Lankide:Ane.canales

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 37/10 Ebazpena: Manilako Adierazpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manilako Adierazpena 1982ko azaroaren 15an Batzar Nagusiak onartutako Ebazpena da. Nazioarteko eztabaidak modu baketsuan konpontzeko marko juridikoa finkatu zuen lehen arau-testua da. Honen helburua da nazioarteko eztabaidak modu baketsuan konpontzeko printzipioari lotutako plan zehatza garatzea eta honekin, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa. Estatuei bideratuta dago eta baita Nazio Batuen Erakundeei, zehazki Segurtasun Kontseilu, Nazioarteko Justizia Auzitegi, Idazkari Nagusi eta Batzar Nagusia berari ere.

2. Kontzeptu orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2.1.Nazioarteko eztabaiden konponketa baketsuaren printzipioa eta bere bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, gatazkak modu baketsuan konpontzea nazioarteko gizartean indarra erabiltzearen alternatiba bat baino ez zen. XIX. mendearen azken herenean ekin zitzaion konponketa baketsuaren sustepenari eta baita indarraren erabilera murrizteko joerari. Hagako 1899ko Bake Konferentziak nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko Hitzarmena ekarri zuen. 1907an egindako II. Bake Konferentzian Hitzarmena berrikusi zen. Konferentzia horietan liskarren hasiera eta garapena arautzen zen. Ondoren, Nazioen Elkartearen garaian (1919-1946), ahalegin handiak egin ziren indarraren erabilera mugatzeko, konponketa baketsua indartze aldera. Horretarako, alderdi anitzeko hainbat hitzarmen eta aldebiko akordio ugari egin ziren. Horien artean, nabarmentzekoak dira 1924ko Genevako Protokoloa, 1925eko Lokarnoko Akordioak eta 1928ko Eztabaidak Modu Baketsuan Konpontzeko Akta Orokorra.

1945ean Nazio Batuen Gutunaren bitartez konponketa baketsuaren Nazio Batuen Erakundearen printzipio bihurtu zen. 2.3 artikuluak honela dio: “Erakundeko Kideek bide baketsuetatik konponduko dituzte beren nazioarteko gatazkak, arriskuan jarri gabe nazioarteko bakea eta segurtasuna eta justizia.” Printzipio honen funtsezko izaera geroago esleitu zitzaion 2625 (XXV) Ebazpenean eta ondoren Manilako Adierazpenean. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aburuz, printzipio honek nazioarteko komunitatean indarrean egoteaz gain, "ezinbestekoa da gaur egungo munduan errespetatzea".

2.2.Nazioarteko eztabaidaren kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko eztabaida, Nazioarteko Justizia Gorte Iraunkorrak dioenez, “bi subjektuen arteko gertaera edo zuzenbideari buruzko desadostasuna da; hau da, iritzi juridikoen edo interesen kontrakotasuna”. Nazioarteko Justizia Auzitegiak dioenez, "eztabaida bat egotea determinazio objektiboa eskatzen duen auzia da". Era berean, eztabaida bat sortzeko, frogatu egin behar da alderdietako baten erreklamazioak beste aldeak gaitzetsi egiten dituela.

2.3.Prozedura askatasunez aukeratzeko printzipioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuek bakezko bitartekoen bidez bakarrik konpon ditzakete haien nazioarteko eztabaidak, eta, ildo horretatik, prozedura askatasunez erabakitzeko printzipioa bete behar dute. Printzipio horren arabera, Nazio Batuen Gutunak 33. artikuluak dioenez, alderdiek konponbidea aurkitzeko borondatea izan behar dute eta nahi duten prozedura adostu dezakete. Gainera, Nazioarteko Justizia Auzitegiak adierazi zuenez: "Nazio Batuen Gutunaren 33. artikuluaren arabera, aldeei dagokie baliabideak aukeratzea. Betiere, adostasuna bilatzeko eta fede onez jokatzeko betebeharra dute (...) ".  Fede onez jokatzea da alderdiek mehatxurik gabe eta bestearekiko abantailazko egoeran jartzea ez bilatzea. Honen harira, berdintasun subiranoren ideia aipatu beharra dago. Izan ere,  nazioarte mailan Estatu guztiek dituzte eskubide eta betebehar berdinak, hortaz, prozedura erabakitzean ere berdintasuna egon behar da.[1]


3. Ebazpenaren aurrekariak eta indarrean sartzeko prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko eztabaidei bide baketsua emateko ideia 1978. urtean hasi zen ikertzen eta garatzen. Momentu horretan Nazio Batuen Gutunaren Komite Bereziaren inguruan lanean zeuden, eta Erakundeak duen papera indartzen ari ziren (Batzorde Nagusiko 3499 Ebazpenean oinarrituta).

Garai horretan, Komite Bereziko saioak izan ziren Nazio Batuen egoitzan. Batzorde Orokorrak onartu zuen 33/94 Ebazpena 1978an, zeinetan Batzorde Bereziari eskatzen zitzaion “Eztabaida baketsuak konpontzeari buruz Estatu kideek egindako proposamenak zerrendatzea eta aztertzerekin” amaitzeko.

1979. urtean Errumaniak gai bat gehitzeko eskatu zuen: “Bide baketsuen bidezko konponketa Estatuen arteko istiluetan”. Gai hori garai horretako saioko programan sartu zuten, eta gai hau lantzeko Lehenengo Komisioa 1979ko Azaroaren 28 eta 29an izan ziren.

Komisioak bozkaketarik gabe, 34/102 Ebazpena onartu zuen 1979an, zeinetan eskatzen zitzaien estatu guztiei, Batzorde Orokorrak emandako ebazpenean parte hartzeko eta elkar lan egiteko. Horrez gain, ebazpen berak adierazten zuen Estatuek Idazkari Nagusiari euren iritziak, iradokizunak… adierazteko, eta hauek txosten batean batu zituen Batzorde Bereziak.

Lan hori eginda, Batzorde Orokorrak 34/147 Ebazpena onartu zuen 1979an, gai honen inguruan lan egiten jarraitzea agintzen zuena.

Batzorde Bereziak eztabaidatu zuen ebazpen bat sortzearen inguruan Manilan egin ziren saioetan, 1980ko urtarrila eta otsailaren artean. Helburua lortzeko lan talde bat sortu zen Batzordeko kide guztiek parte hartu zezaten. Lan taldeak proiektuak aurkeztu zituen, hauen artean “Nazioarteko eztabaidak modu baketsuan konpontzeari buruzko Manilaren adierazpen-proiektua”.

Saio horietan ez zuten denbora nahikorik izan proiektua eztabaidatzeko, baina txostenean egin zuten. Proiektu berri hau Batzorde Orokorreko programan sartu zuten. Gai hori Seigarren Batzordean landu zen gehien bat, Batzorde Bereziak egindako txostena kontuan izanda.  Seigarren Batzorde honetan Estatu kideek osatutako talde batek egin zuten lan.

Batzorde orokorrak 35/160 Ebazpena onartu zuen 1980ko abenduaren 15ean, eta honek eskatzen zion Batzorde Bereziari proiektu honen sorreran lan egiten jarraitzeko.

Behin eztabaidak eginda, eta hainbat berrikuspen egin eta gero, Batzorde Bereziak proposatu zion Seigarren Batzordeari lan-talde bat sortzeko testuari amaiera emateko. Lan talde hori 1981. urteko urritik azarora egin zuen lan, baina ezin izan zuten lana amaitu.

Beste hainbat saio, berrikuspen eta lan egin ziren proiektu honen inguruan. Azkenean, 1982an Seigarren Batzordeak kontsentsuz onartu zuen ebazpen proiektua, 40 Estatu kideen babesa zuen, eta Errumaniak aurkeztu zuen. Beraz, 1982ko azaroaren 15eko 37/10 Ebazpenean, Batzorde Orokorrak botazio gabe onartu zuen Nazioarteko Eztabaiden Konponketa Baketsuari buruzko Manilako Adierazpena. Kasu honetan, bozketaren ordez, adostasuna erabili zen Estatu kideen artean Adierazpena onartzeko. [2]

4. 37/10 Ebazpenaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manilako Adierazpenaren edukia bi ataletan banatzen da, lehenengoan Estatu kideei jarraibideak ematen zaizkie eta bigarrenean, aldiz, Nazio Batuen Erakundeen parte-hartzea zehazten da.

I atalean, hasteko, Batzar Nagusiak adierazten du Estatu kideek fede onez eta Nazio Batuen Gutunean jasotako proposamen eta printzipioekin bat etorriz jokatu behar dutela. Ondoren, 37/10 Ebazpenaren gaiari helduz, Estatuek haien nazioarteko eztabaidak bakezko bitartekoen bidez baino ez konpontzea esaten da. Honen bitartean, eztabaidan parte hartzen duten Estatuek haien betebeharrak errespetatzen jarraitu beharko dute, nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioen arabera.

Eztabaiden konponketa baketsua Estatuen berdintasun subiranoren ideian oinarritu behar da eta, ondorioz, prozedura askatasunez aukeratzeko printzipioak garrantzi handia du. Jarraian, Gutunaren 33. artikuluko prozedurak zerrendatzen dira, alderdiek konponketa baketsurako adostu eta jarraitu beharko dituztenak: negoziazioa, ikerketa, bitartekaritza, adiskidetzea, arbitrajea, konponketa judiziala, eskualde mailako organismo edo akordioak edo alderdien aukerako beste bide baketsuak. Gainera, konponketa azkarra eta bidezkoa izan behar da eta kooperaziorako espirituarekin eta fede onez egin beharko da.

Estatuek haien esku duten guztia egin beharko dute konponbide baketsua lortzeko, gatazka Segurtasun Kontseiluaren esku utzi aurretik. Konponbiderik lortzen ez badute, konponbide baketsu bat bilatzen jarraitu beharko dute, eta, lortzen ez badute, Segurtasun Kontseiluaren menpe jarriko dute eztabaida. Eztabaidan parte hartzen duten Estatuetako inork eta gainerako Estatuek ere ez dute egoera larriagotu dezakeen neurririk hartu behar. Betiere, nazioarteko eztabaida batek edo konponbide baketsurako prozesu baten porrotak ez du inola ere ahalbidetuko indarra edo mehatxua erabiltzea.

I. atalaren amaieran, Batzar Nagusiak dio, herrien libre autodeterminaziorako eskubidearen egikaritza errazteko, konponbide baketsurako prozedurak erabiltzeko aukera dutela, hala erabakitzen badute.

II. atalak, hasteko, Nazio Batuen Gutunaren VI. kapitulua aipatzen du, eztabaidak modu baketsuan konpontzeari buruzkoa. Jarraian esaten da, Estatu kideek Gutuna bete behar dutela eta Segurtasun Kontseiluaren eta Batzar Nagusiaren gomendioak ere kontuan hartu behar dituztela. Hemendik abiatuz, 37/10 Ebazpenak ikertu egiten ditu Nazio Batuen organo nagusi batzuen zeregina eztabaiden konponeta baketsuan.

Batzar Nagusiaren rolarekin hasten da. Honek edozein egoera eztabaida dezake eta era baketsuan konpontzeko neurriak gomendatu baita. Eztabaida edo nazioarteko bakea kolokan jar dezaketen egoeretaz ardura har dezake, Estatu kideek hala agintzen badiote. Honen harira, Batzar Nagusiak ezarritako organo subsidiarioak ere erabil ditzakete Estatuek, hau da, organo laguntzaileak. Azkenik, konpontze baketsua errazteko kontsultetara jotzeko aukera dago.

Hurrengo organo nagusia Segurtasun Kontseilua da. Hemen, Estatuek Segurtasun Kontseiluaren esku utzi behar dituzte Gutunaren 33. artikuluko bitartekoen bidez konpontzea lortzen ez dituzten eztabaidak. Gainera, eztabaida eragin dezaketen egoerak erakundearen mende uzteko aukera ere badute. Horrela, bada, Segurtasun Kontseiluak eztabaidak aztertu eta gertakariak zehaztu ahal izango ditu, organo subsidiarioak ere erabili ahal izango ditu eta prozedurak eta metodoak gomendatu ditzake baita. Bere jardunean atzerapenik gabe ibili beharko da.

Nazioarteko Justizia Auzitegiari dagokionez, esaten da, oro har, alderdiek honen mende jarri behar dituztela eztabaida juridikoak. Horretarako, Estatu kideei gomendatzen zaie tratatuetan gatazken konponketa baketsuari buruzko klausulak adostea, Auzitegiaren jurisdikzioa aitortzea eta aurretiaz Auzitegira zein kasutan jo dezaketen zehaztea.

Azkenik, Idazkari Nagusia aipatzen da. Alde batetik, Batzar Nagusiaren arreta deitu dezake bakea arriskuan jartzen duen edozein gairi buruz. Bestetik, Segurtasun Kontseiluak edo Batzarrak agintzen dizkioten eginkizunak bete behar ditu, eta txostenak bidaliko dizkie eskatzen diotenean.[3]

5. Ondorengo aplikazioa eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Manilako Adierazpena eman ondoren, 1988. urtean, Batzorde Orokorrak 43/51 Ebazpena onartu zuten ildo honi jarraituz. Honetan ere Nazio Batuen papera, Segurtasun Kontseiluarena hain zuzen ere indartzea bilatzen zen;  baina batez ere, gatazkak prebenitzeko  eta nazioarteko bakea eta segurtasuna mehatxatu dezaketen egoerak sahiesteko neurriak sortzea zen helburua.

Horrez gain, Manilako Adierazpena eman zenean, Estatuek egindako proposamenen inguruan ere egin dute lan hurrengo urteetan, eta behin ideia hauek garatuta, ebazpen gehiago onartu dira nazioartean, horrela gai hau gehiago garatzeko eta osotasuna lortzeko. Adibidez, BN 46/59 Ebazpena 1991. urtean. Honetan, berrikusitako lan-dokumentuen azterketa bateratua egin zen, zortzi taldetan egituratuta: sarrera eta definizioa identifikatu ziren; egitateak zehazteko misioaren hasiera; idazkari nagusia; adostasunaren eta aldebakarreko adierazpenaren arazoa; estatuen lankidetza egitateak zehazteko misioekin; informazio-bilera; salbuespen-klausulak; Segurtasun Kontseilua eta Batzar Nagusiaren Ebazpena.

Ildo honi jarraituz, azken urteotan beste batzuk ere onartu dira:

  • “Nazio Batuen eta nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusteko eskualdeko akordio edo erakundeen arteko lankidetza hobetzeari buruzko adierazpena” (49/57 Ebazpena, 1994ko abenduaren 9koa).
  • “Estatuen arteko eztabaidak bateratzeko Nazio Batuen arau ereduak” (BN 50/50 Ebazpena, 1995eko abenduaren 11koa).
  • “Nazio Batuetan dauden prozedurak arrazionalizatzea” (BN 45/45 Ebazpena, 1990eko azaroaren 28koa).
  • “Gatazkak prebenitzea eta modu baketsuan konpontzea” (BN 57/26 Ebazpena, 2002ko azaroaren 19koa).[4]

BIBLIOGRAFIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. ANDRES SAENZ DE SANTA MARIA, Paz. (2020). Sistema de Derecho Internacional Público. Thomson Civitas.
  2. RIAL, J.A (2020), A 50 años de la adopción de la Resolución 2625. Pasado, presente y futuro de la Organización de las Naciones Unidas, Revista Electrónica de Derecho Internacional Contemporáneo, Universidad Nacional de La Plata, Buenos Aires. Eskuragarri hemen: http://sedici.unlp.edu.ar/bitstream/handle/10915/111506/Documento_completo.pdf?sequence=1&isAllowed=y
  3. UNITED NATIONS (2008), Declaración de Manila sobre el arreglo pacífico de controversias internacionales, United Nations Audiovisual Library of International Law. Eskuragarri hemen: https://legal.un.org/avl/pdf/ha/mdpsid/mdpsid_ph_s.pdf
  4. RIAL, J.A (2020), A 50 años de la adopción de la Resolución 2625. Pasado, presente y futuro de la Organización de las Naciones Unidas, Revista Electrónica de Derecho Internacional Contemporáneo, Universidad Nacional de La Plata, Buenos Aires. Eskuragarri hemen: http://sedici.unlp.edu.ar/bitstream/handle/10915/111506/Documento_completo.pdf?sequence=1&isAllowed=y