Lankide:Alopez437/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Soinua grabatzeko prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinua objektu baten bibrazio-uhinek entzumen-sisteman sortzen duten kitzikadura da. Fisikaren arloan, soinu deritzo uhin mekanikoak hedatzen dituen edozein fenomenori. Honen adibide izan daitezke giza ahotsa edo musika-tresnen doinua, esate baterako.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinua grabatzeko lehenengo saiakerak 1857an hasi ziren, Édouard-Léon Scott de Martinville (1817-1879) tipografo eta asmatzaile paristarraren eskutik. Fonoautografo izeneko makina asmatu zuen, soinu akustikoa erregistratzea ahalbidetzen zuena. Fonoautografoak soinu-uhinak paper keztatuan gordetzen zituen.

Soinu digitala editatzeko tresneria.

Baina ordura arte, ordea,  ez zegoen gordetako soinua erreproduzitzeko modu ezagunik. Horri konponbidea ematearren asmatu zuen fonografoa 1877ko azaroan Thomas Alva Edison (1847-1931) ingeniari alemaniarrak. Fonografoa izan zen soinua erreproduzitzea posible egin zuen lehenengo tresna.

Bide horri jarraituz, 1925ean, soinuaren grabazioa eta erreprodukzioa prozesu elektriko bihurtu ziren. Horrela gertatu zen soinu-iraultza izenez ezagutzen dena, soinu analogikotik soinu digitalera igarotzea, alegia. Urteen joan-etorriarekin, aurrerapauso handiak egin ziren soinuaren grabazio-tekniken inguruan: grabazio magnetikoa, optikoa eta digitala garatu ziren, esate baterako. Gaur egun, soinu digitala da arruntena.

Soinu analogikoa eta digitala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audio analogikotik digitalera igarotzea izan da soinu-grabazioaren bilakaerarik esanguratsuena. Oro har, aurrerapauso horrek erabat moldatu du audioa lantzeko, entzuteko eta gordetzeko modua.

Hala, soinua grabatzeko bi metodo nagusiak hurrengoak dira:

Grabazio analogikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarri fisiko batengan marka edo zimur batzuk sortzean datza. Marka horiek jatorrizko seinalearen oszilazioak jarraitzen dituen patroi bat marrazten dute (adibidez, disko fonografiko batengan zimurrak sortzea). Grabazio analogikoko metodoek euskarri fisiko baten beharra dute haien gainean jatorrizko seinaleak irudikatzeko. Hots, seinalea ehundura fisiko gisa gorde behar da disko fonografiko batean; baina fluktuazio-magnetiko gisa gorde behar da grabazio-magnetiko baten kasuan.

  • Grabazio analogikoaren adibidetzat ditugu kasete zintak eta biniloak, esate baterako.

Grabazio digitala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknika digitalaren kasuan, soinua irudikatzeko erakuskari deritzon zenbaki segida bat erabiltzen da. Zenbaki horiek, soinu-uhinak neurtuz lortzen dira. Soinu-uhinetatik zenbakietarako bihurketa “bihurgailu analogiko/digital” izeneko gailu batek egiten du. Prozesu hori aplikatuta, zenbaki zerrenda bat baino ez da lortzen eta soinua entzuteko, berriro ere seinale analogiko (uhin) bihurtu behar dira zenbakiak. Alderantzizko aldaketa hori “bihurgailu digital/analogiko” batek egiten du.

  • CDak eta DVDak grabazio digitalaren adibideak dira.

Faseak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soinu digitala grabatzeko hiru fase [1]jarraitzen ditu bihurgailu analogiko/digital batek:

Soinu-uhin baten kuantifikazioaren irudia, 4 bit erabilita
  1. Laginketa: Denbora-unitateko uhinaren zati jakin bat hartzen da. Seinale ultrasonikoak erregistratu nahi badira, ordea, hartutako lagina handiagoa izan behar da.
  2. Kuantifikazioa: Aurreko faseko lagin edo zati bakoitzari zenbakizko balio bat esleitzen zaio, seinale analogikoaren tentsio elektrikoari dagokiona. Beste era batean esanda, tentsio-balio bat esleitzen zaio uhinari. Bihurgailu analogiko/digitalak irudiko lerro pare bakoitzaren artean, uhin-presioa neurtu eta tentsio bihurtzen du. Gainera, laginketa-maiztasuna giza entzumenaren irismena baino askoz handiagoa da (20000 Hz-ekoa); beraz, frekuentzia guztiak entzutea posible da sistema honekin. Jarraian, neurketa horiek zenbaki bitar bihurtzen dira, biko oinarria erabiliz. Orokorrean, tentsioa hamasei biteko “hitz” gisa erregistratzen da; non bit bakoitza bat edo zero den.
  3. Kodeketa: Kuantifikazio fasean lortutako zenbakizko balioak bit kopuru jakin batera itzultzen dira.

Grabazio analogikoaren eta digitalaren arteko konparaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Desberdinak diruditen arren[2], prozesuaren muina nahiko parekoa da soinu analogiko zein digitalaren kasuan. Desberdintasun tekniko bakarra da grabazio-prozesu digitalean kode bitarreko datuak eta uhinen irudikapen digitalak erabiltzen direla.

Hala eta guztiz ere, grabazio analogikoak kalitatea galtzen du denborarekin eta, horrez gain, grabazioa kopiatzean erregistroa kaltetzen duen zarata sortzen da. Digitalizazioak, ordea, soinuaren kalitate hobea eta manipulazio-erraztasuna eskaintzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «5.2.2.- Conversión de la señal analógica en digital. | ICTV02 .- La señal de radiodifusión. Primera parte: TV terrestre.» ikastaroak.ulhi.net (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  2. (Gaztelaniaz) «Música analógica vs digital, aclarando diferencias» Sound & Pixel 2015-02-02 (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).