Lankide:Marina B/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Mirentxu Loyarte Espartza, Mirentxu Loiarte edo Mirentxu Loxarte bezala ere ezaguna (Iruñea, Nafarroa Garaia, 1938) euskarazko zinema zuzendari eta gidoigilea da. Lehen euskal emakume zuzendaria dela kontsideratzen da.[1] Zinema erremaminta politiko eta kultural moduan erabiltzearen aldekoa, mugimendu abertzalearekiko gertutasuna erakutsi du.[2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan ikasi zuen, eta 60.hamarkadan euskal zinema produkzioari hasiera eman zion mugimenduaren parte bilakatu zen, abiapuntutzat Fernando Larruquert eta Néstor Basterretxearen Ama Lur (1968) zuena, Gerra Zibilaz geroztik Euskal Herrian filmatutako lehen film luzea. Aldarrikapen politiko eta linguistikoz beteriko zinema sortzen hasiko dira Iñaki Núñez, Iñigo Silva, J. B. Heinink, Javier Rebollo, Juan Ortuoste, Imanol Uribe edota Loyarte bera.[3]


1978an bere lehendabiziko lana egin zuen, Irrintzi. Film labur honek Luis Iturrieren testu bat egokitzen du, zeinean Euskal Herrian jasaten zen errepresioa salatu egiten da, kalean ateratako argazki eta eszenatoki batean egindako aktuazio koreografikoak uztartuz.[4] Era berean, obra hau Mariví Bilbao aktoresaren lehenetariko lana izan zen. Gainera, film honen eta baita bere bigarren lanaren argazki zuzendaritza Javier Aguirresarobek eginikoa da, urte batzuen buruan euskal aditu sarituenetarikoa bihurtuko dena.[5] Laburmetraia Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta emanaldiaren ondoren polizia Loyarte atxilotzen saiatu zen, baina zinemaldiko zuzendariak atxiloketa saihestu zuen, argi utziz hurak poliziari interesatzen ez zitzaion eskandalu bat sortuko zuela. [6]


1981ean Ikuska 12 atala zuzendu zuen, zeinean Euskal Herriko lau emakumek haien egoerari buruz hitz egiten duten. Film labur dokumental honek 80ko hamarkadan emakumeak betetzen zuen espazio soziopolitikoa marrazten du, emakumearentzat ziren espazioetara gerturatuz: merkatuetara, haur-parkeetara, arrain-fabriketara eta gizonen pixalekuetara.[7] Hau bere azken lanetarikoa izan zen, izan ere, arrazoi politikoak zirela eta, 1980ko hamarkadan Jose Antonio Urbiola senarrarekin batera Venezuelara erbesteratu behar izan zen.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1978 Irrintzi (laburmetraia)
  • 1981 Ikuska 12 (Euskal Emakumeak)

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an Espainiako Zinematografiaren Kalitatezko Sari Berezia irabazi zuen Irrintzi laburmetraiarengatik[8]

Dokumentala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017an Irrintziaren oihartzunak dokumentala estreinatu zen, Iratxe Fresnedak zuzendua, zeinak Loyarteren lana berreskuratzen duen hura protagonista bezala harturik.[9]

Dokumentalaren sinopsiaren arabera "Mirentxu Loyartek sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du Irrintziaren Oihartzunak filmak. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagilearen memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzuna; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena"[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Morales, Susana Torrado. (2008). El cine vasco en la bibliografía cinematográfica (1968-2007). Universidad de Deusto ISBN 978-84-9830-797-9. (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  2. Roldán Larreta, Carlos. La producción cinematográfica en el País Vasco; desde Ama Lur (1968) hasta nuestros días. .
  3. Ferández, Joxean. (PDF) Euskal Zinema. .
  4. «IRRINTZI | Festival Internacional de Cine de Huesca | Huesca Internacional Film Fest» web.archive.org 2015-12-22 (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  5. «Javier Aguirresarobe; trayectoria de un creador de sombra y luz» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  6. (Gaztelaniaz) elcirculodelfotograma. (2016-09-23). «Una directora en el exilio cinematográfico – Irrintziaren oihartzunak» El círculo del fotograma (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  7. «Hiru begirada» www.azkunazentroa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  8. Mochales, Danele Sarriugarte. (2017-02-12). «"Ardoa eta makina-erreminta ekoizten dituzte ba Eusko Labelarekin, zinema zergatik ez?"» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).
  9. (Gaztelaniaz) «Iratxe Fresneda presenta hoy su documental sobre Mirentxu Loyarte, la primera directora vasca» durangon.com 2018-01-09 (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  10. www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-18).