Lankide:Eider Quertier/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ilargi-harriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilargi harria (the Moonstone ingelesez) Wilkie Collinsek 1868an argitaratutako nobela bat da. Eskuarki Ingeles literaturako lehen detektibe-nobela dela esaten da eta baita XIX. mendeko garrantzitsuenetako bat dela ere.

Hasiera batean, Charles Dickensek 1859an sortutako All the Year Round astekari literarioko faszikuluetan argitaratua izan zen.[1]

1878an, Collinsek obra antzerkirako moldatu zuen eta XX. mendean zehar, egokitzapenak egin ziren bai telebistarako eta baita zinemarako ere.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorioa Ingalaterran kokatzen da eta emakume aristokrata gazte bat du protagonista; Rachel Verinder, hain zuzen ere. Rachelek, haren hemezortzigarren urtebetetze festan, diamante zoragarri bat jasotzen du opari: ilargi-harria (The moonstone). Diamantea osabak, John Herncastlek, oinordean utzi zion Racheli.

Baina diamante baliotsu horrek hasiera-hasieratik arazoak ekarriko dizkio Rachel gazteari. Izan ere, Herncastlek ilargi-harria Indian zegoela lapurtu zuen jainkosa baten kopetatik, eta ordutik hiru jarraitzaile sutsu diamantearen bila dabiltza, nola edo hala berreskuratzeko helburuarekin. Hori gutxi balitz, diamantea Rachelen urtebetetze festa eta gero bat-batean desagertzen da, inolako arrastorik utzi gabe.

Momentu horretan bertan ilargi-harria aurkitzeko abentura hasten da. Nork lapurtu ote du? Zergatik? Eta zertarako?

Lekuko bakoitzak gertaeren inguruan duen bertsio pertsonalari esker, irakurleak galdera horien erantzuna aurkituko du eleberrian zehar.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Rachel Verinder – Protagonista. Ilargi-harria jasotzen du oinordean.
  • Franklin Blake – Rachelen lehengusu eta ezkongaia.
  • Godfrey Ablewhite – Rachelen beste lehengusu eta ezkongai bat. Filantropoa da.
  • Gabriel Betteredge – Langileri zerbitzuko burua.
  • Rosanna Spearman – Rachelen zerbitzaria. Iraganean lapur ohia izan zen.
  • Drusilla Clack – Rachel Verinderren lehengusina. Emakume zorrotza. Erlijioarekin lotutako panfletoak banatzen ditu.
  • Bruff jauna – Familiaren abokatua.
  • Cuff sarjentua – Detektibe ezaguna.
  • Candy doktorea – Familiako medikua. Istorioak aurrera egin ahala, burua galtzen du.
  • Ezra Jennings – Candy doktorearen laguntzailea, nahiko arraroa. Minbizia dauka eta minari aurre egiteko opioa erabiltzen du.
  • Hiru funanbulu hinduak. Istorioan "hinduak" bezala ere agertzen dira.

Obraren garrantzia literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Obra hau misteriozko eleberri modernoen artean lehena dela kontsideratzen dute kritiko gehienek. T. S. Eliotek, esate baterako, "Ingalaterrako detektibe-nobela modernoen artean lehena, luzeena eta hoberena" zela esan zuen.[2] Hain zuzen ere, Ilargi-harrian aurrerago genero horretan ohikoak izango diren baliabideak erabiltzen ditu Collinsek, horien artean: "susmagarri" mordo bat, argumentazioan falaziak erabiltzea, krimena ematen den orduan pertsonaiak bertan egotea, pertsonaia horiek krimenaren ikerketetan parte hartzea eta bi poliziaren presentzia; eskualde-polizia traketsa alde batetik eta Scotland Yardeko ikertzaile abila bestetik.

Collinsek, era berean, askotariko narrazioa modu bikainean erabiltzen du, eta baita eleberri epistolarraren baliabide estilistikoa ere. Gainera, Gabriel Betteredgek (langileri zerbitzuko burua) eta Clack andereak (Rachelen lehengusina, oso erlijiosoa) kontatzen dituzten zatiak oso barregarriak eta patetikoak suertatzen dira, bereziki gainerako pertsonaien testigantzekin alderatzen badira.

Ilargi-harriak izan zuen arrakastaren beste gakoetako bat Collinsek opioaren adikzioaren inguruan egin zuen deskribapen xehea da. Izan ere, Wilkie Collinsek hark benetan zuen esperientziaz baliatuz idatzi zuen opioari buruz: helduaroan laudanoarekiko mendekotasun latza sufritu zuen, eta horren eraginez eldarnio paranoikoak edukitzen zituen.

Eleberri hau Collinsek idatzi zituen obra arrakastatsuen artean azkenekoa izan zen. Hain zuzen ere, "best seller" bihurtu zen Ilargi-harria, aurretik idatzitako hiru eleberrien antzera. Dena den, obra honen ostean bere bizitzako ziklorik emankorrena bukatu zen; geroago lan gehiago ere idatzi zituen, baina ez ziren aurrekoak bezain arrakastatsuak izan.

Zinema eta telebista egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1934an, obraren lehenengo film egokitzapena egin zen, Monogram Pictures Corporationen eskutik.
  • 1972an, bigarren egokitzapen bat kaleratu zuten Britainia Handian. Egokitzapen hori, ordea, telesail gisa eman zen.
  • 1996an, hirugarren telebista egokitzapen bat egin zen, BBCren eta Carlton Televisionen eskutik.

Eleberria euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ilargi-harria 2008. urtean argitaratu zen euskaraz. Antton Olanok egin zuen liburuaren itzulpena.[3]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «All the Year Round» www.victorianweb.org (Noiz kontsultatua: 2018-12-11).
  2. (Ingelesez) David, Deirdre; Deirdre, David. (2001). The Cambridge Companion to the Victorian Novel. Cambridge University Press ISBN 9780521646192. (Noiz kontsultatua: 2018-12-12).
  3. «Ilargi-Harria. Wilkie Collins. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-18).