Nazio Batuen Gutuna

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Nazio Batuen Gutuna Nazio Batuen Erakundea sortzeko izenpetu zen ituna da. Estatuen arteko itun baten ondorioz sortu zenez, ezin da esan konstituzioa denik, ez baitu herriak berretsi.

1945ean San Frantziskon egindako Konferentzian sinatu zuten garai hartan Nazio Batuen sistemako partaide ziren 50 estatuk (Poloniako ordezkaririk izan ez zenez, honek geroago izenpetu zuen). 1945eko urriaren 24an sartu zen indarrean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek eta gainerako estatu gehienek berretsi ondoren.

Nazio Batuen Erakundeko estatu kide guztiek Gutun hau bete behar dute eta ezin dute beraren kontrako beste itunik izenpetu. Behin berretsi ondoren, gutun hau ez betetzeak NBEtik kanporatzea ekar diezaioke edozein estaturi, nahiz eta inoiz ez den neurri hau aplikatu. Gaur egun munduko estatu independente gehienek Gutun hau berretsita daukate; salbuespen esanguratsuena Aulki Santua da. Honek begirale iraunkorraren estatusa du eta NBEko zenbait agentzia eta taldetan parte hartzen duen arren ez da eskubide osoko kide.

NBEren helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutuneko lehenengo artikuluan zehazten dira NBEren helburuak:

  1. Nazioarteko bakea eta segurtasuna gordetzea, bakearen kontra izan daitezkeen gaitzak saihestu eta ezabatzeko beharrezko ahalegin kolektiboak bultzatzea, [...]
  2. Eskubide berdintasunean eta herrien autodeterminazioan oinarritutako kidetasun harremanak garatzea eta nazioarteko bakea sendotzeko beharrezko bideak garatzea.
  3. Nazioarteko ekonomia, gizarte, kultura edo giza arazoak konpontzeko nazioarteko lankidetza lortzea, baita guztientzako giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak betetzeko ere, arraza, sexu, hizkuntza edo erlijioagatiko diskriminazioen gainetik.
  4. Azken helburu hauek lortzeko nazioen arteko harmonizazio gune izatea.