lanpostua gordetzeko eskubidea duen langilea ordeztea.
b) Lanpostua era iragankorrean betetzeko edo promoziozko prozedurak irauten duen bitartean betetzea.

Kontratu honek berezitasun batzuk ditu:

a) Langile ordeztuaren izena, ordezteko arrazoia eta ordeztuko duen langileak beteko duen lanpostua zehaztu beharko dira kontratuan bertan.
b) Bigarren kasuan, hautaketaren edo promozioko prozeduraren kasuan, hautatzeko prozeduran dagoen lanpostua zein den zehaztu beharko da kontratuan.

Formaren aldetik, idatzizkoa izango da kontratua eta ordeztua den langilea eta lanpostua adierazi behar dira.

Edozein kasutan, lanaldi osokoa izan behar du kontratuak. Salbuespenak: lanaldi partzialeko langileak ordezteko denean eta legez edo akordioz tarte batez langile batek duen lanaldi murriztua osatzeko egiten denean.

Iraupena:

a) Ordeztutako langilearen eskubideek irauten duten arte.
b) Betiko betetzeko prozedurak irauten duena (gehienez, 3 hilabete; eta, administrazio publikoan bada, araudi bereziaren arabera hautatzeko prozedurak irauten duen arte).

Kontratuaren amaiera:

a) 1. Ordeztutako langilea lanpostura itzultzean. 2. Legez edo akordioz ezarritako itzultzeko epea igarotakoan. 3. Lanpostua gordetzeko eskubidea sortu zuen kausa iraungitzean.
b) Hautatzeko prozeduran, 3 hilabete; eta Administrazio Publikoetan, dagokion epea igarotakoan.
Administrazio Publikoak langabeak lan merkatuan txertatzeko lan kontratua:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazioak baditu berezitasun batzuk langileak kontratatzeko orduan. Herritar guztiek dute eskubidea lanpostu publikoak eskuratzeko eta hori administrazioak merezimenduen arabera egiten du, hau da, oposizioen bitartez.

Enplegua sustatzeko lan-kontratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontratu hauen helburua da zenbait langile talderen (langabeak, ezgaituak, gazteak, emakumeak...) kontratazioa erraztea, diru-laguntzak emanez eta kontratuen amaierako kostua txikiagotuz. Hiru kontratu mota ditugu: ekintzaileei laguntzeko kontratu mugagabea, langileak enpresetan txertatzeko aldi baterako kontratu mugagabea, eta aldez aurretik erretiratutako langileak ordeztea.

Ekintzaileei laguntzeko kontratu mugagabea: (3/2012 Legearen 4. art.)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

50 langile baino gutxiagoko langile taldea duten enpresek bakarrik egin dezakete kontratu hau. Bestalde, langabeziak % 15 baino altuagoa izan behar du estatuan. Lanaldi osokoa eta mugagabea izan behar du kontratuak.

Berezitasun bakarra, urtebeteko probaldia da.

Enpresak sustagarri fiskalak eta Gizarte Segurantzako hobariak izango ditu kontratu hau egiten duen bakoitzean.

Sustagarri fiskalak:

  • Lehenengo aldiz kontratatutako langilea bada eta 30 urtetik beherakoa bada, zergetatik 3.000 € gutxitu ahal izango ditu enpresaburuak.
  • Langabezia prestazioa kobratzen dagoela kontratatzen badute: % 50eko gutxitzea. Gainera, langabeziaren prestazioa kobratzen badago, langileak soldatarekin batera langabezia prestazioaren % 25 kobra dezake.

Gizarte Segurantzako Hobariak:

  • 16 urte eta 30 urte bitarteko edo 45 urte baino gehiagoko langileak kontratatzen baditu, hobaria, hurrenez hurren, 1.000 € eta 1.300 € izango dira.

Aldi baterako enplegua sustatzeko laneratze enpresetan: (44/2007 Legea)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkarte anonimo edo kooperatiben helburua, sozialki baztertuta dauden pertsonei lan hezkuntza eta integrazio soziala ematea da, hau da, bazterketa soziala pairatzen duten pertsonak kontratatzea.

Berezitasuna: kaleratze objektiboa ez da aplikagarria izango kontratu hauetan. Iraupena, gutxienez urtebetekoa eta gehienez hiru urtekoa izango da.

Aldez aurretik erretiratutako langileak ordezteko kontratua: (1194/1985 D)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dagokion adina baino lehen jubilatzen den langilea ordeztea du helburu kontratu honek (64 urtetik aurrera). Aldez aurretiko erretiroak aldi berean beste langile bat kontratatzea eskatzen du. Edozein izan daiteke kontratu mota, behin-behinekoa eta partziala izan ezik.

Kontratuak gutxienez urtebete iraun beharko du. Ordezko langilea urtebete baino lehen kaleratua bada, beste kontratu bat egin beharko zaio urtebetera heltzeko. Bestalde, kontratatutako langileak 26 urte baino gutxiago izan behar ditu eta kotizaziorako tipo berezia izango du (% 12).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]