Nazio Batuen Batzar Nagusia

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Nazio Batuen Batzar Nagusia
Datuak
Izen laburraUNGA, AGNU, AGNU eta GS ZN
Motainternational parliament (en) Itzuli eta Nazio Batuen Erakundeko organo nagusia
Jarduera
Honen parteNazio Batuen sistema eta Nazio Batuen Erakundea
Eskumendekoak
Agintea
LehendakariaCsaba Kőrösi (en) Itzuli
Egoitza nagusi
Osatuta
JabeaNazio Batuen Erakundea
Historia
Sorrera1945
webgune ofiziala

Nazio Batuen Batzar Nagusia (ingelesez: United Nations General Assembly, UNGA edo GA; frantsesez: Assemblée générale, AG)  Nazio Batuen (NBE) sei organo nagusietako bat da, bertan bakarrik dute nazio kide guztiek ordezkaritza berdina, eta berau da NBEren eztabaida-, politika- eta ordezkaritza-organo nagusia. Bere botereak honako hauek dira: NBEren aurrekontua gainbegiratzea, Segurtasun Kontseiluko kide ez iraunkorrak izendatzea, Nazio Batuetako idazkari nagusia izendatzea, NBEko beste atal batzuetako txostenak jasotzea eta Batzar Nagusi gisa gomendioak ematea (Batzar Nagusiaren ebazpenak). Organo subsidiario ugari ere ezarri ditu.

Gaur egun, Batzar Nagusia urtero biltzen da Nazio Batuen egoitzan, New Yorken, presidenteak edo idazkari nagusiak gidatzen duen bilkuran. Batzar Nagusia irailetik abendura bitartean izaten da, baita urtarrilaren zati batean ere, gai guztiak jorratzen diren arte (sarritan, hurrengo bilkura hasi baino lehentxeago arte)[1]. Bilkura berezietarako eta larrialdi bilkura berezietarako berriz bildu daiteke. Nazio Batuen Gutunaren IV. kapituluan ezartzen dira Batzar Nagusiaren osaera, eginkizunak, botereak, bozketa eta prozedurak. Lehen bilkura 1946ko urtarrilaren 10ean egin zen, Londresko Methodist Central Hallen, eta 51 herrialdetako ordezkariak bildu zituen.

Batzar Nagusian, bertaratutakoen eta boto-emaileen bi herenen gehiengoz onartu behar da gai garrantzitsu batzuei buruzko bozketa. Gai horiek dira, hain zuzen ere, bakeari eta segurtasunari buruzko gomendioak, aurrekontuari buruzko kezkak eta kideen hautaketa, onarpena, etetea edo kanporatzea. Beste auzi batzuk gehiengo osoz erabakitzen dira. Estatu kide bakoitzak boto bat du. Aurrekontuen onarpena eta ebaluazio-eskala baten onarpena salbu, Batzarraren ebazpenak ez dira lotesleak kideentzat. Batzarrak gomendioak egin ditzake NBEren irismenaren barruko edozein gairi buruz, bake eta segurtasun gaiei buruz izan ezik, azken horiek Segurtasun Kontseiluari baitagozkio. [2]

1980ko hamarkadan, Batzarra «Iparralde-Hegoalde elkarrizketarako»  foro bihurtu zen: nazio industrializatuen eta garapen bidean dauden herrialdeen arteko gaiak eztabaidatzea helburu. Gai horiek argitara atera ziren, aparteko hazkundearen eta NBEko kideen osaera aldakorraren ondorioz. 1945ean, NBEk 51 kide zituen. Orain 193 ditu, eta horietatik bi heren baino gehiago garapen bidean dauden herrialdeak dira. Kopurua dela eta, garapen bidean dauden herrialdeek sarritan zehazten dituzte Batzarraren agenda (G77 bezalako koordinazio taldeak erabiliz), eztabaiden ikuspuntua eta erabakien izaera. Garapen bidean dauden herrialde askorentzat, NBE da maila diplomatikoan eragiteko biderik nagusiena, eta kanpo harremanetako ekimenak bideratzeko modu nagusia.

Batzar Nagusiak onartutako ebazpenek nazio kideen gaineko indar loteslerik ez badute ere (aurrekontu-neurriez gain), 1950eko azaroko Uniting for Peace ebazpenarekin bat etorriz (377. ebazpena (V)), Batzarrak neurriak har ditzake, baldin eta Segurtasun Kontseiluak ez badu jarduten (kide iraunkor baten ezezko botoaren ondorioz) eta bakearen mehatxua, bakearen urraketa edo eraso ekintza bat dagoela dirudien kasuetan. Batzarrak berehala azter dezake gaia, eta neurri kolektiboen inguruko gomendioak eman kideei, nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzea edo berrezartzea helburu. [2], Londresen egin zen Nazio Batuen Batzar Nagusiko lehenengo batzarra 1946an.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Methodist Central Hall

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren lehenengo batzarra 1946ko urtarrilaren 10ean deitu zen Londresko Methodist Central Hallen eta 51 herrialdetako ordezkariek hartu zuten parte. Jarraian egindako batzarrak hiri desberdinetan izan ziren: bigarren batzarra New Yorken, eta hirugarrena Parisen. Zazpigarren ohiko bilkuraren hasieran, 1952ko urriaren 14an, New Yorkeko Nazio Batuen egoitzara egin zen aldaketa. 1988ko abenduan, Jassir Arafat entzuteko helburuarekin, Batzar Nagusiak 29. bilkura antolatu zuen Genevan, Suitzan, Nazioen Jauregian.

Kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen 193 kideak Batzar Nagusiko kideak dira, eta Egoitza Santua eta Palestina behatzaile estatuak dira. Horietaz gain, Nazio Batuen Batzar Nagusiak behatzaile izaera eman diezaioke nazioarteko erakunde edo entitate bati. Hala, erakunde edo entitate horrek, mugatuta bada ere, eskubidea du Nazio Batuen Batzar Nagusiaren lanean parte hartzeko.

Agenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilkura-aldi bakoitzeko programa zazpi hilabete lehenago planifikatzen da, eta behin-behineko programan sartuko diren gaien atariko zerrenda bat argitaratzen denean hasten da. Zerrenda hori berriz findu, eta behin-behineko programa bat argitaratzen da bilkura-aldia ireki baino 60 egun lehenago. Bilkura hasi ostean, azken programa onartzen da osoko bilkura batean, eta lana Batzorde Nagusiei esleitzen zaie, zeintzuek ondoren, txostenak aurkezten baitizkiote Batzarrari, adostasunez edo bozketa bidez onar ditzan.

Agendako gaiak zenbakituta daude. Azken urteetan, Batzar Nagusiaren ohiko bilkurak hiru hilabetean egiteko programatu izan dira hasiera batean; hala ere, lan karga gehigarriek luzatu egin dituzte beti bilkurak, hurrengoak hasi baino gutxi lehenagora arte luzatu ere. Errutina edo arau bati jarraiki hasten dira, normalean «irailaren hirugarren asteko asteartean, gutxienez lan egun bat duen lehenengo astetik zenbatzen hasita», NBren Prozedura Arauen arabera. Batzar horietako ohiko azken saioak beti bezala programatu ziren hiru hilabete barrurako, abenduaren hasieran amaitzeko, baina urtarrilean hasi ziren berriz, eta hurrengo saioak hasi baino lehentxeago arte luzatu ziren.

Hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuen Gutunean adierazten denez, Nazio Batuen sistemako hainbat organotarako kideak hautatu behar ditu Batzar Nagusiak. Hauteskunde horietarako prozedura Batzar Nagusiaren Araudiaren 15. atalean aurki daiteke. Batzar Nagusian egin beharreko hauteskunde garrantzitsuenak dira, besteak beste, Batzar Nagusiko hurrengo presidentea, Segurtasun Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Giza Eskubideen Kontseilua eta Nazioarteko Justizia Auzitegia. Hauteskunde gehienak urtero egiten dira, Nazioarteko Justizia Auzitegirako epaileen hautaketa izan ezik, azken hori hiru urtean behin egiten baita.[4][5]

Batzarrak Segurtasun Kontseiluko bost kide ez-iraunkor aukeratzen ditu urtero, bi urterako; Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko 18 kide, hiru urterako; eta Giza Eskubideen Kontseiluko 14-18 kide, hiru urterako. Batzar Nagusiko hurrengo bilkurako lidergoa ere aukeratzen du, hau da, Batzar Nagusiko hurrengo lehendakaria, 21 lehendakariordeak eta sei batzorde nagusietako bulegoak.[4][6][7]

Nazioarteko Justizia Auzitegirako hauteskundeak hiru urtean behin izaten dira, gortearen barruan jarraipena bermatzeko. Hauteskunde horietan, bost epaile hautatzen dituzte bederatzi urterako. Hauteskunde horiek Segurtasun Kontseiluarenarekin batera egiten dira, eta hautagaiek botoen gehiengo osoa jaso behar dute bi organoetan.[8]

Batzarrak, Segurtasun Kontseiluarekin batera, Nazio Batuetako hurrengo idazkari nagusia hautatzen du. Hauteskunde gehienak Segurtasun Kontseiluan egiten dira, eta Kontseiluaren izendapena jasotzen duen hautagaia izendatu baino ez du egiten Batzar Nagusiak. [9]

Eskualde-taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuetako Eskualde Taldeak estatu kideen arteko eserlekuen banaketa geografiko orekatua errazteko sortu ziren Nazio Batuetako organoetan. Batzar Nagusiaren 33/138 ebazpenak honako hau xedatzen du: «Nazio Batuetako organoen osaerak ordezkaritza-izaera bermatzeko moduan eratuta egon behar du». Beraz, Nazio Batuetako estatu kideak bost eskualdetan banatzen dira modu informalean, eta Nazio Batuen sistemako erakunde gehienek eserleku kopuru zehatza dute esleituta eskualde-talde bakoitzarentzat. Gainera, organo gehienen lidergoa ere txandatu egiten da eskualde-taldeen artean, hala nola Batzar Nagusiko lehendakaritza eta sei batzorde nagusietako mahaiburutza.[9][10][11]

Adostasun printzipioaren arabera egiten dute lan eskualde-taldeek. Berek onetsitako hautagaiak, oro har, Batzar Nagusiak hautatu egiten ditu, ondorengo edozein hauteskundetan.[11]

Bilkurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilkura bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilkura bereziak, edo UNGASSak (ingelesez, Special session of the United Nations General Assembly), hiru eratara deitu daitezke, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak eskatuta, Nazio Batuetako estatu kide gehienek eskatuta edo kide bakar batek eskatuta, betiere gehiengoa ados badago. Saio berezietan, normalean, gai bakar bat lantzen da, eta, amaitzean, ondorioen dokumentu bat edo bi sortzen dituzte: adierazpen politikoa, ekintza-plana edo gai horri aurre egiteko estrategia. Goi-mailako ekitaldiak izaten dira; estatuburuek, gobernuburuek eta gobernuko ministroek parte hartzen dute horietan. Nazio Batuen historian 30 saio berezi egin dira.[12][13][14]

Larrialdiko bilkura bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segurtasun Kontseiluak ezin badu nazioarteko bakerako eta segurtasunerako mehatxu bati buruzko erabakirik hartu, normalean, kide iraunkorren arteko desadostasunagatik, Batzar Orokorrak larrialdiko bilkura berezi bat deitu ahal izango du, Nazio Batuko estatu kideei neurri kolektiboak har ditzaten gomendatzeko. Botere hori 1950eko azaroaren 3ko 377(V) Ebazpenean eman zitzaion Batzarrari.[12][15][16]

Larrialdiko bilkura bereziak Segurtasun Kontseiluak dei ditzake gutxienez zazpi kide ados badaude, edo Nazio Batuetako Estatu Kideen gehiengoa ados badago. Behar adina boto izanez gero, Batzarra 24 orduren buruan bildu behar da, eta kideei bilkura hasi baino gutxienez hamabi ordu lehenago helarazi behar zaie jakinarazpena. Nazio Batuen historian larrialdiko 10 saio berezi egin dira.[17]

Erreforma eta Nazio Batuen Parlamentu Batzarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005eko martxoaren 21ean, Kofi Annan idazkari nagusiak txosten bat aurkeztu zuen, In Larger Freedom (Askatasunaren kontzeptu zabalagoa) izenekoa. Txosten horretan Batzar Nagusia kritikatzen zuen, adostasunean hainbeste arreta jartzearen truke «iritzi oso desberdinen ezaugarri komun baxuena»[18] islatzen zuten ebazpen lausoak onartzen ari zelako. Era berean, programa zabalegi bati ekiteagatik ere kritikatu zuen Batzarra, «Unean uneko gai nagusiei, besteak beste, nazioarteko migrazioari eta denbora luzez eztabaidatu den terrorismoari buruzko hitzarmen orokorrari» arreta jarri beharrean. Annanek Batzar Nagusiaren agenda, batzordeen egitura eta prozedurak arrazionalizatzea gomendatu zuen; presidentearen eginkizuna eta autoritatea indartzea; gizarte zibilaren eginkizuna indartzea; eta batzordeen erabakiak berrikusteko mekanismo bat ezartzea, finantzatu gabeko mandatuak eta Nazio Batuen Idazkaritzaren mikrogestioa ahalik eta gehien murrizteko. Annanek erreformak aplikatzeko ardura gogorarazi zien Nazio Batuetako kideei, NBEren eraginkortasunean hobekuntzak lortzea espero badute.

2005eko irailean Nazio Batuen Goi-bilerak ez zituen erreforma-proposamenak onartu. Kontrara, Batzar Nagusiaren jarrera berretsi zuen, Nazio Batuen eztabaida-, arau- eta ordezkaritza-organo nagusi gisa, bai eta Batzarrak arauak ezartzeko eta nazioarteko zuzenbidea kodetzeko prozesuan duen aholkularitza-funtzioa ere. Goi-bilerak Batzar Nagusiaren eta gainerako organo nagusien arteko harremana indartzeko ere eskatu zuen, Nazio Batuen ekintza koordinatua eskatzen zuten gaurkotasuneko gaietan koordinazio hobea ziurtatzeko, betiere bakoitzaren eskumena kontuan hartuta.[19]

Nazio Batuen Parlamentu Batzarra, edo Nazio Batuen Herri Batzarra, Nazio Batuen Sistemari proposaturiko gehikuntza bat da, eta, agian, Nazio Batuetako parlamentuko kideak zuzenean hautatzeko aukera emango lieke mundu osoko herritarrei.

65. batzar orokorreko eztabaidan, Jorge Valerok, Venezuelaren ordezkari gisa, zera esan zuen: «Nazio Batuek beren eredua agortu dute, eta kontua ez da, besterik gabe, erreforma bat egitea; XXI. mendeak aldaketa sakonak eskatzen ditu, eta aldaketa horiek erakunde honen berreraikitze batekin bakarrik dira posible». Kubari egindako bahitura eta Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko ebazpenen baliogabetasuna aipatu zituen NBEren ereduaren porrotaren arrazoi gisa. Beto eskubidea eteteko ere eskatu zuen Segurtasun Kontseiluan, «Bigarren Mundu Gerrako hondarra zelako, estatuen berdintasun subiranoaren printzipioarekin bateraezina».[20]

Nazio Batuen Batzar Nagusiaren erreformak Nazio Batuen Batzar Nagusiko botereak eta osaketa aldatzeko proposamenak jasotzen ditu. Horrek barne har litzake, adibidez, Batzarrari eskatzea ebalua dezala estatu kideek ondo aplikatzen dituzten Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpenak, [21] batzarrak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean duen boterea handitzea edo eztabaidak konstruktiboagoak eta ez hain errepikakorrak izatea.[22]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  2. a b (Ingelesez) «Functions and powers of the General Assembly» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  3. «CHAPTER 12. UNROD—The Last Six Months: October 1972-March 1973» The United Nations in Bangladesh (Princeton University Press): 155–167. 2015-12-31 ISBN 978-1-4008-7058-5. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  4. a b «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  5. Charter of the United Nations. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  6. «General Assembly Elects 14 Member States to Human Rights Council, Appoints New Under-Secretary-General for Internal Oversight Services | Meetings Coverage and Press Releases» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  7. «Delegates Elect Permanent Representative of Nigeria President of Seventy-Fourth General Assembly by Acclamation, Also Choosing 20 Vice-Presidents  | Meetings Coverage and Press Releases» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  8. «Members of the Court | International Court of Justice» www.icj-cij.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  9. a b Ruder, Nicole; Nakano, Kenji; Aeschlimann, Johann (2017). Aeschlimann, Johann; Regan, Mary (edit.). The GA Handbook: A practical guide to the United Nations General Assembly (PDF) (2. edizioa). New York: Permanent Mission of Switzerland to the United Nations. orr 61–65. ISBN 978-0-615-49660-3 Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  10. «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  11. a b Winkelmann, Ingo (2010). Volger, Helmut (edit.). A Concise Encyclopedia of the United Nations(PDF) (2. edizioa). Leiden: Martinus Nijhoff. orr 592–96. ISBN 978 90 04 18004 8. Noiz kontsultatua: 2020-05-07.
  12. a b Ruder, Nicole; Nakano, Kenji, Aeschlimann, Johann (2017). Aeschlimann, Johan; Reagan, Mary (edit.)https://www.eda.admin.ch/dam/mission-new-york/en/documents/UN_GA__Final.pdf (2. edizioa). New York: Permanent Mission of Switzerland to the United Nations. orr 14-15. ISBN 978-0-615-49660-3.
  13. Charter of the United Nations. (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  14. (Ingelesez) «General Assembly of the United Nations» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  15. (Ingelesez) «General Assembly of the United Nations» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  16. «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  17. «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  18. «United Nations Official Document» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-07).
  19. Johnstone, Ian. (2008). «Legislation and Adjudication in the Un Security Council: Bringing down the Deliberative Deficit» The American Journal of International Law 102 (2): 275–308.  doi:10.2307/30034539. ISSN 0002-9300. (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  20. «Venezuela, Bolivarian Republic of» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-05-05).
  21. «REVITALIZATION OF THE WORK OF THE GENERAL ASSEMBLY» (PDF). Globalpolicy.org. Noiz kontsultatua: 2020-05-05.
  22. «The Role of the UN General Assembly». Council on Foreign Relations. Noiz kontsultatua: 2020-05-05.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]